Sarea euskaraz eraiki ahal izateko etorkizun oparoa dute enpresek

Ziurtagiriaren Elkarteak “Enpresa eta euskara, sareak sortzen” izeneko jardunaldia egin du gaur Gasteizen, EUSKALIT-ek eta INNOBASQUE-k elkarrekin antolatu duten Kalitate eta Bikaintasunaren Europar Astean

Lan munduan sareak nahiz teknologia berriak euskaraz erabil daitezkeela eta horrek enpresari onurak ere ekar diezazkiokeela argudiatu dute gaur Gasteizko BIBAT museoan “Enpresa eta euskara, sareak sortzen” izenburupean egin den jardunaldian. Bai Euskarari Ziurtagiriaren webgune berria (baieuskarari.org) aurkezteaz gain, partaideek euskara euren organizazioko informazio eta komunikazio teknologietan txertatzen ikasi ahal izan dute, eta ikaskuntza horretan aktiboki parte hartu dute gainera.

Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek ireki du jardunaldia Bai Euskarariren webgune berria eta jardunaldiak aurkeztuz. Jarraian Eneko Astigarragak hartu du hitza. Codesyntax enpresako gerentea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko zuzendaritzako kidea da bera. Euskara, enpresa eta sarearen inguruko informazio orokorra eman du: euskaraz lan egin ahal izateko zein erreminta dauden azaldu du; enpresaren kanpora nahiz barrura begirako jardunean erreminta horiek egoki erabiltzen dituzten zenbait adibide eman ditu; eta azkenik, adibide horiek estrapolatuz eta ondorioak atereaz euskara, lan-mundua eta sarea nola lot daitezkeen azaldu du. Ondoren, Jabi Asurmendiren txanda izan da. Bitarlan enpresako gerentea da, Berria egunkariaren Zibergela informatika atala eta blogaren idazlea, Informatika irakaslea Bigarren Hezkuntzan, eta Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteko zuzendaritzako kidea da. Euskaraz lan egin nahi duten enpresen arteko elkarlanaz eta sare-lanaz mintzatu da eta Facebook-en Ziurtagiriaren Elkarteak eta Bitarlan enpresak sortu berri duten Enpresarean taldea aurkeztu du. Azkenik, Funky Projects enpresak dinamika parte-hartzailea eraman du aurrera “dibertsioa eta euskara lan munduan” gaitzat hartuta.

Funky Projects parte hartze tailerra egitenPartaide guztiak bat etorri dira sarea eta lan mundua euskaraz uztartzen dituzten erabiltzaile banako nahiz kolektiboek etorkizuna badutela esatean. Enpresa munduan sareak eta teknologia berriak euskaraz erabil daitezkeela azaldu du Gutiérrezek: “Euskara enpresa munduan erabiltzea posible dela erakutsi nahi dugu, esperientzia arrakastatsuak egon badaudela erakusten duten adibideak emanaz, eta, era berean, enpresa munduan sareak eta teknologia berriak euskaraz erabiltzea posible dela”. Bai Euskarari Ziurtagiriaren webgune berritua ere estrategia horren barnean ulertu behar da: “Sare sozialekin uztartu dugu webgunea. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen eta enpresen arteko elkarreragina bultzatu nahi dugu, nola Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateekin, hala etorkizunean eskuratu nahi dutenekin edota soilean euskaraz lan egiten duten enpresekin”. Izan ere, Gutiérrezek argi du etxean, familian eta lagunartean, kalean eta eskolan, lantokian, harreman komertzialetan, administrazioan… Horietan guztietan bere zeregina betetzen du normalizatuta dagoen hizkuntzak; euskarak ere, biziraungo badu, eremu horietan guztietan erabilera normalizatua ezinbestekoa du. Gaur egun, hala ere, egoera horretatik urrun gaude.

Pertsonari euskaraz bizitzeko aukera errealak eskaini behar zaizkio. Hori hala, sarea euskararen erabilerarako eremu bat gehiago besterik ez da, baina gaur egungo gizartean eremu hori benetan da estrategikoa. David Crystal hizkuntzalari galesak nabarmendu zuen bezala, arriskuan dagoen hizkuntzak aurrera egingo du, besteak beste, baldin eta hiztunak teknologia berrietan iaioak badira.

Merkatu lokaletan, hizkuntza lokala

Sarea eta enpresak alde batera utziz, Astigarragaren esanetan, euskararen erabileran bi faktorek eragiten dute: berriemaile bakoitzaren hizkuntza-gaitasunak eta testuinguru soziolinguistikoak. Bi aldagai horien konbinaketatik erabilera-eredu ezberdinak lortzen dira: “Baina Internetek testuinguru geografikoak ezartzen dituen mugak gainditzeko aukera ematen du, testuinguru birtual berri bat sortuz”. Ondorioz, Astigarragak gehitu du mundu birtualean euskarak bestela ez dituen aukerak dituela, besteak beste, badaudelako euskara sarean soilik erabiltzen duten norbanakoak edota taldeak.

Sareak, oro har, modan daudelako, komunikazioa errazten dutelako eta informazioa trukatu nahiz informazioa sortzeko aukera ematen dutelako erabiltzen direla azaldu du Astigarragak. Enpresek ere antzeko arrazoiak izaten dituzte sare-sozialak erabiltzerakoan: komunikazioa errazten dutelako bezeroekin, barne komunikazioa errazten dutelako, informazioa trukatu eta informazioa sortzeko aukera ematen dutelako, eta marketing tresna direlako.

Zentzu horretan, enpresaren sareko estrategia diseinatzeko hainbat urrats jarraitu behar direla esplikatu du Astigarragak: 1. Sarean nola gauden aztertu; 2. Sarean nola nahi dugun egon definitu; 3. Kultura aldaketa txertatu enpresan; 4. Ekintza plana definitu; 5. Garatu, kudeatu eta hobetu: “Azken batean, merkatuak elkarrizketa dira. Gizakien arteko elkarrizketek “gizaki tankera” daukate. Gizakien ahotsak gidatzen ditu”.

Amaitzeko, laburpen gisa, hitzaldi osoaren ondorioak atera ditu Astigarragak: 1. Interneteko sare sozialen garaia hasi baino ez da egin; 2. Enpresentzat estrategikoa da Interneteko sare-sozialetan egotea; 3. Sareko elkarrizketetan parte hartzen dutenak pertsonak dira; 4. Merkatu lokaletan hizkuntza lokala erabiltzeak lehiakortasunerako abantaila dakarkie enpresei.

Euskaraz lan egin nahi dutenentzako taldea Facebook-en

Enpresarean Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen eta Bitarlan E.M-ren artean sortutako ekimena da eta horixe aurkeztu du Asurmendik: “Euskaraz lan egin nahi duten enpresentzako eta langileentzako Facebook-eko talde bat da Enpresarean”. Ekimenaren helburuak jakinarazi ditu hasteko: Euskaraz lan egin nahi duten enpresen artean eta langile euskaldunen artean elkarlana eta harremanak sustatzea, hornitzaile euskaldunak ezagutzea, bezero euskaldunak ezagutzea, enpresak eta langileak elkar ezagutzea, esperientziak elkartrukatzea, jakintza elkartrukatzea eta baliabideak partekatzea, proiektuan elkarlanean aurrera eramatea, indarrak batzea euskaraz ez dauden baliabideak euskara daitezen, administrazio publikoan kontratatzen diren lanetan eta abiarazten diren lehiaketetan euskara kontuan hartzea, langile euskaldunak aurkitzea, lana euskaraz aurkitzea, eta elkarrekin eskaintza edo hitzarmen hobeak lortzea.

Enpresak eta langileak elkartzen diren talde batean bata bestearen arteko konpetentzia sortzea ohikoa litzatekeela iruditu arren, Asurmendik konpetentzia kontzeptuaren ordez, koopetentzia erabiltzen du. Baliabideak, esperientziak, jakintza eta gastuak partekatzeari deitzen dio horrela: “Bakarrik garatu ezin daitezkeen proiektuekin aurrera egin ahal izatea. Indarrak batu, elkarrekin helburuak lortzeko”.

Enpresarean Ziurtagiriaren Elkarteak eta Bitarlanek jarri badute ere martxan, izan partaide guztiena dela esanaz amaitu du hitzaldia Asurmendik: “Beraz, guztion laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da. Beste sare sozialetara eta bestelako guneetara hedatu daiteke etorkizunean. Eta zergatik ez, elkarte fisiko bat eratu. Denborak esango du”.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin