Malerrekan Bai Euskarari Ziurtagiriak (Kristina Urrutia)
Amaitu berri dut
Malerrekako ziurtagiridunei egindako bisita erronda, eta oso inpresio positiboa jaso dut, borondatea eta lanerako gogoa dagoen bitartean aurrera egin litekeela erakutsi didatelako Malerrekako biztanleek.
Ibilbide hau joan den udan hasi zen, Nafarroako Malerreka eskualdeko 46 entitatek
Bai Euskarari Ziurtagiria jasoaz. Malerreka Nafarroa iparrean dago, 13 udalerri batzen ditu eta Doneztebe du herririk nagusiena. Leitzaldea, Baztan eta Bortzirien artean dago. Auzoko eskualdeetan egina zen Ziurtagirien lana. Malerrekan, bertako Euskara Batzordeari esker abiatu zen egitasmoa eta hilabete batzuetako lanaren ostean 46 saltoki, enpresa eta erakundek baietz esan zioten Ziurtagiriari.
Ia urte erdiren buruan jarraipena egin diegu denei ea zertan diren galdetuz: laguntzarik behar ote duten edo euskararen alde hartutako konpromisoak bete ote dituzten ... egindako bisita guztietan oso harrera ona egin didatela esan behar dut lehenik. Karpeta laranja-beltza eskuan nuela ikusita akordatu dira gehienak
Ziurtagirien Elkartearekin duten loturaz eta hartu zituzten helburuez. Eta egia esan behar badut ia gehienek helburuak betetzeke dituzte, baina oso jarrera ona eta positiboa erakutsi dute, laster beteko dituztela aginduz.
Beste kasu batzuetan lanak oso aurreratuta dituztela ziurtatu dezaket. Esandakoa bete dutela, alegia. Aldaketak asko poztu nau, alde ederra dagoelako “restaurante/navarra” edo “jatetxea/ nafarroa” ikustean.
Herriz herriko nire ibilbide honetan pausu txiki horiek zenbat bete nauten onartu behar dut, askotan akuilu bat besterik ez dutela behar ikusi dut, eta akuilu hori gu izan garela esatera ausartuko nintzateke. Euskararen aldeko urratsak emateko prest daudela adierazi digute malerrekarrek, borondatea eta ohiturak aldatzeko nahia badutela, eta ez da gutxi, nonbaitetik hasi behar dugu eta! Harro nago eskualdean egindako lanarekin eta proiektu honetan parte hartu izanagatik.
Eskerrik asko denei eta segi lanean, pausu txikiekin urrats handiak emanen ditugulako.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin