Norabide berean, elkarlana

Ziurtagiriaren zazpi urte hauetan egiaztatu ahal izan dugu indarrak batzeko premia, norabide berean bide egin eta irizpide argiak mantendu beharra.

Orain gutxi, Bai Euskarari Ziurtagiria indartu, hobetu eta zabaltzea helburu izango duen elkarte bat sortzeko asmoaren berri eman genuen, geure hizkuntza normalizatzeko estrategikoa den arlo sozio-ekonomikoa euskalduntzeko erronka sustatu eta partekatzeko xedearekin.

Azken urteotan, euskararentzat arrotz ziren arloetan aurrerapausoak ikusten ari gara. Hala ere, urrats horiek lan munduan euskararen erabilera areagotzeko neurri eraginkor eta adostuekin osatu behar dira. Lan mundua hizkuntza planifikazioaren ikuspegitik kontuan hartzeko arloa da, bestela, hezkuntzari eta esfortzu pertsonalari esker lortutako aurrerapausoak ez indartzeko arriskua baitago.

Bai Euskarari Ziurtagiria enpresek euskararekin duten konpromiso sendoa eta hizkuntza normalizazioaren alde lan egiteko duten asmoa erakusteko bidea da. Kontseiluak Ziurtagiria duten entitateak euskararen normalizazio prozesu bat garatzen ari direla egiaztatzen du eta, horrez gainera, entitateen lana aitortu eta jende aurrean kreditatzen duen bereizgarria eskaintzen die.

Orain arte 1.400 entitate baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiria lortu dutenak. Esparru sozio-ekonomiko guztietako entitate hauek -finantza-entitateak, enpresa industrialak, komertzioak, denda kateak, kirol taldeak, elkargo profesionalak, ikastetxeak, e.a.- erantzukizun soziala duten erakundeak dira, kokatuta dauden inguru sozial eta ekonomikoarekiko ardura dutenak. Faktore hau hizkuntza normalizazioan kontuan hartu beharrekoa da, ardura soziala izateak berekin baitakar hizkuntzarekiko ardura izatea ere.

Iazko urrian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lan munduan euskararen erabileraren inguruko kalitate zigilu bat definitzeko eta sortzeko asmoa iragarri zuen. Dirudienez, Bai Euskarari Ziurtagiriak egin ditzakeen ekarpenak kontuan hartu barik zehaztu nahi den zigilua da, Sailburuordetza ez baita arduratu orain arte egin den lana ezagutzeaz. Erabat kezkagarria.

Urte hauetan eskarmentu nabarmena metatu dugu, Bai Euskarari Ziurtagiria egitasmo dinamikoa eta parte hartzean oinarritua izan baita hasieratik, herri honetako erakunde erreferentzialen lankidetza eta ekarpena bilatuz, horren bidez aberastuz eta garatuz. Hau guztia dela eta elkarte baten sorrera iragarri genuen, aurrera egiteko garaia baita eta Ziurtagiriaren proiektua buru izaten laguntzeko eta gizartearen aurrean erreferentzialtasuna emango dion egitura askotariko, irmo eta egonkorrez hornitzeko ordua baita. Horretarako, eta egitasmo garrantzitsu honetan entitate gehiagoren lankidetza bermatzeko, beharrezkoak diren urratsak ematen ari gara Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen bitartez. Elkarte honen helburuak Ziurtagiriaren edukien kudeaketa, garapena eta hedapena izango dira; gainera, Ziurtagiria duten entitateen jarraipen, ebaluazio eta promozio lanak egingo ditu eta oro har, gure hizkuntzaren normalizazioan positiboki eragingo du. Hau lortzeko, Kontseiluaren kide diren euskararen gizarte erakundeez gainera, Elkarteak bere garapenean aktiboki parte hartuko duten bazkideak izatea aurreikusi dugu: alde batetik, Ziurtagiria duten edo izango duten entitateak, eta bestetik, erakunde sindikalak, enpresa eta kooperatiba elkarteak, administrazioa, e.a.

Ziurtagiriaren zazpi urte hauetan erakunde sozialekin izandako harremanari esker egiaztatu ahal izan dugu indarrak batzeko premia, norabide berean bide egiteko eta arlo honetan lan egiten dugun eragileok irizpide argiak mantentzeko premia. Hots, eguna joan eta eguna etorri bide hau boluntarioki aukeratu duten entitateak ekonomikoki laguntzen dituztenek, hizkuntza planifikazioaren inguruko jakintza teknikoak aplikatzen dituztenek, esfortzu hori baloratu eta onar dezan gizartea sentsibilizatzen ahalegintzen direnek eta, era berean, entitate jakin batek normalizaziorantz daraman eboluzioa ziurtatzen dutenek, batera eta era koordinatuan, jomuga berberaren atzetik lan egiteko premia. Arlo konplexua da hau, euskarak sarrera errazik ez duena; ezin dugu, beraz, indarrak, jakintzak, denbora eta baliabideak alferrik galtzeko luxua onartu, norabide berean koordinatu eta zuzendu genitzakeen indarrak sakabanatuz.

Ziur nago, arlo sozio-ekonomikoan euskararen normalizazioa lortzea faktore estrategikoa dela, zeinetarako oinarrizkoa den euskararen normalizazioan parte hartzen duten eragile guztiak -sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, administrazioa, euskararen gizarte erakundeak- benetan inplikatzea, testigantza hutsezko ekintzetatik harago. Gainera, uste dut, proposatzen dugun Elkartea, elkarlan horretarako baliabide eraginkor eta egokia dela. Hau da ezarri ahal den formularik onena eta eraginkorrena eta administrazioak, buru izateaz gainera, entitateekiko eta hain egoki eta arrakastatsu garatzen ari diren egitasmoekiko konplizitatea, lankidetza eta inplikazioa bilatu behar ditu, gure ustez. Akats larriak lirateke Bai Euskarari Ziurtagiriarekin zazpi urtetan lortu den esperientzia aintzat ez izatea eta antzeko zigilu bat sortzea, mahai baten inguruan era zintzo eta jatorrean elkarlanerako formulak zehazteko eseri gabe, euskararentzat hain erabakigarria den arlo honetan eraginkortasunaren eta normalizazio maila altuagoaren onerako.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin