Zeintzuk dira praktika egokiak eta eredugarriak Bai Euskarari Elkartearen arabera? Zer egin beharko luke egoki jardun nahi duen entitateak? Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideei jarraiki, lau eremutan jaso dugu euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea.
Halaber, emandako jarraibideak hainbat adibiderekin hornitu dira.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek bermatu beharko dute kide guztiek beren lanpostua garatzeko behar duten hizkuntza gaitasuna izango dutela, ahoz zein idatziz.
Kontratazioak egiteko garaian, beraz, hizkuntzaren irizpidea aintzat hartzea gomendatzen dugu. Bestela, gaitasunik ez duten pertsona horiek formatu beharko dira.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen trebakuntza planetan euskara bermatuko da.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek lanerako eskainitako baliabideek (softwarea, prozedurak, dokumentazioa, etab.) euskaraz lan egiteko aukera bermatu beharko dute.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek bermatu beharko dute, kasu guztietan, bezeroak euskaraz artatuak izango direla, aurrez aurreko harremanetan zein telefono bidezkoetan.
Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen lehenengo hitza euskaraz izatea da egokiena eta gomendagarriena. Horrela, bezeroei euskaraz egiteko aukera erraztuko zaie.
Bezeroekin aritzen diren kideek, bere lanposturako behar duten hizkuntza gaitasuna izan beharko dute. Euskarazko zerbitzu egokia emateari begira, gutxienez honakoa bermatzea gomendatzen da:
1 edo 2 kide duten erakundeetan: denek.
3-7 kide bitartekoetan: kide batek nahikoa hizkuntza gaitasuna ez izatea onartuko da.
8-10 kide bitartekoetan: bi kidek nahikoa hizkuntza gaitasuna ez izatea onartuko da.
11 eta 50 kide bitartean: % 75 euskalduna.
51 kidetik gorakoetan: % 66 euskalduna.
Kasu guztietan, bezeroak euskaraz artatuak izatea bermatu behar da.
Euskal hiztuna bisualki identifikatuko da, ezagutzen dituen hizkuntzen berri emateko bereizgarriren bat erabiliz.
Kontuan hartzekoa da enpresa, saltoki eta era guztietako entitateetan aritzen diren eta bezeroekin aritzen diren kontratatutako zerbitzuetako pertsonek (aholkularitzek, abokatuek, segurtasun zaindariek, telemarketingekoek…) ere hizkuntza gaitasuna izan beharko dutela bezeroekin euskaraz arituko badira.
Entitateek ez dute zailtasunik izan beharko informazio berezitua edo-eta teknikoa euskaraz ere emateko, ahoz zein idatziz.
Zein elementu hartzen dugu kontuan?
Irudi korporatiboa (menbretea, logotipoa…); errotulu nagusia; errotuluak eta plakak (ordutegia eta antzekoak); armairu eta karpetetako etiketak; artxibo eta karpetetako etiketak; iragarki taulako edo ageriko idazkiak eta oharrak; “Ez erre” eta antzeko kartelak; informazio orriak; tarifak; merkealdiko eta eskaintza berezien kartelak; egutegiak; makinen errotulazioa (fitxatzekoa, janari-edariena); segurtasunezko errotuluak: itzalgailuak, larrialdietakoak…; aparkaleku, norabide eta trafiko seinaleak.; produktuen etiketak: erakundeak sortutakoak eta kanpotik jasotakoak; produktu eta zerbitzuen katalogoak (edo menuak…): erakundeak sortutakoak eta kanpotik jasotakoak; marka jakineko iragarki orokorrak: erakundeak sortutakoak eta kanpotik jasotakoak; etab.
Praktika egoki baten arabera, hizkuntza paisaian dauden kartel eta elementu guztiak euskaraz egongo dira.
Bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen direnean, euskarari lehentasunezko tratamendu formala emango zaio.
Subsidiarietatearen printzipioa aplikatuko da. Euskaraz adierazi daitekeen oro, ez luke egin behar hizkuntza globalago batek.
Produktuen etiketak, produktu eta zerbitzuen katalogoak eta marka jakineko iragarki orokorrak:
Erakundeak sortutakoak badira, euskaraz egon behar dute.
Kanpotik jasotakoak badira, eta euskaraz ez badaude, hornitzaileei euskaraz bidaltzeko eskaera egingo zaie.
Makinen errotulazioa eta segurtasun errotuluak ere euskaraz egongo dira. Hornitzaileek aukera hori bermatu behar dute; bestela, erakundeak berak jarriko ditu euskaraz.
Entitateak berak landutako produktuen etiketak eta marka txuriak.
Gomendagarria da etiketajean eta produktuak biltzeko euskarrietan ageri den informazioa euskaraz ere egotea.
Zein elementu hartzen dugu kontuan?
Idatzizko harremanetan: erakundearen zigilua; datatzailea; “Ordaindua” eta sarrera / irteera emateko zigilua; asebetetze inkesta; erreklamazio orriak; bezeroei emandako aurrekontuak; fakturak edo ordainagiriak; albaranak; kutxako tiketa; bisita txartela; poltsak, biltzeko papera…; karpetak; fax orria; gutunazalak; sarrera txartelak (ekitaldiak, partidak, museoak); loteria, zozketak; erakundearen argitalpenak; eskolak emateko erabilitako materiala; bisitarien identifikazio txartelak; bezeroei bidalitako gutunak, posta elektronikoak, bilera deiak; Inprimakiak: txantiloia (eskaera orriak, fitxak…) eta erakundeak bete beharreko atala; produktuen gida liburuak: erakundeak sortutakoak eta kanpotik jasotakoak; produktuen bermea: erakundeak sortutakoak eta kanpotik jasotakoak; etab
Ahozkoak: telefono harreran eta aurrez aurreko harreran hasierako hizkuntza; megafonia; erantzungailua; etab.
Publizitatea eta promozioa: webgunea: erakundeak sortutakoak eta kanpotik jasotakoak; sare sozialak; webgunearen eta posta elektronikoaren helbidea; extraneta; posta bidezko publizitatea eta promoziorako prestatutako euskarriak (diptikoak, mailing orriak…); promoziorako bideo, CD edota DVDak; feria edota azoketarako materiala; aurkezpen / hitzaldietarako materiala (diapositibak…); ibilgailuko errotulazioa; promozioetarako bestelako euskarriak (egutegiak, kamisetak, errifak); prentsa idatzirako, irratirako eta telebistarako iragarkiak; kaleetan jartzen diren panelak; etab.
Komunikabideetako iragarkiak euskaraz egongo dira; euskaraz gain, beste hizkuntza batean egotekotan, komunikabidearen arabera hizkuntza batean edo bestean jartzea onartuko da. Hala ere, kasu guztietan euskarazko bertsioa hobetsiko da.
Euskararen presentziak eta tratamendu formalak (letra tamaina, lodiera, kokapena...) beste hizkuntza batek izan dezakeenaren adinakoa izan behar dute bezeroarekiko harremanean erabiltzen den agiri edo elementu bakoitzean.
Zerbitzuen gidak eta katalogoak euskaraz egongo dira, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren pertsonei zuzendutakoak baitira.
Bezeroak aukera izango du euskarri horien euskara hutsezko zein bertsio elebiduna jasotzeko.
Bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen direnean, euskarari lehentasunezko tratamendu formala emango zaio.
Etxeetara egiten diren bidalketetan ere, euskarriak euskaraz egongo dira.
Produktuen eta zerbitzuen gida liburuak eta bermeak erakundeak berak sortutakoak badira, euskaraz egongo dira.
Merchandainsinga euskaraz egingo da: poltsak, sustapenerako euskarriak (papera, boligrafoak, jantziak, etab.), deskontu edo-eta fidelizazio txartelak, etab.
Egokiena da megafonia bidezko informazio guztiak (bezeroei eta erabiltzaileei zuzendutakoak zein lanean ari diren pertsonei bideratutakoak) gutxienez euskaraz izatea.
Musika hautatzeko irizpideetan, hizkuntza barneratuko da.
Webgune eta sare sozialetan, entitateen esku dauden edukiak euskaraz egongo dira.
Webguneak irisgarriak izango dira. Euskarazko bertsioak erraz aurkitzeko modukoak izango dira.
Euskararen presentziak eta tratamendu formalak (letra tamaina, lodiera, kokapena...) beste hizkuntza batek izan dezakeenaren adinakoa izan behar dute bezeroarekiko harremanean erabiltzen diren euskarrietan.
.EUS domeinua erabiliko da. Hainbat hizkuntzatan dauden webguneen kasuan, aukera egokia da euskarazko edukiak nabarmentzeko.
Sare sozialak (Facebook, Twitter, etab.): perfil korporatiboetan ezin da euskararen erabilera ahaztu. Hizkuntzen araberako perfilak sor daitezke edo, bestela, euskarazko mezuak lehenetsi daitezke.
Mugikorretarako aplikazioetan ere, euskararen erabilera barneratu behar da.
Salmenta-makinetan, parkingetako makinetan, kutxazainetan eta abarratan ageri diren testuak eta tiketak euskaraz egongo dira.
Taberna eta jatetxeetako menuak euskaraz egongo dira.
Bi hizkuntza edo gehiago erabiltzen direnean, euskarari lehentasunezko tratamendu formala emango zaio.
Bezeroei ematen zaizkien aurrekontuak, fakturak, ordainagiriak, kutxako tiketak, etab. euskaraz egongo dira.
Zein elementu hartzen dugu kontuan?
Lan hitzarmena; lan kontratuak, bazkidetzak; Nominak txantiloia eta erakundeak bete beharreko atala; finikitoa; barne araudia; barne oharrak (zirkularrak, jakinarazpenak, bilera deiak…); gai zerrenda; harrera plana; 10T; estatutuak; lan parteak; Kudeaketa Plana; Kalitatearen eskuliburua; lan arriskuen prebentzioaren plana; agenda; prozedurak; txostenak; balantzeak; aurrekontuak; dieta orriak; lan bilerak; aktak; etab.
Administrazioekin: ahozko harremanak; idatzizko harremanak; elkarlan hitzarmenak; dirulaguntza eskaerak; baimenak, lizentziak; TC 1; TC 2; BEZ aitorpena (300-390 dokumentuak); Sozietateen gaineko zerga (201); PFEZ (110-190); Udal tasak; etab.
Hornitzaileekin: txekeak: txantiloia eta erakundeak bete beharrekoa; diruzaintza azterketa; aseguru poliza; mediku azterketa; banku, gas, telefono eta argindarraren konpainien kontu-laburpenak; erakundetik kanpoko aplikazio informatikoen hizkuntza (Telebanka…) etab.
Baliabide informatikoak: sistema eragilea (Linux, Windows, Macintosh…); Ofimatika (Microsoft Office, Open Office…): posta elektronikoaren programa; interneteko nabigatzailea; fakturazio-programa; kontabilitate-programa; nominen programa; proiektuak kudeatzeko programa; intraneta (orri nagusia, edukiak); programetan erabiltzen diren testuak: kontabilitate mezuak, fitxategi izenak, etab.
Barne harremanetan erabiltzen diren elementu guztiek euskaraz egongo dira.
Lehentasuna emango zaie elementu hauei behintzat: lan hitzarmena (konbenioa); lan kontratuak, bazkidetzak…; nominak: txantiloia eta erakundeak bete beharreko atala; finikitoa; barne araudia; barne oharrak (zirkularrak, jakinarazpenak, bilera deiak…); bileretako gai zerrendak; harrera plana; txekeak.
Funtzionamenduan eragiten duten hornitzaileek edota azpikontratatutako ohiko zerbitzuek (aholkularitza, gestoria, abokatua, garbiketa, garraio enpresa, telemarketing zerbitzua...) euskaraz aritzeko gaitasuna izan beharko dute.
EAEn kokaturiko Administrazioekiko ahozko eta idatzizko harremanak euskara hutsez izango dira.
Aplikazio informatikoak euskarazko bertsioak izan beharko dira: merkatuan euskaraz dauden programa eta sistema eragile estandarrak; hizkuntza aldatzeko aukera ematen duten programak.
Erakundetik kanpoko aplikazio informatikoek euskaraz lan egiteko aukera bermatu behar dute.
Bezeroekiko harremanetan erabilitako aplikazio informatikoek, harremanak euskaraz izatea bermatu behar dute.
Testuak euskaraz idatziko dira, programak erdaraz egon arren.
Deskargatu kartela A3 tamainan inprimatzeko.
Maddi Iregi lankideak ematen dizue praktika egokien berri hurrengo bideoan: