Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gasteizko Udalak hitzarmena sinatu dugu alor sozio-ekonomikoan euskararen presentzian eragiteko.
Arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzen ari diren Gasteizko establezimenduen eta entitateen ahalegina aitortzea eta haiekin elkarlanean aritzea izango da gure lan nagusia, erreferente berriak sortuz, eta sare-lana bultzatuz.
Horretarako, Bai Euskarari Ziurtagiria eta Enpresarean proiektuak eta bere balioak garatuko eta komunikatuko dira, Gasteizko entitateen artean. Gainera, Gasteizko Udalaren euskara zerbitzuaren bitartez garatzen ari den merkataritza planarekin egoki koordinatuta egongo da.
Goikoaz gain, Ziurtagiriaren Elkartea lanean arituko da Gasteizko Udalak parte hartzen dituen ekitaldietan edo babesten dituen ekimenetan edo-eta hornitzaile dituen enpresetan, euskararen irizpidea ere aintzat hartu dadin. Horretarako, lan-mahaiak antolatuko ditu, hizkuntza-irizpideak aintzat har ditzaten laguntzeari begirakoak.
Udalarekin sinatutako hitzarmenak jasotzen duenez, Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udala antolatzaile/laguntzaile gisa agertzen den ekitaldietan euskararen presentzia areagotzeko betebeharra izango du. Besteak beste, hizkuntza paisaian, aurkezpenetan, prentsaurrekotan, eta abarretan euskararen presentzia indartzea bilatzen du hitzarmenak.
Gasteizen lan horiek guztiak bideratzeko, Ziurtagiriaren Elkartean teknikari berria hasi da lanean: Josebe Blanco. Ziurtagiriak Gasteizko Pedro Asua kalean duen bulegoan dago, 945 215196 telefono zenbakian edo-eta josebe@baieuskarari.org helbide elektronikoan.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin