Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eta José Antonio Mendive Barañaingo UPNko alkateak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten ostiral iluntzean Barañaingo udaletxeko erabilera askotariko aretoan. Aurtengoa zortzigarren edizioa izan da, eta lau Ziurtagiri berri banatu dira, aurrekoez gain.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak alor sozio-ekonomikoan euskararen sustapenean eragiteko helburuarekin lanean dabiltzan Barañaingo enpresa, saltoki eta bestelako entitateak saritu zituen ostiral iluntzean. Aurtengoa zortzigarren edizioa izan da, eta orotara 39 izan dira Ziurtagiria jaso duten enpresa, saltoki eta bestelako entitateak.
Horrek esan nahi du aurreko urteko Ziurtagiri kopurua igo egin dela, hain zuzen, lau Ziurtagiri berri banatu ziren ostiraleko ekitaldian: Etxartenea kafetegiak, Merlet S.L.k, Plazaberrik eta Iratxe Tanatorio Taldeka estreinakoz jaso zuten Ziurtagiria. Eta, Barañaingo Trikitilari Eskolak eta Harizti Barañaingo Dantza Taldeak, berriz, maila igoera izan dute; lehena, Bidean mailatik Zerbitzua euskaraz mailara pasa da; eta bigarrena, Zerbitzua euskaraz mailatik, Zerbitzua eta Lana euskaraz maila gorenera.
Gainontzean, mailaz maila, hauek dira banatu ziren Ziurtagiriak: Zerbitzua eta Euskaraz maila gorena, 3; Zerbitzua euskaraz maila ertaina, 4; eta Bidean hastapen maila, 32. Guztiek ere, 2015eko urtarrileko zitan egoteko borondatea berretsi zuten banaketa ekitaldian.
Jose Antonio Mendive Barañaingo alkateak Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu zituen eta Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua babesten nahiz bertan parte hartzen jarraituko duela ziurtatu zuen, “Barañaingo Udalak ulertzen duelako euskara babestu eta zaindu beharra dagoela, eta bere erabilera berreskuratu”.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak esker oneko hitzak izan zituen Barañaingo Udalarentzat, eta nola ez, Ziurtagiridunentzat. “Ziurtagiridunen lana eta instituzioen laguntza ezinbestekoa zaigu; bide-lagunak behar ditugu gure helburua, hots, arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea, betetzen jarraitzeko”.
Eta amaitzeko, urteetako elkarlana denbora luzez mantentzeko desira adierazi zuen. “Barañaingoa, gure egutegian hutsik egiten ez duen zita bihurtu zaigu jadanik. Aurrerantzean ere elkarlanean urrats biziak ematen jarraitzera animatzen zaituztet”.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin