Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak arlo soziekonomikoaren euskalduntzean eragitea du helburu eta Enpresarean-en bitartez urrats esanguratsuak egin ditu. Lansarean.org helburu horretan bidea egiteko tresna berria da. Lansarean.org-en, enpresek beren lan-eskaintzak jarri ahal izango dituzte; lan bila ari diren profesionalek, curriculum-ak igo eta lan-eskaintzetan izena eman ahal izango dute. Azken asteotan proba-fasean egon da eta 250 curriculum baino gehiago daude dagoeneko.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak orain dela aste gutxi batzuk jarri zuen martxan LANSAREAN. Dagoeneko proba-fasea gainditu dugu, eta gaurtik aurrera erabat operatibo egongo da, %100ean erabilgarri. Bilbon egin dugu goizean ekimenaren aurkezpena, Euskal Ekonomisten Elkargoaren egoitzan. Bertan eman dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eta Jabi Asurmendi Bitarlan informatika enpresako kideak.
Esan beharra dugu aurreneko fasea gaindituta oso gustura gaudela erabiltzaile kopuruarekin. Dagoeneko 250 erabiltzaile eta curriculum baino gehiago baititu eta tresnak oso harrera ona izan baitu, hautagai zein enpresen artean. Hautaketa prozesuren bat ere bertatik kudeatu da. Honen harira, aipatu nahiko nuke, enpresa eta erakundeekin ari garela harremanetan tresna berri hau eskaintzeko asmoz.
Baina, zer da LANSAREAN?
Lan-atari bat da, enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukera erraztuko duen lan-ataria:
LANSAREAN erreminta berriak Bai Euskarari eta Enpresarean proiektuak indartuko ditu, balio erantsi handiko zerbitzua gehituz eta euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta pertsonen arteko harremana sustatuz.
• Gero eta gehiago baitira euskara euren egunerokotasunean txertatzen ari diren enpresak, eta horiei begira, erraztasunak eta zerbitzu berriak eskaini nahi ditugu...
• Lansarean edo Enpresarean bezalako proiektuekin erakusten ari gara euskara-enpresa bikoa uztartzea bideragarria dela.
• Euskara ekonomia garapenarekin, lehiakortasunarekin edo berrikuntzarekin lotzen ari gara.
Lan munduaren egoera irauli eta eraldatuko badugu, denok jarri behar dugu gure hondar-alea [enpresek, lanean ari diren pertsonek, administrazioek...].
Guk, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko urrats biziak egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Enpresarean proiektuaren bitartez, enpresek negozio-aukerak handitzeko eta proiektu eta zerbitzu berriak sortzeko xedearekin lan egingo dugu, euskaratik eta euskaraz. Lansarean proiektuaren bidez, enpresa eta profesional euskaldunak harremanetan jarri nahi ditugu. Euskaraz lan egiteko aukera izan nahi dugulako. Proba-fasea gaindituta, datozen egunotan lan-‐deialdiren bat kudeatu behar baduzue, LANSAREAN erabiltzera animatu nahi zaituztegu. Oso erraza da. LANSAREANen sartu eta alta eman “Enpresa” edo “Hautagai” bezala; hori egin ostean, enpresa eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukera izango duzue. Probatu tresna berri hau eta lagundu, zuen ekarpenekin , etorkizunerako hobetzen.
Rober Gutiérrez eta Jabi Asurmendi aurkezpenean.
Zein plataformarekin egin da LANSAREAN?
Lansarean.org diseinu eta maketazio responsive batean garatu da, beraz bereizmen ezberdineko pantailetara moldatzen da: tablet, sakelako telefonoak, mahaigaineko ordenagailuak eta ordenagailu eramangarriak.
Lansarean.org garatzeko orduan, erabilerraztasuna eta erabiltzeko azkartasuna bilatu da.
Hau da, erabiltzaileek era erraz eta azkar batean erabil dezaten diseinatuta dago. Horretarako, AJAX bezalako teknologiak erabili dira interfazean.
Nola erabili behar da?
Sakelako telefono, tablet zein ordenagailu batetik webgunera sartu eta erabiltzaileak ikusiko duen lehenengoa bilatzaile azkarra da. Bertan, nahi duena bila dezake, adibidez: “sukaldaria” edo “Oñati”. Alboan, herrialdea zehazteko aukera ere agertzen da. Ondoren, bilaketa gehiago zehazteko aukera dago, era honetan, arloak, eskualdea, herria, lan mota, soldata tartea edo data hautatu daitezke.
Lehenetsita, plataforman dauden lan-‐eskaintza guztien zerrenda agertzen da alderantzizko orden kronologikoan eta bilaketa eginez gero, bilaketarekin bat datozen emaitzetara mugatzen da.
Lan eskaintzak epostaz jasotzeko aukera dago egun bakoitzeko eta erabiltzaileak zehaztutako irizpideen arabera, RSS-en bitartez ere harpidetzeko aukera dago RSS irakurle batekin eta baita Twitter zein Facebook profiletan ere.
Webgunean izena emateko bi atal bereizten dira, “enpresa naiz” eta “hautagaia naiz”. Lehenengo atalean enpresa bezala izena emanda, lan-eskaintzak eta lan-eskaintza bakoitzeko hautagaiak zein hautaketa prozesua kudea daitezke. Bigarren atalean, hautagaiaren datuak eta Curriculum Vitaea osatu daitezke eta hautagaiak izena eman duen lan eskaintza zerrenda kudea dezake.
Izena emateko prozesua errazteko asmoz, sare sozial ezberdinen bitartez egin daiteke: Facebook, Google +, Linkedin edo Twitter bezala.
Datuak
Gaur egun 250 Curriculum baino gehiago daude eta 20 enpresa inguru.
Enpresa kopurua nabarmen igotzea espero dugu, izan ere, hurrengo asteetan enpresarean.org webgunean integratuko dugu lansarean.org eta beraz, Enpresarean-en izena eman duten enpresek automatikoki izena eman ahal izango dute LANSAREAN-en.
Curriculum kopurua ere nabarmen handitzea espero da.
Tresna berriak zein ekarpen egiten dio euskal ekonomiari?
Gaur egun bizi garen egoera ekonomikoarekin, espero dugu tresna hau benetan baliogarria izatea euskarazko lan baten bila dabiltzan pertsonak eta profesional euskaldunak behar dituzten enpresak edo autonomoak uztartzeko.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin