Errenteriako Udalarekin lankidetzarako hitzarmena sinatu dugu

Lankidetza hitzarmenaren helburua da bi erakundeen indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo soziekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea. Hitzarmenari esker, Bai Euskarari Ziurtagiria lortzen duten entitateei bere kostuaren zati bat diruz lagunduko die Errenteriako Udalak. Sustapen kanpainan parte hartuko dute Errenteriako Udalak, Lau Haizetara Euskara Elkarteak eta Errenkoalde Merkatari Elkarteak.

 

 



Lankidetza hitzarmenean jasota dagoen bezala:
•    Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Errenteriako Udalaren eta herritarren zein merkatarien eta herriko enpresen esku jarriko du bere ezagutza eta egiteko modua.
•    Errenteriako alor sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzen lagunduko dugu. Batez ere, merkataritza eta ostalaritzaren sektorean.
•    Eta ez hori bakarrik. Lan horretan ari diren establezimenduen eta entitateen ahalegina aitortzeko aukera emango diegu; eta haiekin elkarlanean arituko gara, euren hizkuntza-egoeraren azterketa egiten eta urteko helburuak adosten, herrian erreferente berriak sortuz/ agerraraziz eta sare lana bultzatuz.

Tresna baliagarria
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Errenteriako Udalak sinatu dugun hitzarmena oso tresna baliagarria izango dela azpimarratu nahi dugu:
1.    Baliagarria Errenteriako alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko.
2.    Errenteriako establezimenduetan, bezeroei kontsumo-harremanak euskaraz izateko aukerak emateko.
3.    Herrian euskararen presentzia nabarmen handitzeko.

Egingo dugun lanaren ondorioz Errenterian Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratuko dutenak izango dira:
•    Euskararen erreferente eta ereduak.
•    Kalitatezko urrats bat ematen ari direnak.
•    Beren jardueretan ezinbesteko “Plusa” eransten ari direnak.
•    Pertsonekiko/ bezeroekiko/ gizartearekiko erantzukizuna betetzeko ekarpena egiten ari direnak.

Eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren irudia baliatuz, bezeroak eta gizartea oro har ezagutzen ari dira zein den bere ahalegina. Euskaran inbertitzeak onurak dakarzkio enpresari eta Bai Euskarariren bitartez saritu eta errekonozitu egiten dugu enpresek egiten duten lan ikaragarria.

Euskararentzako espazio berriak
Etorkizuna euskaraz dator. Eta zentzu horretan, hitzarmen honek euskarari espazio berriak ematen lagunduko diola ziur gaude.
Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du esparru honek gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.

Ahalegin honek balioko du euskara Errenteriako merkataritza/ostalaritzaren eremuan txertatzeko, sarea ehuntzeko eta gizartea bera euskalduntzeko. Geroz eta gehiago dira euren jardun profesionalean euskarari atea zabaldu diotenak: enpresetan, elkarteetan, saltokietan... Eta ohartu gabe, edo guztiz kontziente, establezimendu bakoitza euskararen normalizazioa sustatzen ari da. Bakoitza bere alorrean, eta bere inguruan.

Ziurtagiriaren Elkartean, etorkizunean alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten segitu nahi dugu eta, orain arteko datuak hobetu nahiko genituzke. Eta helburu horretan, Errenteriako Udalarekin sinatu dugun hitzarmena lagungarria izango zaigu, konbentzituta baikaude eskaintzen dugun lan-erreminta oso baliagarria dela, era errazean, urrats biziak ematen joateko alor sozioekonomikoaren euskalduntzean.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin