Martxan da Baieuskarari.eus, beste 91 aitzindarirekin batera

Larunbatean, ekainak 28, hasi eta abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, .EUS Domeinuaren Aitzindariak izango dira aktibatuak egongo diren .EUS domeinu-izen bakarrak. Horien artean dago Baieuskarari.eus ere. Ziurtagiriaren Elkartea proiektuaren bultzatzaile izan da hasieratik eta PuntuEus fundazioko kide da.

 

.EUS Domeinuaren Aitzindarien zerrenda, zerrenda oso anitza da, izaera, dimentsio eta jatorri ezberdineko entitateak biltzen dituelako. Zerrenda osoa duzue www.aitzindariak.eus webgunean.

PuntuEus Fundazioaren balorazioa

Beste ezeren aurretik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu .EUS Domeinuaren Aitzindari izateko erabakia hartu duten 92 entitateei.

PuntuEus Fundazioarentzat eta .EUS proiektuarentzat berebiziko garrantzia du Aitzindarien Programak. Batetik, duela bi hilabeteko aurkezpenean jartzen genituen bi helburuengatik: .EUS Domeinuaren sustapena eta bultzada ekonomikoa. Zentzu horretan, ekarpena modu finantzarioan edo espezietan egiteko aukera irekitzeak, bi helburuei ondo baino hobeto erantzuteko aukera irekiko digu. Modu horretan, .EUS Domeinuaren zabalpenerako kanalak eta euskarriak modu esponentzialean hazi zaizkigu eta, era berean, .EUS proiektuak orain datorkion bidearen hasiera duintasunez egiteko adina bultzada ekonomiko jaso du. Beraz, mila esker berriro, .EUS Domeinuaren Aitzindariei esker .EUS domeinuaren zabalkundea eta ibilbidea benetan oparoa izango dela aurreikusi dezakegulako.

Horiek ziren Aitzindarien Faseari jarri genizkion helburuak, baina bagenekien Aitzindarien Fasetik beste argazki bat ere atera ahal izango genuela. Bagenekien .EUS domeinua martxan jartzera bidean, komunitatearen partetik izango duen babesari nolabaiteko neurria hartzen lagunduko zigula. Eta zentzu horretan, 92 entitate hauen artean ematen den maila guztietako aniztasuna .EUS Domeinuaren izaera inklusiboaren isla zuzena dela uste dugu. Guk .EUS Domeinua proiektu inklusibo moduan definitzen dugu eta inklusiboa izango bada, badakigu aniztasun hori hasieratik bermatuko delako izango dela. Hortaz, gure ustez, Aitzindarien Fase honek .EUS Domeinuaren izaera inklusiboa bera ere indartzea lortu du. Argi utziz, bide batez, .EUS Domeinua komunitate oso baten domeinua dela. Beraz, PuntuEus Fundazio osoaren partetik, mila esker .EUS proiektuaren parte sentitzeagatik.

Hurrengo fasea: abiarazte-aldia

Bukatzeko, etorkizun hurbilari buruzko zenbait datu. Duela 2 hilabete esan genuen moduan, Aitzindarien Fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik.

Gaur esan dezakegu, abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko dela. Eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Eta esan bezala, era berean, egun berezi horretan .EUS Domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra hasiko da.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin