Gasteizko Udalarekin hitzarmena berritu dugu

0114fb99-72f4-46ed-a001-2efd3c8e0029.jpg

Gasteizko arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko, lankidetza-hitzarmena sinatu zuen iaz Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udalarekin eta aurten berritu egin da hitzarmen hori. Euskararen erabilera sustatzeaz gain, erreferente berriak sortu eta sare-lana bultzatuko da.

Hitzarmena, bereziki, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorera bideratuko dugu eta, zentzu horretan, nabarmentzekoa da Gasteizen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten saltoki, taberna, jatetxe eta abarrek laguntzak izango dituztela.

Sektore horiez gain, Ziurtagiriaren Elkarteak Gasteizko Udala antolatzaile/laguntzaile gisa agertzen den ekitaldietan euskararen presentzia areagotzeko lan egingo du, beti ere kontuan izanda udalari dagokiola aukera hori bermatuko dela ziurtatzea.

61 entitatek dute ziurtagiria Gasteizen

2014an Gasteizko Udalarekin egin zen hitzarmenari esker, dagoeneko 61 dira Bai Euskarari ziurtagiria duten entitateak. Batzuk aipatzearren: Agirre Lekue farmazia, D. Alavés, Baskonia, Denon Eskola, EGA Master, Egibide, Mendia optika, Hala Bedi irratia, Oreka IT, Parral taberna, Virgen Blanca jatetxea... [zerrenda osoa: http://baieuskarari.eus/eu/ziurtagiridunak]

Joan den urte bukaeran Gasteizko Udalak, Javier Maroto alkatea buru zela, harrera egin zien ziurtagiridunei diplomak banatu eta euskararen alde egindako lana aitortzeko. Ekitaldi hartan Oreka IT-ko Iraitz Pérez de Goldarazenak esan zuen moduan, 61 entitate “asko dira”, baina Gasteiz bezalako hiri batek “ziurtagiridun gehiago” izan beharko lituzke.

Aurten ere arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko lanean jarraituko dugu Gasteizen, Arabako hiriburuan euskarak merezi eta behar duen presentzia izan dezan.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin