Lankidetza-hitzarmena Azpeitiko Udalarekin, herriko arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko

azpeitia-hitzarmena.jpg

Azpeitiko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Azpeitiko udaletxean. Eneko Etxeberria alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko akordioa. Bertan izan da Patxi Saez Euskararen Patronatuko zuzendaria ere.

Azpeitiko Udalak azken urteotan aurrera eraman duen hizkuntza-politikak eta alor horretan egindako ekintzak bat datoz Ziurtagiriaren Elkartearen helburuekin. Hala, lankidetza-hitzarmen honek bi erakundeen indar eta ahaleginen sinergiak batuko ditu arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko.

Hiru urterako hitzarmena

2011 urtea ezkero diruz laguntzen du Azpeitiko Udalak Bai Euskarari Ziurtagiriaren egitasmoa, baina aurten lehen aldiz jaso da hitzarmen batean.

Hitzarmenean jasotzen denez, Udalak eta Euskara Patronatuak urtean 3.000 euro bideratuko dituzte udalerrian Ziurtagiria hedatzeko. Diru-laguntza horri esker, Ziurtagiriaren Elkarteak deskontu bat aplikatuko die urteko kuotan Ziurtagiria berritzen duten edo lehen aldiz eskuratzen duten entitateei. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.

Azpeitiko ebaluazioak udazkenean egingo ditu Ziurtagiriaren Elkarteak, urtero egin ohi duen bezala.

Lan eta bizi euskaraz egiteko

Bi aldeak pozik agertu dira hitzarmena sinatu berritan. Etxeberria alkateak azpimarratu duenez, "5.000 biztanletik gorako udalerrien artean Azpeitia da herri euskaldunena" eta gaineratu du, "zentzu horretan, Udalarentzat estrategikoa da arlo sozioekonomikoan eragiteko egitasmoak babestea eta estrategia horretan txertatzen da Bai Euskarari egitasmoa".

Patxi Saez Euskararen Patronatuko zuzendariak nabarmendu duenez, "kontutan izanda egunero lan munduan pasatzen dugun ordu kopuru handia, lan mundua euskalduntzea estrategikoa da euskararen normalizaziorako". Saezek gehitu du: "Ildo horretatik, azpimarratu behar da arlo sozioekonomikoa euskalduntzearen garrantzia. Herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak ematea/areagotzea da azken helburua".

Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak eskerrak eman dizkio Udalari 2011tik egitasmoa laguntzeagatik. Era berean, Gutiérrezek zoriondu ditu une honetan Bai Euskarari Ziurtagiria duten Azpeitiko 29 entitateak, "eredugarriak direlako", haren esanetan.

Gutiérrezek gaineratu duenez, "elkarlana beharrezkoa da emaitzak positiboak izango badira. Zentzu horretan, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea ahalegintzen da lekuan lekuko administrazio, euskalgintza, merkatari elkarte eta bestelako eragileekin".

Gutiérrezek gogoratu du Ziurtagiria Euskal Herri osoko tresna dela eta, amaitzeko, Ziurtagiriarekin batera elkartea lantzen ari den beste proiektuak aipatu ditu (Enpresarean eta LanSarean)

Gutiérrezek gaineratu duenez, "Azpeitiko Udalarekin sinatu dugun hitzarmen honek bi erakundeen arteko indar eta ahaleginen sinergiak batu eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzen jarraitzea ahalbideratuko du".

Ziurtagiria eskuratzeko bost arrazoi

  1. Euskal Herriko alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko tresna baliagarria da.

  2. Bezeroei begira, entitateak bereiztea eta zerbitzuak eta produktuak bere hizkuntzan jasotzea erakargarriagoa da.

  3. Lehiakideengandik nabarmentzen eta merkatu kuota irabazten laguntzen du.

  4. Ziurtagiriak euskararekiko konpromisoa adierazten du, taldearen kohesioan eta motibazioan eraginez; horri esker ere lortzen da arrakasta.

  5. Urratsak egiten ari diren Euskal Herri osoko entitateak identifikatu eta saritzen ditu.

29 ziurtagiridun Azpeitian

Gaur egun 29 entitatek dute Ziurtagiria Azpeitian: zazpi entitatek ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ maila dute; 16k ‘Zerbitzua euskaraz’ maila; eta beste seik ‘Euskararen bidean’ maila.

Hemen duzue zerrenda osoa:

  1. Abelur Koop. Elk. / Zerbitzua eta lana euskaraz

  2. Agirre Oparidenda  / Zerbitzua eta lana euskaraz

  3. Alberdi Farmazia  / Euskararen bidean

  4. Ametsa Kafetegia  / Zerbitzua euskaraz

  5. ANTZIBAR S.A.U.  / Zerbitzua euskaraz

  6. Arrospide Oinetakoak - Azpeitia  / Zerbitzua euskaraz

  7. Bankoa S.A. - Azpeitia  / Zerbitzua euskaraz

  8. Biur arropa-denda  / Euskararen bidean

  9. Edurne Oinetakoak  / Zerbitzua euskaraz

  10. ELA Sindikatua - Urola Kosta  / Zerbitzua eta lana euskaraz

  11. Electricidad Electrónica Esnaola S.L  / Euskararen bidean

  12. EREGI, Euskara eta Komunikazioa  / Zerbitzua eta lana euskaraz

  13. Funeraria Carmona Ehorzketak SL  / Euskararen bidean

  14. Garai ileapaindegia  / Zerbitzua euskaraz

  15. Giabeko E.M.  / Zerbitzua euskaraz

  16. GIFE - Gipuzkoako Frisoi Elkartea  / Zerbitzua eta lana euskaraz

  17. GOE - Gipuzkoako Oilozainen Elkartea  / Zerbitzua euskaraz

  18. HEBE - Herri Behi Elkartea  / Zerbitzua eta lana euskaraz

  19. Ilargi Mertzeria  / Zerbitzua euskaraz

  20. J.B. Sansebastian Harategia  / Zerbitzua euskaraz

  21. Juan Martin Intxausti Harategia  / Zerbitzua euskaraz

  22. Kiruri Jatetxea  / Zerbitzua euskaraz

  23. Lagun Onak Mendi Bazkuna  / Zerbitzua euskaraz

  24. Loiola Sukaldeak  / Euskararen bidean

  25. Luba Aholkularitza  / Zerbitzua euskaraz

  26. Ongi-Etorri Jatetxea  / Zerbitzua euskaraz

  27. Orbegozo autoak  / Euskararen bidean

  28. Otamendi Erloju eta Bitxi Denda  / Zerbitzua euskaraz

  29. Uztarria Kultur Koordinadora  / Zerbitzua eta lana euskaraz

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin