Gaizka Garitano, Euskal Herria Esnea eta Nekatur sarituko ditu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak

saridunak2015.jpg
(Gaizka Garitanoren argazkiaren egilea: Dani Blanco, Argia)

Bai Euskarari Sarien banaketa ekitaldia egingo dugu ekainaren 26an, Donostiako San Telmo Museoan, 14:00etan. Urtero bezala, hiru sari emango dira: Bai Euskarari Laguna saria Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak jasoko du; eta Euskal Herria Esnea eta Nekatur izango dira aurtengo ziurtagiridun sarituak.

15 urte egin ditu aurten Bai Euskarari Ziurtagiriak. Urte hauetan Bai Euskararik egindako lana eta eragindakoa aitortzeko eta aintzat hartzeko garaia da.

2015eko saridunak

Euskal Herria Esnea enpresa sarituko dugu tradizioa eta sustraiak garai berrietara egokitzen jakin baitu, eta euskara ikur ez ezik lan-tresna ere baduelako. Euskal Herria Esneak bere ezagutzatik negozioa bideratzen jakin du, eta erreferentziazko marka bilakatzeko bidean da, lehia handia dagoen sektore batean.

Nekatur, Euskadiko Nekazalturismo eta Landa-etxeen elkartea, sarituko dugu turismoaren arloan euskararen alde egin duen apustuagatik. Kalitate turistikoaren bermea ez ezik, euskararen bermea ere badu Nekaturrek eta, horregatik, azken urteotan egindako lana aitortu nahi dio Ziurtagiriaren Elkarteak.

Bai Euskarari Laguna saria Gaizka Garitano futbol entrenatzaileari emango diogu, azken urteotan, kemenez eta konbikzioz, erakutsitako lidergo-gaitasunagatik eta hain mediatikoa den futbolaren munduan euskaraz era koherentean jokatzeagatik. Agerraldi publikoetan euskara lehenesteko garaian sortzen diren zailtasunei aurre egiten jakin du eta eredu bat eskaini dio hiztun komunitateari.

Egindako lanaren aitortza

Aurten 15 urte egin ditu Bai Euskarari Ziurtagiriak eta urteurren borobil hori ospatu nahi dugu Bai Euskarari komunitatea osatzen duten guztiekin. Gaur egun 1.350 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate inguruk dute Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan, eta komunitate hori sendotzen eta handitzen jarraitu nahi dugu.

Bai Euskarari Ziurtagiria 2000 urtean sortu zenetik, handia izan da Bai Euskararik alor sozioekonomikoaren euskalduntzeari egindako ekarpena, ugariak eragindako aldaketak eta azpimarratzeko modukoak ziurtagiria duten entitateen urte hauetako urratsak eta lorpenak. 15 urte hauetan arlo sozioekonomikoan mugarri asko eskuratu ditugu, proiektu berriak abiatu ditugu (Enpresarean, Lansarean…) eta beste batzuk proiektuak martxan jartzeko eragin dugu.

Oraindik ere lanean segitu beharko dugu, baina egindako lanaren aitortza egitea komeni da. Bai Euskararik sortzen duen balioa aitortu eta aintzat hartu behar da.

Ekitaldia

Bai Euskarari Sariak banatzeko ekitaldia ekainaren 26an egingo dugu, Donostiako San Telmo Museoan. Sari-banaketa ekitaldia bazkalorduan egingo da eta elkarrekin hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko aukera izango dugu bertan. Aurkezlea Pilar Kaltzada izango da.

Saridunak, urtez urte

  • 2009: JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.

  • 2011: Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu.

  • 2012: Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).

  • 2013: VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay).

  • 2014: Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin