Gaizka Garitano: "Gustatuko litzaidake jende gehiagok egitea euskararen alde arlo publikotik"

gaizka-garitano.jpg

Gaizka Garitano futbol munduan ari da aspalditik, lehenengo jokalari moduan eta azken urteotan entrenatzaile gisa. Taldeak zuzentzeko duen trebetasun eta indar bera erakutsi du behin baino gehiagotan euskararen alde eta futbolak duen proiekzio mediatikoa baliatu du euskara ahoan hartuta eredu izateko. Horregatik jaso du aurten Bai Euskarari Laguna saria.

Lehenik eta behin, zorionak! Bai Euskarari Laguna saria jaso duzu. Zer da zuretzat sari hau jasotzea?

Oso garrantzitsua eta polita da. Futbol munduan jaso izan ditut beste sari batzuk, baina beharbada ilusio gehien egiten didana euskararen ingurukoa da. Pozik eta eskertuta nago sari honengatik.

Azken aldian zure izena ahoz aho ibili da euskara lehenetsi duzulako futbolean. Kirol, komunikabide eta herritarren artean eredu izan da zure jarrera eta uste, aurreiritzi eta ezarritako hizkuntza arauak auzitan jarri ditu. Nola bizi izan duzu olatu hori?

Ez da bilatutako zerbait izan; modu naturalean aritu izan naiz beti. Gure merkatua Espainiakoa da, Espainiako ligan jokatzen dugulako eta ez gara lotsatu behar euskaldun izateaz eta gure hizkuntzan hitz egiteaz. Azken urteotan horretan saiatu naiz: modu naturalean nire hizkuntza erabiltzen, bai komunikabideetan eta baita eguneroko jardunean ere. Almerian izandako prentsaurrekoak sute bat piztu zuen, baina ez zen pentsatutako gauza bat izan. Aurretik ere horrela ibili izan naiz beti: euskararen alde eta euskaraz bizitzen.

Konbikzio handia behar da jendaurrean, eta futbol arloan, euskara lehenesteko? Ze oztopo aurkitu dituzu?

Oztopoak egunero aurkitzen ditugu futbol munduan, bai Espainia aldetik eta baita hemengo klubetan ere. Nik uste dut gauza gehiago egin daitezkeela euskararen alde. Denok, gauden tokitik, horren alde egin behar dugu. Gure gurasoek eta aiton-amonek asko borrokatu zuten bere garaian gure hizkuntza aurrera ateratzeko eta guk, pertsonaia publikoak garen heinean, horren alde egin behar dugu.

Mundu profesionalean aintzat hartzen da euskara?

Euskal Herriko futbol-klubak eredu izan behar dira. Jende gaztea mugitzen da klubetatik eta futbol munduan eredu gara besteentzat. Euskararen egoera askoz hobea izan daiteke eta denok egin behar dugu ahalegina horretarako, klubek eta norbanakook.

Hizkuntzaren transmisioan erantzukizuna duzue pertsonai publikoek ere eta horren jabe zara egiten dituzun agerraldietan?

Erantzukizuna dugu gure seme-alabekin, auzokoekin... baina futbolean jende askok jarraitzen gaituenez hor agertzen garen euskaldunok busti egin behar garela eta aurrerapausoak eman behar ditugula uste dut. Ez naiz ni bakarra hori egiten dudana, baina gustatuko litzaidake jende gehiagok egitea euskararen alde arlo publikotik.

Futbolak, gainera, badu kontu guztiak handiago egiteko ahalmena.

Etxe askotara iristen gara eta horrek ematen digu aukera futbol mundutik gure hizkuntza zabaltzeko. Gure hizkuntza erabiltzeko aukera eta eskubidea dugu, bai hemen, Madrilen edo Almerian. Nire esparrua izan behar dut nire hizkuntza erabili ahal izateko. Horren kontra norbait agertzen bada, aurre egin behar zaio.

Futbolean ezkutu xamar zegoen orain hamarkada batzuk euskara, baina badoa pixkanaka indarra hartzen. Jagoba Arrasate eta Jose Luis Mendilibar ere saiatu izan dira euskararen aldeko hautua egiten.

Gure asmoa da futbolean euskara indartzea, baina sostengu bat izan behar dugu gure klubetatik, prentsatik… hori askotan ez da erraza izaten. Uste dut jokalariekin, zaletuekin eta komunikabideekin euskara erabiltzea errespetatu behar dela. Euskaldun sentitzen garenok harro egon behar dugu edozein tokitan; inork ezin digu eskubide hori kendu.

Futbolak gaur egun gizartean duen hegemoniarekin eta indarrarekin kritiko entzun izan zaitugu.

Futbolak duen hegemonia hori ez da ona eta ez dut ulertzen, nahiz eta futbol munduan egon aspalditik. Dena dela, futbolaren indar horrek ematen digu abantaila bat hizkuntzarekiko: euskaldunak garenoi publikoki euskaraz aritzeko eta hizkuntza zabaltzeko ahalmena, eskubidea eta indarra ematen digu. Plazan egin behar da euskaraz, baina plazan egiteko eredu batzuk behar dira: idazleak, aurkezleak, bertsolariak, entrenatzaileak, futbolariak, politikariak…

Dena dela, futbola pasioz bizi duzu.

Txikitatik daramat futbola buruan, lehen jokalari moduan eta orain entrenatzaile gisa. Denok dugu pasioren bat eta nire pasioa futbola da.

Gurera etorriz, Bai Euskarari Ziurtagiriak euskararen alde egiten duten entitateak identifikatu eta saritzen ditu, bezeroen aurrean bereiziz. Zein balio ematen diozu enpresa barruan euskara lehenesteari? Eta kontsumitzaile moduan?

Alde batetik garrantzitsua da enpresa barruan euskara sustatzea eta langileen artean giro euskalduna egotea. Bestetik, bezeroei kalitate hori ematea ere garrantzitsua da. Zerbait erostera zoazenean edo denda batera sartzen zarenean euskaraz eskatzeko eta komunikatzeko eskubidea izango duzula jakitea garrantzitsua da. Eskertzekoa da egiten den ahalegina.

Zer egin beharko genuke euskararen egoera alor sozioekonomikoan hobetzeko?

Asko dago hobetzeko. Bakoitzak dagoen tokitik egin behar du bere lana euskararen alde. Euskaraz dakienak egin eta ez dakienak ikasi beharko du hemen bizitzeko. Hori da logikoa.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin