Enpresa munduan elkar ezagutzeko eta enpresen artean elkarlanean gauzak egiteko joera areagotu dela azaldu du Rober Gutiérrezek Info7 irratiko Gureaz Blai saioan. Elkarlan horrek euskararen normalizazioan duen eragin positiboa nabarmendu du, eta Enpresarean proiektuak horretan lagundu nahi duenez, urriaren 22ko Enpresarean Foroaz hitz egin du.
Hemen entzun dezakezue iritzia osorik:
Enpresa munduan elkarlanerako joera igartzen ari da; elkar ezagutzeko eta haien arteko elkarlana sustatzeko saiakerak egiten ari dira. Hortik, mota askotariko ekimenak edo proiektuak sortu dira, enpresen arteko elkarlanaren eta lankidetzaren arrakasta kasuak, alegia. Izan ere, oso aberasgarria da elkar ezagutzea, beharrak identifikatzea, bakoitzak eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuak ezagutaraztea, eta esperientziak zein jakintzak partekatzea.
Askotan, ez da ezagutzen produktu edo zerbitzu zehatz bat euskaraz ematen duen enpresarik eta, zerbitzu edo produktu hori euskaraz jaso nahi izanez gero, euskaraz lan egiten ohituta ez dagoen enpresa batera jo ohi da… eta batzuetan, beranduago konturatzen gara badela zerbitzu edo produktu hori euskaraz eskaintzen duen enpresarik…
Hori guztia kontuan izanda, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, Enpresarean proiektuaren bidez, euskaraz lan egiten duten edo lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana eta elkarlana sustatu nahi ditu.
Ziurtagiriaren Elkartearen helburu nagusia da alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea, euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko dauden espazioak identifikatzea, babestea eta gehiagotara zabaltzea, espazio horietan euskarari lekua egitea funtsezkoa baita. Enpresarean proiektuarekin ere, zuzenean ari gara eragiten enpresaren eremuan euskararen presentzia gero eta handiagoa izan dadin.
Hor daude Enpresarean proiektuaren barruan orain arte egindako azokak, jardunaldiak, enpresa eta profesionalen topaketak edo-eta gaurkotze fasean dagoen Enpresarean.eus plataforma, enpresa eta profesional euskaldunen komunitatea batzen ari dena. Orain arte, askotariko ekimenen bidez, urtean behin behintzat, sare hori osatzen dutenei aurrez aurre berba egiteko aukera eman diegu.
Maiztasun hori handitu nahian, aurtengo uztailean beste ekimen bat abiatu genuen Enpresarean proiektuaren baitan: Enpresarean Foroa. Foro honen helburua da profesionalei enpresa eta ekonomia arloko formazioa eskaintzea, gaurkotasuneko gaien inguruko hitzaldien bidez. Enpresa eta profesionalen topaketa izateaz gain, zerbait ikasteko aukera ere eskaini nahi dugu.
Aurrera begira, Enpresarean Foroaren maiztasuna handitu eta eremu geografikoa zabaldu nahi dugu, Euskal Herri osoan egoteko
Uztailean David Sánchez Botek, MIKeko zuzendariak, egin zuen Enpresarean Foroko lehen hitzaldia Irungo Ficoban. Euskal Herriko enpresa txikiek kudeaketan dituzten erronken inguruan aritu zen Sánchez Bote. Nabarmendu zuen globalizazioaren garaian “produktu globalak baino, enpresa globalak behar” ditugula, eta horretarako “elkarlana” behar dugula. Izan ere, hemengo enpresa txikiak tamainan handitzea oso zaila da, baina elkarlanaren bidez proiektu handiak sor daitezke.
Enpresareanen ere sinesten dugu elkarlanean, eta gure aletxoa jarri nahi dugu euskaraz ari diren enpresen eta profesionalen arteko zubi-lana egiteko.
Enpresarean Foroaren hurrengo hitzordua Arrasaten izango dugu urriaren 22an. Joseba Barandiaran ekonomialariarekin solasaldia egingo dugu bertan. Nahi baduzue, bertan ikusiko dugu elkar, edo nahiago baduzue, Enpresarean.eus webgunean izena eman eta sarean parte hartzeko aukera duzue.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin