Hitzarmena berritu dugu Zarauzko Udalarekin, bertako enpresa eta komertzioetan euskararen erabilera sustatzeko

zarautz-sinadura1.jpg

Zarauzko Udalak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak lankidetza hitzarmena berritu dute gaur eguerdian Zarauzko udaletxean. Xabier Txurruka alkateak eta Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak sinatu dute arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko akordioa. 2005ean sinatu zen hitzarmena lehen aldiz.

Hitzarmenean jasotzen denez, Udalak 5.242,33  euro bideratuko ditu udalerrian Ziurtagiria hedatzeko. Ziurtagiriaren Elkarteak, berriz, honako konpromiso hauek hartu ditu:

  • Ebaluazioak egingo dituen teknikariari formazioa ematea.
  • Koordinazio eta jarraipen lanak egitea
  • Ziurtagiria duten entitateen fitxak aztertu, zuzendu, maila aldaketa kasuak aztertu eta teknikariari​l​aguntza ematea entitateen beharrak asetzeko. Ziurtagiria duten entitateei ebaluazio fitxa bidali eta jarraipena egitea.

36 ziurtagiridun

Gaur egun, 36 ziurtagiridun daude Zarautzen: 3k dute Zerbitzua eta Lana Euskaraz ziurtagiria; 22k Zerbitzua Euskaraz ziurtagiria; eta 11k Bidean ziurtagiria.

Rober Gutiérrezek ziurtagiridun guztien ahalegina eta konpromisoa aitortu du ekitaldian, eta eskerrak eman dizkio udalari bidelagun izateagatik urte hauetan. Gutiérrezek nabarmendu du euskarazko zerbitzua eskaini eta euskaraz lan egiteko inbertsio eta lan handia burutzen ari direla Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak, "barrura eta kanpora begira". Eta badela garaia hau dena "aintzat hartzeko eta behar bezala aitortzeko", esan du.

 

Gutiérrezek gaineratu du erabiltzaile eta kontsumitzaile garen heinean, administrazioei, enpresei eta norbanakooi dagokigula euren kudeaketan euskara aintzat hartzen duten eta Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresa, produktu eta zerbitzu horiek lehenestea: "Guztioi dagokigu plaza publikoaren espazio guztietan eragile aktibo izatea".

Zarautz herri euskalduna dela nabarmendu du Txurrukak: "Zarauztarron %70a euskaldunak gara, baian gero eta euskaldunagoa izatea nahiko genuke”. Euskararen normalkuntzaren alde lanean jarraituz gero, halaxe izango dela aurreikusten du. Izan ere, “gure gazteen artean %90a da euskalduna". Horretarako, euskara jakitea ez dela nahikoa adierazi du. Erabili beharra dagoela, alegia.

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak pisu handia du udalerriaren ekonomian, eta esparru horietan euskarak bere tokia izan behar duela azaldu du alkateak. "Bezeroengandik gertuago gaude euskaraz egiten badugu".

Ekitaldia amaitzeko familia argazkia egin dute bertaratu diren ziurtagiridunekin batera.

zarautz-sinadura3

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin