Liburu gomendioak, Elkarren eskutik

#BaiEuskarariGomendioa

elkar-liburu-gomendioa.jpg

Bai Euskarari Ziurtagiria duen Elkarren eskutik:

Opor hauetan edo beste edozein unetan irakurtzeko euskarazko hiru libururen gomendioa egin digu Elkarrek: Gaueko zaintzailea; Hauts haietatik; eta Txillardegiren borroka abertzalea.

Gaueko zaintzailea

  • Idazlea: Julen Belamuno
  • Bilduma: Literatura 340
  • Salneurria: 16,25 € epub-aren salneurria: 9,99 €
  • Orrialde kopurua: 168
  • Kaleratze data: 2016ko otsaila

Gizon adinean sartuxe bat, ez lagunik, ez familiarik, ez zaletasunik daukana, bere lanbidea besterik ez: gaueko zaintzailea da aluminio-fabrika batean, bere aita izan zen bezala, eta gauero eginkizun eta pauso berberak errepikatzen ditu zehaztasun maniatiko, ia milimetrikoz.

Segurtasun-sistema berriak ezarriko dituztela-eta, kalean geratuko da zaintzailea. Gaur du azken gaua, eta ohiko legean hasi du ibilbidea, lantegiaren txoko guztiak, bazter bakoitza ikuskatuz. Horrekin batera, baina, bere bizitzaren errepasoa egingo du, eta grisaren ñabarduren antzera deskubrituko dugu urteen monotonian ezkutaturiko misterioaren distira. Norbaitek esana da bizitzarik gatzbakoenak ere nahikoa joko ematen duela argumentu baterako, horretarako aski talentu izanez gero. Erronka horri eutsi eta garaile atera da Julen Belamuno, ohiturik gauzkan idazkera miresgarria koxka bat estuago landuz eta gogoan geratuko zaigun pertsonaia patetikoa marraztuz.

Hauts haietatik

  • Egilea: Unai Villena Camarero
  • Bilduma: Literatura 341 (Igartza Saria)
  • Salneurria: 22,00 € epub-aren salneurria: 13,90 €
  • Orrialde kopurua: 296
  • Kaleratze data: 2016ko otsaila

Bere lagun Anderren bizitza kontatu nahi digu Oierrek: gazte ausart eta bizizalea, lana, ikasketak, sexua, parrandak... dena ondo doakiona, harik eta zurrunbilo batean sartu eta geldialdirik gabeko gainbeheran jausi arte: drogen kontrola galtzea, agerpen psikotikoak, ospitaleratzea, desintoxikazio-zentroa, psikiatrikoa...

Adiskidetasun-istorio bat da hau, lagunak lagunari egindako maitasun-keinua; baita gaixo mentalei ezartzen zaien estigma sozialaren eta psikiatrikoen salaketa hunkigarria ere; eta, horrez gain, 80ko hamarkada hasieran jaiotako belaunaldiaren kronika: promesaz betetako haurtzaro oparoaren eta gaztaro hedonista baten ostean, maiz, etorkizun argirik gabeko helduaroa topatu duena.

Unai Villenaren lehen eleberria dugu Hauts haietatik, edertasun-minez eta intentsitatez idatzia, eta hartzailearengan ere antzeko zirrara eta irakur-mina piztu nahi lituzkeena.

 

Txillardegiren borroka abertzalea

  • Egilea: Pako Sudupe Elorza
  • Bilduma: Eztabaida 31
  • Salneurria: 25,00 € epub-aren salneurria: 15,99 €
  • Orrialde kopurua: 356
  • Kaleratze data: 2016ko martxoa

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia 1929-2012): ingeniari, piano-jotzaile, eleberrigile, hizkuntzalari, ekintzailea... XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herriaren norabidea sakonkien markatu duten pertsonetako bat: literaturaren berritzailea, Europako haizeen ekarlea, euskara batuaren bideratzailea, Ekin eta gero ETAren sortzaileetakoa... Nortasun alde askotako horretan, Txillardegi politikariari erreparatu dio Pako Sudupek, haren eginak eta batez ere idatziak xeheki aztertuz, ikuspegi bikoitz honetatik: batetik, hainbat gai giltzarriren inguruan hartutako jarrera erakutsiko digu: arraza, eliza, hizkuntza, klase-borroka, indarkeriak... Bestetik, kronologikoki egin zuen ibilbidea agertzen digu: Ekinetik ETAra, erakunde armatua uztea, ESB, HB, Aralar, ANV...

Borrokalari eta polemista nekagaitza izan zen Txillardegi, intelektual konprometitu eta ongi prestatua, bere ideien alde koherentziaz eta zintzotasunez jardun zuena beti, aberri aske eta euskaldunaren ametsa gauzaturik ikusi gabe baina helburuaren iparrorratza argi seinalaturik.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin