[Erreportajea] LanEus: lan mundua euskalduntzeko ildo estrategikoa

Ekintza sindikalaren baitan kokatu du euskararen normalizazioaren aldeko erronka LABek

laneus1web.jpg

Lan munduan euskararen aldeko urratsak eman dira urteotan, baina erdara da nagusi oraindik lantoki askotan. Euskara planak badituzte abian enpresa batzuk, baina “bide luzea dago oraindik egiteko”.  Halaxe esan zuten LAB sindikatuko ordezkariek LanEus egitasmoaren aurkezpenean.

Euskararen normalizazioaren aldeko apustua berretsi du LABek LanEus ildo estrategikoa eguneratzearekin batera. Urtebete iraun duen prozesu parte-hartzailearen emaitza da egitasmoa; alor anitzetako 200 kide baino gehiagorekin partekatu dute proposamena eta horien guztien aurrean aurkeztu zuten ildo estrategikoa joan den urtarrilean.

Hizkuntza eskubidea ere langileen eskubide

LanEus egitasmoak ekarri duen berritasuna da ekintza sindikalaren baitan kokatu duela euskararen normalizazioaren aldeko erronka. Lan eskubideen baitan kokatu ditu hizkuntza eskubideak eta sindikatuak dituen tresna guztiak erabiliko ditu lan mundua euskalduntzeko: mobilizazioak, negoziazioak, aliantzak...

LanEus ildo estrategikoaren ardatz nagusiak dira:

  • Euskararen normalizazioaren aldeko lana ekintza sindikalaren baitan kokatzeko determinazioa.

  • Lan munduaren euskalduntzea ikuspegi integralarekin ulertzea eta jorratu beharra, derrigorrezko hezkuntzatik hasita.

  • Langileei hizkuntza eskubideak aitortzea eta eskubide horiek lan eskubideen baitan txertatzea.

  • Lan mundua euskalduntzeko arautze prozesua gauzatzea.

  • Euskara inbertsio gisa ulertzea eta hala izateko urratsak ematea.

  • Euskararen arnasguneak babestea, baita lan munduan daudenak ere.

Ardatz horiek gauzatzeko hiru eragin-eremu nagusi definitu dituzte LanEus egitasmoan:

  1. Langileriaren baitan, ezinbesteko abiapuntutzat hartu dute langileek hizkuntza eskubideen kontzientzia hartzea.

  2. Herri estrategian, ezinbesteko jotzen dute Euskal Herria euskalduntzearen alde dauden indarren arteko (politiko, sozial, sindikal, instituzional) akordio zabala lortzea eta, horrekin batera, lan munduan euskara normaliza dadin akordio espezifikoa erdiestea bertan jarduten duten subjektuen artean (enpresariak, langileak, administrazioa, herritarrak).

  3. Alor sozialean hiru eremu zehaztu dituzte: euskararen presentzia eta normalizazioa naturaltasunez bermatzea eredu sozioekonomiko berriaren lanketan; euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzea Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan; eta lan mundua euskalduntzearen premia lan zentroetara ez mugatzea, eta eskualdeetako estrategietan txertatzea.

"Lan mundua euskaldundu behar bada, bertan subjektu garen guztion akordio bat izan beharko da"

Edurne Larrañaga. LABeko Euskara idazkaria

Zergatik LanEus ildo estrategikoa? Zein behar nabarmenduko zenituzke?

2000 urtean LABek bere burua euskalduntzeko erabaki irmoa hartu zuen eta SinEus jarri genuen martxan, barne euskalduntzea aurrera ateratzeko ildo estrategikoa. Horrekin batera kanpora begirako LanEus izeneko ildoa hasi ginen garatzen. Barne mailan indartsu egotea komeni da, kanpoko euskalduntzeari eragingo badugu. LanEus ildoa estrategia sindikalaren baitan egituratu dugu orain.

Azken urteetan dekretu, inposizio eta murrizketa desberdinen bitartez lan harremanak kaltetzen ari dira. Guretzat hain garrantzitsua den negoziazio kolektiboa ahul zegoen, eta negoziazio hori da euskararen kasuan babes legala eman ahal digun bakarra. Horrela bada, euskara ekintza sindikalean txertatu behar genuela ikusi genuen.

Bestalde, krisiaren ondorioz ereduen talka izugarria gertatzen ari zen, kapitalak bultzatzen zituen lan harremanak arrotzak zaizkigun erdaratik eraikiak direlako. Berreraiki nahi ditugun lan harreman horiek oinarrian euskara izan beharko lukete, euskararentzat eta euskaratik eraikiak.

Azkenik, gure lan lerroen artean bagenuen burujabetzaren aldeko iniziatiba ezberdinak hartzea. Estrategia hau kokatu genuen burujabetzaren aldeko ariketa praktiko moduan.

Parte-hartze prozesu baten emaitza izan da eta nabarmendu duzue ikuspegi integrala duela egitasmoak.

Urtebeteko iraupena izan zuen prozesuak eta 200 bat aditurekin elkartu ginen, euren ekarpenak jasotzeko. Metodo ezberdinak planteatu genituen: aurrez aurreko elkarrizketak, eztabaida taldeak, webgunean eskegi genuen eztabaidarako zirriborroa eta ekarpenak egitekoa... Parte-hartzailea, publikoa eta zabala izan zen prozesua.

Eztabaidaren emaitzetako bat izan da ikuspegi integrala txertatzea lan munduaren euskalduntzean. Lan munduan euskara ez dago normalizatua, baina horren jatorria da gure herrian euskara ez dagoela normalizatua. Eta horren harira modu integral batean landu behar dugula lan munduaren euskalduntzea. Hau da, lan munduan sartu aurretik norbanakoak egiten duen ibilbideak ere badu garrantzia. Oinarrizko irakaskuntzan ez dago normalizatua; hizkuntz-ereduen banaketarekin frogatuta dago ikasle guztiak ez direla euskalduntzen; hutsune hori goi-mailako irakaskuntzan areagotu egiten da, izan Lanbide Heziketan zein unibertsitatean, non hainbat ikasketa ezin baitira osoki euskaraz garatu. Lan munduan ere, etengabeko prestakuntza dago eta hori ere ez dago euskaraz bermatua.

Ze harrera izan du estrategiak?

Orokorrean harrera positiboa izan du; sindikatu guztiek zoriondu dute gure ausardia. Uste dut lan mundua euskalduntzeko estrategia definitua duen sindikatu bakarra garela. Norabidea zehaztu behar da, eta hori da Jaurlaritzatik edo Nafarroako Gobernutik bideratzen diren ekintzen hutsune nagusietako bat, lan mundua euskalduntzeko norabiderik gabeko politikak mahai-gaineratzen dituztela.

Gure gogoa eta nahia da beste sindikatuekin adostasunak lortzeko prozesu bat abiatzea. Ikasturte amaieran abiatuko dugu eta ea ze fruitu ematen duen. Euskalgintzako eragile ezberdinekin ere bide hori jorratu nahi dugu. Lan mundua euskaldundu behar bada, lan munduan subjektu garen guztion arteko akordio bat izan beharko da.

"Ezin da langileen bizkar gelditu euskararen normalizazioa"

Leire Txakartegi, ELAko Batzorde Eragileko Euskara arduraduna

Baduzue sindikatuan euskara normalizatzeko planik? Zein helburu du?

ELAn beti izan dugu euskara sustatzeko jarrera. 2004an urratsa eman eta normalizazioa era sistematiko eta planifikatuan lantzeari ekin genion. Diagnostiko bat egin genuen sindikatuan, euskararen oinarrizko arautegia adostu eta urteroko plangintzekin hasi ginen. Plangintzen helburua da ELAn euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatea. Barrura begirako plana da eta eragina du gure militanteengan eta enpresetan ditugun ordezkariengan.

Zein izan beharko litzateke sindikatuen eginbeharra lan munduaren euskalduntzeari begira?

Lehenik eta behin sentsibilizazio- eta motibazio- lana egitea langileekin. Langileak jabetu daitezen gai honetan hizkuntza eskubideak dituztela eta horiek betearazteko eskubidea dutela. Sindikatu bezala eskubideen aldeko eta lan duinaren aldeko lana egiten dugu zentroetan. Lortu behar dugu gure lan sindikalaren parte bezala euskararen aldeko lana egotea. Negoziazio kolektiboa tresna garrantzitsua da horretarako, enpresetan normalizaziorako neurri asko eskatu baitaitezke: ezagutza, kontratazio berrietarako irizpideak, trebakuntza... Erabilera mailan ere baliabideak eskatu eta exijitu daitezke: normalizazio neurriak alde batetik eta euskara planak bestetik.

Zein hutsune ikusten dizkiozue lan mundua euskalduntzeko egungo ereduari?

Estrategia bat behar da lan mundua euskalduntzeko. Ezin da langileen bizkar gelditu euskararen normalizazioa. Diagnostiko bat egin beharko litzateke, lehentasunak finkatu, baliabideak jarri. Neurri zehatzak proposatu, eta eragile bakoitzaren eginbeharra zein izan behar den finkatu.

Euskara zehar lerroa izan behar da administrazioan. Jaurlaritzan edo Nafarroako Gobernuan euskara ezin da izan Kultura sailetik bultzatzen den elementu bat. Lan sailean edo industria sailean, horietan ere txertatuta egon behar du euskararen normalizazioaren ildoak.

Administrazioa enplegatzailea ere bada eta erantzukizun zuzena du bere burua euskalduntzeko. Beharrezkoa da normalizazio plana martxan jartzea, baina normalizazio plan eraginkorra, zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko. Esparru publikoan langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatu egin behar da.

Ez dago estrategiarik, eta ez dugu hori bultzatzeko borondate politikorik ikusten.

"Administrazio publikoan beharrezko ikusten dugu euskara ikasteko denbora gehiago izatea"

Alfonso Rios, Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduraduna

Baduzue sindikatuan euskara normalizatzeko planik?

Lanean gutxienez zortzi ordu ematen ditugunez, positibotzat jotzen dugu lantokian euskararen erabilera bultzatzea. Jakin izan dugunean enpresaren batean bazegoela plan bat, hori bultzatzeko aukerari heldu diogu, sindikatuen artean negoziatu dugu euskararen normalizazioari begira.

Zein izan beharko litzateke sindikatuen eginbeharra lan munduaren euskalduntzeari begira?

Lan hitzarmena egoten da eta zenbait enpresatan, lan hitzarmenaz harago, euskara planak egin izan dira. Hori da garrantzitsuena. Negoziatzea, adibidez, enpresak denbora jartzea langileek euskara ikasteko.

Beharrezkoa da lan zentroetan euskara bultzatzea eta hor jarraituko dugu. Arazorik larriena da kontu hauek enpresa handietan egiten direla batez ere, eta txikietan batzuetan zaila izaten da. Saiatuko gara hor ere lan egiten eta konpromisoa bultzatzen.

Zein hutsune ikusten dizkiozue lan mundua euskalduntzeko egungo ereduari?

Gure ustez behar dena da langileen eta enpresarien konpromisoa euskara bultzatzeko eta normalizazioa lortzeko. Sindikatuok sentsibilizazio lana egin dezakegu, baina konpromisorik gabe, ez da ezer lortuko. Langileen artean edo afiliatuen artean sentsibilizazio lana egiten dugu, eta negoziatzeko prest egoten gara.

CCOOren ustez, enpresa pribatuetan zein administrazio publikoan, helburu nagusiena izan beharko litzateke edozein langilerekin edo bezerorekin euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiten jakitea.

Administrazio publikoan beharrezko ikusten dugu euskara ikasteko denbora gehiago izatea, baina lanorduen barruan. Administrazioak konpromiso hori hartu beharko luke.

“Euskarak gainerako hizkuntzek duten trataera berdina izan beharko luke, baita prestigioa ere”

Lorea Muguruza, Gipuzkoako EHNE sindikatuko kazetaria

Baduzue sindikatuan euskara normalizatzeko planik?

Gipuzkoako EHNE sindikatuan euskaraz bizi gara. Sindikatuko kideek euskaraz egiten dute, eta ez da ohikoa gazteleraz egiteko eskatzea.

Horrez gain, gure erronka bidaltzen dizkiguten dokumentuak euskara hutsean jasotzea da. Euskarazko eredurik ez dutenei euskaraz bidaltzeko eskatzen diegu, eta badakigu batzuk ereduak aldatu eta dokumentuak bi hizkuntzetan edo euskara hutsean sortzen ari direla.

Zein izan beharko litzateke sindikatuen eginbeharra lan munduaren euskalduntzeari begira?

Sindikatu gisa gure esku dagoena, aurrean dugunari euskaraz egin dezan eskatzea da, eta era berean, guk gure baitan izan ditzakegun hutsuneak gainditzen joatea, ezin baitzaio inori eskatu norberak egiten ez duenik. Euskarak gainerako hizkuntzek duten trataera berdina izan beharko luke, baita prestigioa ere.

Bestetik, EHNEk badu altxor berezi bat: gizartea industrializatu zenean baserri munduan erabili ohi diren eta naturarekin zerikusi zuzena duten hitz ugari erabiltzeari utzi zion jendeak, baina gurean oraindik ere erabiltzen dira. Hiztegi hori gizarteratu behar dugu.

Zein hutsune ikusten dizkiozue lan mundua euskalduntzeko egungo ereduari?

Denek ez dute ikusten hizkuntza edonorekin harremanetan jartzeko aukera eta abantaila gisa. Paradoxikoa da ingelesa hobestea, bertan dugun hizkuntzari garrantzia eman beharrean. Gizarteak erakutsi du euskara edozein eremutan erabiltzeko baliagarria dela, besteak bezain modernoa dela, eta exijitu behar dugu beste edozein hizkuntzak duen presentzia berdina izatea. Lan munduan kontzientzia hori eskatu behar dugu.

Sé miembro de la comunidad Bai Euskarari

Tú también puedes contribuir a reforzar nuestro proyecto siendo miembro de la comunidad Bai Euskarari: Bai Euskarari Laguna.

Bai Euskarari Elkartea está incidiendo en aumentar el uso del euskera en el mundo laboral, en toda Euskal Herria. Comenzamos nuestra andadura con el Certificado Bai Euskarari y estamos poniendo a vuestra disposición todos estos proyectos para trabajar de forma cómoda en euskera: el portal de trabajo Lansarean, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etc.

Nuestro proyecto es viable, sobre todo, gracias a la aportación de las entidades de la comunidad que cuentan con el certificado Bai Euskarari. Tú también puedes apoyar nuestro proyecto haciéndote miembro de la comunidad Bai Euskarari.

Además, la Bai Euskarari Elkartea ha recibido la declaración de mecenazgo preferente por parte de la Diputación Foral de Gipuzkoa, por lo que os aplicarán beneficios fiscales por la aportación realizada (deducción del 18% para las empresas y del 30% para los particulares).

HAZTE MIEMBRO DE LA COMUNIDAD BAI EUSKARARI


Hacer comentario