Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak urteroko Ekitaldi Nagusia egin du gaur, ostirala, Donostiako Basque Culinary Centerren, ziurtagiridunak eta elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariak bertan zirela. Aurtengo Bai Euskarari Sariak banatzeaz gain, elkarteak egindako Hausnarketa Estrategikoaren emaitza izan diren irudi eta webgune berria aurkeztu dituzte.
Bai Euskarari Sarien helburua da arlo sozioekonomikoan euskararen alde egiten duten ziurtagiridunen lana aitortzea. Aurten, Banaiz Bagara elkarteak eta Mendia Optikak jaso dute aitorpen hori.
Rober Gutiérrez elkarteko zuzendariak hartu lehenengo hitza, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko irudi berria eta webgune berria aurkezteko. 2013an egin zen Hausnarketa Estrategikoaren ondorio dira elkartearen irudi berria eta webgunea.
Gutiérrezek aipatu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak osagai ezinbestekoa izan nahi duela alor sozioekonomikoarentzat. Era berean, “entitateen arteko elkarlana sustatzen” ari direla esan du, “euskarak dituen eremuak babesteko eta eremu berriak bete ditzan”.
Elkartearen helburua “euskaraz lan eta bizi ahal izateko dauden espazioak identifikatzea, babestea eta gehiagotara zabaltzea” dela esan du Rober Gutiérrezek. Sarituei aipamena eginez, gaineratu du hiru protagonistek berebiziko ibilbidea egin dutela euren espazioak euskararekin betetzen, “eta horrexegatik sarituko ditugu”.
Banaiz Bagara elkarteak jaso du ziurtagiridunen artean banatzen den Bai Euskarari Sarietako bat.
Banaiz Bagara elkarteak lan munduari dagozkion egitasmoen bidez eta kultura, kirola eta hizkuntza transmisioen bidez euskararen eremuan herritarren elkar ezagutzea sustatu zein gizartearen barne kohesioa eta aukera berdintasunaren alde egiten du lan. Ziurtagiriaren Elkarteak lan hori guztia aitortu nahi izan die sari honekin.
Petra Elser izan da saria jaso duena. Haren hitzetan, lan munduan euskaraz eragitea da zailena eta aldi berean aitorpen gutxiena duena. Horregatik, Bai Euskarari Saria egindako esfortzu horren “errekonozimendu handia” dela esan du eta gaineratu du indarra ematen diela bide horretan segitzeko.
Banaiz Bagara elkartean euskara modu zabal batean ikusten dute eta enpresetan ere aniztasuna egon dadin lan egiten dute, Elserrek esan duenez, “askotan ez da kontuan hartzen ze aberatsa izan daitekeen enpresan aniztasuna”.
Mendia Optikak jaso du bigarren Bai Euskarari Saria. Mendia Optikan euskararen aldeko apustua egin izan dute beti, bai bezeroekin harremanean, baita kanpoko komunikazioan ere. Euskaraz aritu nahi duten negozioentzat erreferente izan dira eta hori aitortu nahi izan dio Ziurtagiriaren Elkarteak.
Mendia Optikako gaur egungo ugazaba Kepa Mendiak jaso du saria. Esker hitzak eman ondoren, aipatu du duela 35 urte hasi zela euskara sartzen lanean, “baina ez zen erabaki estrategikoa izan. Etxean euskaraz egiten genuen eta lanean ere euskaraz zergatik ez?”. Gaineratu du, urteak pasata ikusi dutela onura ekonomikoa ekartzen zuela euskarak: “Beste abantaila bat ematen zigun, ezberdintzen gintuen. Gaur egun esaten den bezala, balio erantsia ematen zigun”.
Euskal hiztunei dei egin die Mendiak: “Iruditzen zait euskal bezeroak ez dakiela euskararen indarra zein handia den. Hasiko bagina euskaraz erosten, zerbitzuak euskaraz eskatzen,… nola aldatuko litzatekeen egoera leku askotan”.
Anje Duhalderen kanta ezagun baten hitzekin amaitu du hitzaldia Mendiak: “Euskara gutxiago maitatu eta gehiago gozatu. Erabili eta erabilarazi”.
Kike Amonarrizek jaso du aurten Bai Euskarari Laguna Saria. Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da. Oso ezaguna da euskaldunon artean batez ere Euskal Telebistan jardun duelako aktore, gidoilari eta aurkezle lanetan saio ugaritan. Modu naturalean gizartean euskararen alde egindako lana saritu nahi izan dio Ziurtagiriaren Elkarteak.
Amonarrizek aitortu du sariak harridura sortu ziola eta gaineratu du askotan horrelako sariak jasotzen dituztela pantailan azaltzen direnek eta beti dagoela atzean taldea. Etxekoekin ere partekatu nahi izan du saria.
Amonarrizek esan du sari hau jasotzean poza eta emozioa sentitu dituela: “Lan horren atzean erabili dugun filosofia eta izpiritua saritzen dira; euskararen aldeko konpromisoa eta lana”, aipatu du.
Euskararentzat oso une onean gaudela aipatu du Amonarrizek: “Elkarbizitzarako unea da. Euskara denona da eta kolore ezberdinendako lekua dago”, esan du.
Euskararen alde gogoz eta indartsu ari den jende asko dagoela esan du Amonarrizek: “nahiz eta batzutan nekea eta frustrazioa sumatu, ilusioa, gogoa eta indar handia sumatzen dut euskararen alde. Aurrera egiten ari gara eta aurrera egingo dugu”.
Gizarteak eta instituzioak elkarlanean aritzeko unea dela azpimarratu du: “Hizkuntza politiken aldeko unea, lan munduan euskararen alde egiteko unea, euskararen aldeko motibazioa pizteko unea, euskarak eremu guztian behar duen babes politikoa emateko unea. Horretarako norabide berean jokatu behar dugu euskaltzale guztiok. Gehiago da batzen gaituena banatzen gaituena baino”.
Amonarrizek bukatu du hitzaldia “Euskaraz gustura, elkarrekin alai bizi nahi dugulako” esanez.
Ekitaldiko argazki gehiago dituzue hemen.
Rober Gutiérrezek egin ditu azken hitzak: “Tribuarentzat oso pozgarriak dira horrelako momentuak eta oso pozgarria izan da gaur zuekin egotea eta ikustea ziurtagiriak baduela izugarrizko etorkizuna. Bada garaia elkarlanean aritzeko eta sinergiak pilatzeko”.
"Lan eta bizi euskaraz"
Tú también puedes contribuir a reforzar nuestro proyecto siendo miembro de la comunidad Bai Euskarari: Bai Euskarari Laguna.
Bai Euskarari Elkartea está incidiendo en aumentar el uso del euskera en el mundo laboral, en toda Euskal Herria. Comenzamos nuestra andadura con el Certificado Bai Euskarari y estamos poniendo a vuestra disposición todos estos proyectos para trabajar de forma cómoda en euskera: el portal de trabajo Lansarean, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etc.
Nuestro proyecto es viable, sobre todo, gracias a la aportación de las entidades de la comunidad que cuentan con el certificado Bai Euskarari. Tú también puedes apoyar nuestro proyecto haciéndote miembro de la comunidad Bai Euskarari.
Además, la Bai Euskarari Elkartea ha recibido la declaración de mecenazgo preferente por parte de la Diputación Foral de Gipuzkoa, por lo que os aplicarán beneficios fiscales por la aportación realizada (deducción del 18% para las empresas y del 30% para los particulares).
Hacer comentario