(En la foto principal, Iban Sánchez, en el discurso de la ceremonia de los Premios Lazarraga 2020.)
Zorionak Lazarraga Sariarengatik! Nola jaso duzue saria?
Guretzat oso garrantzitsua izan da, egunero egiten dugun lanari errekonozimendua izan da. Inoiz ez dugu planteatu gure lanean gaztelaniaz bakarrik jardutea, dena euskaraz eta gaztelaniaz egiten dugu. Enpresako komertzial moduan, niri egokitu zait enpresa barruan lan hau. Konturatu naiz merezi duela eta aproposa dela horrela lan egitea.
Hego Euskal Herri guztian eskaintzen duzue zerbitzua. Zein da zuen zerbitzuaren filosofia?
Gure filosofia da igogailuen mantenua eskaintzea eta gardenak izaten saiatzea. Gure sektorea oso opakua da, betiko enpresak daude eta ia ez dago konpetentziarik. Bizilagun-komunitateek aukeratu ahal izatea eta konpetentzia sustatzen ari gara. Orain dela gutxi arte, adibidez, sektore honetan normala zen 10 urteko kontratuak egitea; gu urtebeteko kontratuak eskaintzen hasi ginen eta besteek ere kontratu luze horiek moztea lortu dugu. Nahi duguna da gure zerbitzuaren prezioak merkatuarekin bat etortzea, prezio normalak izatea. Guk, adibidez, prezioak KPI orokorraren arabera igotzen ditugu eta sektoreko gainerako enpresek sektorean bertan erabiltzen den KPIaren arabera. Ez zaigu egokia iruditzen jendeari soldatak KPI baten arabera igotzea eta gure zerbitzuari indize altuagoa jartzea.
Ordutegiari dagokionez 24 orduko zerbitzua eskaintzen dugu abisu guztientzat eta igogailua geldi ez uzteko saiakera egiten dugu.
Bezeroaren gogobetetzea bilatzen duzuela diozue. Enpresa gehienen asmoa izango da hori. Zein da zuen sekretua?
Enpresa guztiok saiatzen gara horretan, baina komertzial bezala bi aukera ditugu: esaten duguna bete edo bezeroei pentsaraztea benetan berak nahi duena lortzen ari dela, hala izan gabe. Etika pixka bat izan behar da eta bezeroari informazioa garbi eman behar zaio. Ez da etikoa negoziatzera ohituta ez dagoen pertsona heldu bat, adibidez, engainatzea. Horregatik, ez dugu sekula onartzen bezero bat guregana etortzea aurretik bizilagun-komunitateko bilera egin gabe. Gauza bat da dirua irabaztea eta beste bat da etikaren marratik pasatzea.
(Bertako Igogailuak enpresako lantaldea.)
Bezeroek zergatik aukeratzen dute Bertako Igogailuak?
Bertakok freskotasuna ekarri du sektorera. Orain arte ohikoa zen sektorean kontratu luzeak sinatzea eta gero bestelako informaziorik ez izatea. Komunitateetan askotan urtetik urtera gauza gutxi begiratzen dira eta enpresa asko horretaz aprobetxatzen dira. Bezeroek kontratuak irakur ditzatela lortu dugu eta irakurten dituztenean, konturatzen dira gehiegi ordaintzen aritu direla. Hala, lortu dugu konpetentziak ere prezioak jaistea.
Komunikazioan ere apustu handia egin duzue. Zer onura ekarri dizuete horrek?
Komunikazioaren bidez nahi izan dugu jendeak gu hobeto ezagutzea eta ikusaraztea mantenutik kanpora zer egiten dugun. Igogailuekin zerikusi gutxi du azken hilabeteotan egin dugunak. Gure sarreren % 4 edo % 5 banatu egiten dugu beste elkarte edo erakunde batzuen artean. Orain hiru ardatz ditugu: kirol egokitua, emakumezkoen kirola eta euskara. Hala, orain elkarte edo ekimen hauek babesten ditugu: Hondarribia Arraun Elkartea, Gaztedi Rugby Taldea, Javi Conde Atletismo Egokituko Taldea, Harrikada Curling Taldea eta Korrika. Guztiekin hiru urteko planteamendua egin dugu lasai egon daitezen ekonomikoki.
Kanpora begira bakarrik ez, barrura begira ere langileen ongizatea bilatzeko lan handia egin duzue. Zeintzuk dira langileen ongizaterako gakoak?
Langileen lan-karga ondo moldatzen dugu. Gure enpresak duen gauza on bat da bazkideak langileak ere badirela. Lanean oso onak diren teknikoek sortutako enpresa da eta lanaren nondik norakoak ondo ezagutzen dituzte jabeek. Enpresan dagoen jabe-langile erlazioa oso estua da.
Kooperatiba bezala hasi ginen, baina sektorean izan genituen zenbait presio direla medio, SL bihurtu ginen. Gaur egun sei bazkide ditu enpresak.
Nola doakizue pandemiaren urtea?
Oso ondo. Zorte handia izan dugu lanean normal jardun dugulako. Ezin gara kexatu, batez ere ikusita beste sektore batzuk nola dauden. Hasieran beldur handia zegoen langileen artean, baina joan gara neurriak hartzen eta egokitzen.
Hasiera-hasieratik euskara aintzat hartu duzue zuen estrategian, ez da ohikoa zuen sektorean. Zerk bultzatu zaituzte horretara?
Komertzialki pentsatzen hasi ginenean, oso argi genuen ezin genuela dena gaztelaniaz egin, enpresa gehienen moduan. Bezeroek informazioa bere hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute eta dena euskaraz eta gaztelaniaz eskaini behar zaiela erabaki genuen. Langile guztiek ez dakite euskaraz, baina asistentzia euskaraz nahi duenak jasoko du. Pausu guztietan zerbitzua euskaraz ematen saiatzen gara.
(Lexuri Ugarte, Iban Sánchez eta Rober Gutiérrez, 2020ko Lazarraga Sarietan.)
Zein gomendio egingo zenieke euskara txertatzen hasi nahi duten enpresei?
Gure sektorean badaude enpresa batzuk euskararekiko interes gutxi dutenak. Zerbitzua ematen ari bazara Debagoienean edo Gasteizen, adibidez, derrigorrez euskaraz eman behar duzu zerbitzua. Miranda de Ebroko eta Oñatiko etxeetako buzoietan ezin duzu publizitate berdina bota, ez da eraginkorra. Komertzialki ez duzu ezer lortuko. Euskaldunok eskatzen duguna da gutxienez euskaraz eta gaztelaniaz jasotzea informazioa. Enpresei esango nieke saia daitezela komertzialki euskara bultzatzen, errentagarritasuna lortzeko balioko baitie.
Aurrera begira, baduzue proiektu berririk?
Datozen hiru urteerako planteamendua egin dugu. Bezero gehiago izan nahi ditugu, baina ez gehiago izateagatik bakarrik, baizik eta lanpostu berriak sortzeko. Enpresan oso garantzitsua da zerbitzu hobea emateko langile gehiago izatea. Hala, zerbitzu hobea emateaz gain, lana errazago banatuko da eta gusturago egongo dira langileak. Gaur egun 1500 igogailu-kontratu ditugu eta, hiru urteren buruan, 2000ra iristea da helburua.
Tú también puedes contribuir a reforzar nuestro proyecto siendo miembro de la comunidad Bai Euskarari: Bai Euskarari Laguna.
Bai Euskarari Elkartea está incidiendo en aumentar el uso del euskera en el mundo laboral, en toda Euskal Herria. Comenzamos nuestra andadura con el Certificado Bai Euskarari y estamos poniendo a vuestra disposición todos estos proyectos para trabajar de forma cómoda en euskera: el portal de trabajo Lansarean, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etc.
Nuestro proyecto es viable, sobre todo, gracias a la aportación de las entidades de la comunidad que cuentan con el certificado Bai Euskarari. Tú también puedes apoyar nuestro proyecto haciéndote miembro de la comunidad Bai Euskarari.
Además, la Bai Euskarari Elkartea ha recibido la declaración de mecenazgo preferente por parte de la Diputación Foral de Gipuzkoa, por lo que os aplicarán beneficios fiscales por la aportación realizada (deducción del 18% para las empresas y del 30% para los particulares).
Hacer comentario