Zein da Bai Euskarari Elkartearen helburua?

Alor sozioekonomikoaren espazioak euskaraz betetzeko eragitea, komunitatea sustatuz eta tresna, baliabide zein proiektu berritzaileak eraikiz eta partekatuz.

Zer da Bai Euskarari ziurtagiria?

Alor sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatzen, aitortzen eta pausoak ematen laguntzen duen tresna da. Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen du beste egitasmo batzuekin batera (Lansarean / Enpresarean / …) alor sozioekonomikoan eragin eta euskararen erabilera areagotzeko.

Zer adierazten du Bai Euskarari ziurtagiria izateak?

Ziurtagiriaren irudiaren bitartez, bezeroek jakin dezakete enpresa, denda edo elkarte batean euskaraz hartuko dituzten, euskarazko zerbitzua emango dieten, euskaraz lan egiteko gaitasuna dagoen edo zerbitzuak euskaraz emateko bidean ari diren. Ziurtagiriaren 3 mailei esker entitate baten hizkuntza-egoera zein den jakin daiteke: Zerbitzua eta Lana Euskaraz, Zerbitzua Euskaraz edo Bidean.

Bezeroak euskaraz artatzen dituen entitate edo enpresa batek lehiakortasuna eta bezeroarenganako begirunea islatzen ditu, eta bezeroek hori zinez estimatzen dute. Bezeroak nahiago izaten du zerbitzu nahiz produktu bat eskuratzeko harremanak berezko hizkuntzan izatea.

Hortaz, kalitatea eskaini eta lehiakorra izan nahi duen entitateak, bezeroak lortu eta fidelizatu nahi dituen enpresak, bezeroaren behar linguistikoetara egokitu behar du.

Zergatik eskuratu Bai Euskarari ziurtagiria?

Euskara apustu estrategikoa eta berritzailea da edozein eratako entitaterentzat. Euskarak eta Bai Euskarari ziurtagiriak onurak ekartzen dizkie entitate guztiei:

  • Entitateari balio erantsia ematen dio
  • Entitateen lehiakortasuna areagotzen du
  • Eskariari profesionaltasunez erantzuten dio
  • Gertutasuna eta konfiantza transmititzen du
  • Barrura begirako motibazioa sustatzen, atxikimendua lortzen eta pertsonak asebetetzen ditu
  • Entitatearen erantzukizun soziala hauspotzen du
  • Entitatearen irudia hobetzen eta bezeroen aurrean sinesgarritasuna areagotzen du
  • Entitate edo enpresarekiko atxikimendua areagotu eta motibazioa indartzen da. Entitateak euskara txertatzeko ahalegina egiten duela sentitzen dutenean, asebeteago, parte-hartzaileago eta konprometituago sentitzen dira langile euskaldunak

Zein dira Bai Euskarari Ziurtagiriak emango dizkidan onurak eta abantailak?

  • Bisualizazioa; kontsumitzaile euskaldunak erakarri

  • Publizitatea; ziurtagiridunen mapa

  • Saretzea; komunitatea…

  • Puntuak administrazioen kontratazio esleipenenetan

  • Ibilbide progresiboa; Bidean > Zerbitzua Euskaraz > Zerbitzua eta Lana Euskaraz

  • Jarraipena eta aholkularitza/laguntza

  • Helburuak lortzeko informazioa eta baliabideak

  • Itzulpen txikiak

  • Bai Euskarari Elkartearen beste ekimenetan (EnpresareanLansarean…) lehentasunez parte hartzeko aukera

  • Buletina eta Bai Aldizkaria doan

  • Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu izana egiaztatzen duen diploma. Urtebeterako balio du.

  • Bai Euskarari ziurtagiriaren irudia formatu desberdinetan (jpg, png, pdf) eta pegatak, nahi adina euskarrietan erabiltzeko

  • Intraneterako pasahitzak

Zein iritzi dute Ziurtagiria duten entitateek?

Hauxe diote gure entitateek:

  • ABB-Niessen (Oiartzun): "Ziurtagiriak euskarari garrantzia ematen dio enpresa barruan eta ekintza-planean ditugun atal asko lantzen ditugu elkarteari esker."

  • Artis Kreativa (Gasteiz): "Balio erantsia ematen digu euskara erabiltzeak. Jendeak ez du espero. Lehenengo hitza euskaraz egiten dugu eta orduan hasten dira euskaraz egiten."

  • Bordatxo jatetxea (Deustu, Bilbo): "Bezeroek eskertzen dute zerbitzua euskaraz izatea, bai bertakoek baita kanpokoek ere. Atzerritarrek ere estimatzen dute euskara ikusi eta entzutea. Horretan jarraitzera animatzen gaitu bezeroen errekonozimenduak."

  • Enargia (Azkaine): "Ziurtagiriak erakusten du euskara erabiltzen dugula. Manera da jakinarazteko euskaldunei argindarra euskaraz galdetzen ahal dutela, beraz euskara biziarazteko eta jakinarazteko manera bat dela."

  • Fideslan (Donostia eta Ondarroa): "Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu genuen, lehenik eta behin, gure sektorean ere posible dela erakusteko; bestalde, Bai Euskararik euskara lan munduan txertatzeko duen esperientzia eta ezagutzaren abantailak gureganatzeko; eta, azkenik, zerbitzua euskaraz jaso nahi duten enpresentzako erakusleiho bat edukitzeko."

  • Innobasque (Zamudio): "Bai Euskararik Innobasqueren zerbitzu guztiak gure interes-taldeek eskatzen diguten hizkuntzan eskaintzeko helburura gerturatzen gaitu."

  • Laida Aguerretche-Colina psikologo-psikoterapeuta (Ziburu): "Iparraldean kontsulta pribatuan ari garen psikologo euskaldunak gutxi gara, are garrantzitsuagoa iruditzen zait euskaraz lan egiten dudala argi geratzea. Ziurtargiriak horretan laguntzea espero dut."

  • Martinez Rementeria farmazia (Gasteiz): "Euskararen erabilera oso garrantzitsua da. Bezero euskaldunek hurbiltasuna eta konfiantza nabaritzen dute euskaraz artatzen ditugunean."

  • Talleres Mitxelena (Hernani): "Kooperatibaren etengabeko hobekuntza estrategiaren barruan kokatzen dugu Bai Euskarari Ziurtagiria. Lehentasuna eman genion, barrura begira, etxe barruko hizkuntza normalizatzeko eta, kanpora begira, bezeroentzat garrantzitsua izango zela pentsatu genuelako."

Nola eskuratu dezaket Bai Euskarari ziurtagiria?

1. Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan jarri :

  • Non gaude?
  • Telefonoa: +34 943 59 21 48 | +33 06 03 49 43 65

  • e-posta: info@baieuskarari.eus
  • Autodiagnostikoa; zure entitate edo enpresaren hizkuntza-egoera zein den ezagutzen lagunduko dizun aplikazioa. Emaitza orientagarria izango da eta egoera zehatza jakin eta Bai Euskarari ziurtagiria eskuratzeko teknikari bat harremanetan jarriko da jarraipen-fitxa osorik betetzeko.

2. Hizkuntza egoeraren neurketa egin, Bai Euskarari Elkarteko teknikarien laguntzarekin

3. Emaitzak neurtu eta planifikazioa egin; arduradunak, helburuak, baliabideak, epeak, etab. zehaztu

Zeren arabera erabakitzen da entitate/enpresa bati dagokion maila?

Bai Euskarari ziurtagiria eskuratzeko irizpideak bi ardatzen arabera bilduko dira: 'zerbitzua euskaraz' eta 'lana euskaraz'.

Hauek dira neurtzen diren atalak:

1. Pertsonen hizkuntza gaitasuna

2. Erakundearen irudia

3. Kanpo komunikazioa

4. Barne komunikazioa eta lan-tresnak

5. Pertsonen kudeaketa

Bai Euskarari ziurtagiriaren 3 mailak aurretik ezarritako irizpideen arabera erabakitzen dira. Irizpideak publikoak dira eta ikusgai daude webgunean.

Zer egin behar da mailaz igotzeko?

Maila batetik bestera pasatzeko bakoitzari dagozkion irizpideak bete behar dira.

Pertsona batek izan dezake ziurtagiria?

Edozein pertsona juridikok du Ziurtagiria eskuratzeko aukera.

Zenbat ordaindu behar da Bai Euskarari ziurtagiria edukitzeko?

Hauek dira urteko kuotak:

  Oinarria Langile bakoitzeko
Ipar Euskal Herriko entitateentzat 69 EUR 14,80 EUR
Hego Euskal Herriko entitateentzat 91 EUR + BEZ 14,80 EUR + BEZ

*Prezio bereziak daude irabazi asmorik gabeko entitateentzat eta erakunde publikoentzat.

Izango al du nire entitate/enpresak ziurtagiria eskuratzeko diru-laguntzarik?

Zenbait udal eta mankomunitatek ziurtagiria eskuratzeko dirulaguntzak bideratzen dituzte. Adibidez, Gasteiz, Amurrio, Laudio, Gernika-Lumo, Zarautz, Azpeitia, Bortziriak, Malerreka, Barañain, etab.

Bai Euskarari Elkartea harremanetan dago administrazio desberdinekin zerrenda handitzeko.

Laguntza izango dut helburuak betetzeko?

Bai. Elkarteko teknikariek ibilbide bat proposatuko dizute eta adostutako helburuak betetzeko informazioa, ereduak eta baliabideak eskainiko dizkizute.

Zer egin behar da ziurtagiria berritzeko?

Ziurtagiriak urtebeterako balioa du eta urtez-urte berritu behar da. Garaia iristen denean, elkarteko teknikari bat jarriko da zurekin harremanetan bilera bat adosteko eta egoeraren errepasoa egiteko.

Non kontsultatu ditzaket nire ziurtagiriaren datuak eta egoera?

Saioa Hasi atalean sartuta jarraipen-fitxak, fakturak, diploma, ziurtagiriaren irudia, etab. deskargatu daitezke. Bertan sartzeko pasahitzak behar izanez gero, info@baieuskarari.eus helbidean eskatu daitezke. Entitatearen datuetan aldaketaren bat egiteko info@baieuskarari.eus idatzi edo +34 943 59 21 48 telefono zenbakira deitu behar da.


> Zer da Bai Euskarari Ziurtagiria?

> Ziurtagiria eskuratzeko irizpideak

> Ziurtagiri bereziak

> Ohiko galderak