Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía, Lazarraga Sarien irabazle
Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Arabako lau entitate eta pertsona bat saritu zituzten euren lan ingurunean euskara txertatzeko aurrera eramandako ekimenengatik, Gasteizko Bibat museoan egin zen Lazarraga Sarien bigarren banaketa-ekitaldian. Iciar Lamarain Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak banatu zituzten sariak.
Guztira 51 hautagai aurkeztu ziren bost kategoriatan Lazarraga Sarien bigarren ediziora, horien artetik 15 finalista iritsi ziren ekitaldira. Lazarraga Sarien bigarren edizioko irabazleek izenak: Abel Enbeita bertsolaria, Cuadrabus garraio enpresa, Gometegui bulego teknikoa, Assa Ikastola eta Villa Lucia ardandegia.
Abel Enbeita izan zen ekintza aipagarriren bat egiteagatik edo hizkuntza zerbitzuan aldaketa bat egiteagatik ematen den sariaren irabazle, Arabako bertsolaritzan eta hainbat neurritan kulturgintzan egindako lanarengatik. Berau izan zen Arabako lehenengo bertso eskolen sortzailea eta orduan ereindakoa fruituak ematen ari da. Bera da Arabako eskoletan bertsolaritza umeengana iristeko bidea ireki zuena ere. Abel Enbeitarekin batera sarirako izendapena jaso zuten Blanca Gómez de Segura zeramika-egileak eta Andoni Landa euskara irakasleak ere. Orain bi urte Kepa Mendiak jaso zuen sari hau.
Hizkuntza-paisaian euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den saria Cuadrabus garraio enpresarentzat izan zen. Enpresa hau euren hizkuntza paisaian euskara txertatzeko era integralean eragiten ari da, Cuadrabuseko instalazio guztietan elebitasuna bermatzea helburu hartuta. Autobusetako hizkuntza pasaia aldatzen ari da etengabe eta gidarien hizkuntza ere egokitzen ari dira haien lehen hitza euskaraz izan dadin. Horretarako, euskara klaseak hartzen dituzten lan orduetan. Cuadrabuseko instalazioetan (Amurrio eta Gasteizko bulegoak eta Laudio, Amurrio, Bergara eta Etxebarriko nabeak) errotulazioa elebiduna da. Cuadrabusekin batera sari hau irabazteko izendatuta zeuden Lekue Farmazia eta Arabako Txakolina ere.
Gometegui bulego teknikoarentzat izan zen barne-harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den Lazarraga Saria. Lehentasunez zein behar zituzten identifikatu ostean, fitxa teknikoak sortzea erabaki dute. Horien bidez industriako lan prozesuak euskaraz azaltzen dira modu grafikoan enpresako langileek uler eta erabil ditzaten. Hurrengo urratsa inguruko eskoletako ikasleei euren asmoaren berri ematea da, hala enpresara praktikak egitera joaten direnean, euskaraz lan egiteko modu horren berri izan dezaten. Sari hau irabazteko, Gometeguirekin batera izendatuta zeuden Cegasa eta Amurrioko autoeskola ere.
Euskara sustatzeko ekintza berezi eta eraginkorren bat garatu duen entitateari ematen zitzaion saria Assa Ikastolarentzat izan zen 1978 urtetik hona euskararen normalizazioaren aldeko lan garrantzitsua egiteagatik egunez egun. Eskualde osoan erreferente bihurtu da eta gizarte elebiduna lortzeko bidean bera da eragile nagusia. Ikastolako komunitate osoak- irakasle, guraso, ikasle eta ikasle ohiak- ere helburu berarekin dihardu. Assa Ikastolarekin batera sari hau jasotzeko izendatuta zeuden Geu Elkartea eta Artepan ere.
Azkenik, Villa Lucia ardandegiak irabazi zuen kanpo harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik ematen den saria. Kanpotik datorren turismoan indar handiz eragiten ari den enpresa da. Villa Luciara bisitariak doako bisita egin lezake azalpen guztiak euskaraz jaso eta irakurriz. Horrez gain, bisitaldian zehar eskura dezaketen material eta informazio guztia ere euskaraz daukate. Sari hau jasotzeko, Villa Luciaz gain, izendatuta zeuden Ibernalo eta Zadorra Etxea ere.
Lazarraga Sariketako epaimahaia ondoko hauek osatu zuten: Blanca Lacunza, Arabako Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria; Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiria Elkarteko zuzendaria; Karmele Jaio, arabar idazlea; Patxi Martínez de Marigorta, Gasteizko Udaleko Euskara zerbitzuburua; Maria Fernández de Romarategi, Merkataritza Ganbarako Merkataritza arduraduna; Beñat Mendiguren, Amurrio udaleko Euskara teknikaria eta Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua.
Irabazleek, Lazarraga arabar idazlearen eskuizkribuaren kopia eta haritzez egindako hilarri-eskultura bana jaso zuten eta gainontzeko hautatu finalistek euskararen normalizazioaren alde egiten duten lana jasotzen duen diploma, besteak beste.
Errekonozimenduaren gaua
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutiérrezek hasteko zorionak eman zizkien Lazarraga sariak eskuratu zituztenei, baina baita hamabost finalistei ere. Bere esanetan, hizkuntzaren normalizaziorako bidean, berebiziko garrantzia baitu lan munduan euskaraz normaltasun osoz aritzeak: “Benetako errekonozimendua merezi du zuen ahaleginak, eta gizarte osoaren aurrean ikustarazi behar da zuen lan eredugarria”.
Bestalde, Gutiérrezek gogora ekarri zuen lan-taldea, koordinazioa eta gizarte elkarteen, enpresa taldeen eta erakundeen arteko adostasuna funtsezkoak direla euskarari etorkizun oparoa eman nahi izanez gero: “Ziurtagiriaren Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak izan duten elkarlana eredugarria da. Gustatuko litzaiguke norabide berean aurrera egin ahal izatea lankidetzarako aukera berriak zabalduz erakunde eta elkarte mota guztien artean”.