Bai Euskarari Saria jasoko du ostiralean Euskal Herria Esnea kooperatibak. Komunikazio arloko kide den Iker Leivarekin hitz egin dugu sariak eta euskarak kooperatibarentzat duen garrantziaz. Hemen duzue elkarrizketaren aurrerapen bat; elkarrizketa osoa uztaileko Bai aldizkarian argitaratuko dugu.
Zer da zuentzat Bai Euskarari saria jasotzea?
Harro gaude sari hau jasotzeaz. Kooperatiba Karrantza haranean dago, Enkarterrietan, Euskal Herriko mendebaldeko beste puntan. Ez da eremu oso euskalduna eta zaila da eguneroko bizitzan euskaraz egitea eta sariak garrantzia du. Euskaldunak gara eta nahiz eta hemen kide askok euskara ez jakin konpromisoa argi utzi dugu gure politikarekin.
Euskal Herria Esneak apustu handia egin zuen lan egiteko eta merkatuan egoteko bide berriak zabalduz, eta apustu horri euskararena ere lotu zenioten.
Kooperatiba hau bizirauteko sortu zen. Esne industriak prezio baxuak ordaintzen zituen eta bide hau hartzea erabaki genuen. Hasieran ez zen erraza izan, baina azkenean gure lekua egin dugu merkatuan eta jendeak positiboki erantzun du. Horrek poztasun handia ematen digu.
Euskal Herria Esnean euskararekiko konpromisoa zabaltzea erabaki genuen brikak euskara hutsean jarriz. Proiektu erromantikoa dela esan daiteke, identitatean eta kulturan hain txertatuta dauden bi sinbolo batzen baitira: baserria eta euskara. Bien biziraupena oso garrantzitsua da gure herriarentzat.
Zein izan da zuen arrakastaren giltza?
Hurbiltasuna eta kalitatea. Euskal Herria Esnea % 100 hemengo behien esnearekin egiten da eta produktuaren zaporea ezin hobea da. Modu ezberdin batean lan egiten dugu: guk jezten ditugu behiak eta dendara eramaten ditugu produktuak, bitartekaririk gabe. Jendeak badaki produktuagatik ordaindutako dirua kooperatibara eta baserritarren poltsikora joango dela.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin