Hamabost urte pasa dira. Hamabost urte arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten, euskaraz lan eta bizi ahal izateko dauden espazioak identifikatzen, babesten eta gehiagotara zabaltzen. Hamabost urte egunerokoan eragina duten eremuetan euskarari leku egiten.
Bai Euskarari Ziurtagiriak 15. urteurrena du aurten, eta sortu zenetik nabarmena izan da alor sozioekonomikoaren euskalduntzean gizarteari egindako ekarpena, ugariak eragindako aldaketak eta azpimarratzeko modukoak Bai Euskarari duten entitateen urte hauetako urratsak eta lorpenak.
Hamabost urte hauetan arlo sozioekonomikoan mugarri asko jarri ditugu Euskal Herri osoan, ekintzaileak izan gara, tresna eragingarriak eta proiektu ausartak sortu eta abiatu ditugu (Enpresarean, Lansarean…) eta beste proiektu batzuk martxan jartzeko eragin dugu. Horrek guztiak merezi izan du, baina bidea egiten jarraituko dugu, Euskal Herriko gizartearentzat balioa eta aberastasuna sortzen segitzeko, gizartearen ongizatea areagotzeko.
Ekarpena egiten ari gara Euskal Herriaren garapenean. Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitate guztiak inbertsio eta lan handia burutzen ari dira, barrura zein kanpora begira. Eta bada garaia hau dena aintzat hartzeko eta behar bezala aitortzeko, jakin behar baitugu urte hauetako lorpenak, ikasgaiak eta metatutako aberastasuna babesten eta etorkizunerako baliatzen.
Bestelako jarrera eta neurriak behar dira, administrazioaren eta enpresen aldetik ez ezik, kontsumitzaile eta erabiltzaile garenon aldetik ere. Euren kudeaketan euskara aintzat hartzen duten eta Bai Euskarari Ziurtagiria duten enpresa, produktu eta zerbitzu horiek lehenetsi eta balioetsi behar ditugu (kontratazioetan, dirulaguntza-deialdietan edo lehiaketetan, adibidez). Denoi dagokigu egindako lanari ahalik eta etekin handiena ateratzea eta plaza publikoaren espazio guztietan eragile aktibo izatea, euskaraz lan egiten edo-eta saltzen duten enpresak, saltokiak eta entitateak hobetsiz.
Horixe da, hain justu ere, erronka nagusia. Orain arteko bideak aintzatespen handiagoa behar du. Aitorpena, babesa eta elkarlana Ziurtagiriaren Elkartearekin eta Bai Euskarariren komunitatea osatzen duten guztiekin.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin