Rober Gutiérrez: "Denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko neurriak erabaki eta aplikatzeko"

Info7 Irratiko kolaborazioa

inplikazioa.png
  • Hurkoak egindakoa balioetsi beharko genuke, besteek egindako lana sistematikoki ezkutatzeko eta kontuan ez hartzeko joera atzean utzita.
  • Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, osagarritasuna bilatzen eta guztion arteko elkarlana bideratzen.
 

Lan munduaren euskalduntzea bizkortzeko hainbat ekimen eta hausnarketa aurkezten eta bideratzen ari dira azken asteotan. Lan munduaren espazioetan eragitearen beharra azpimarratzen ari da… Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak bere 47. artikuluan dioen bezala, hizkuntza komunitate orok eskubidea baitauka bere hizkuntzaren erabilera xedatzeko bere lurraldearen barruko jarduera sozioekonomiko guztietan.


Euskaraz lan egiteko, euskaraz saldu eta erosteko eta, azken batean, euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko, pertsonak ez ezik, lan munduaren espazioak ere euskalduntzea (kasu honetan enpresak, komertzioak, etab.) ezinbestekoa da. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure eguneroko bizimoduan eta gure hizkuntza-jardueran.

Gutako asko euskaraz ere formatu gara. Belaunaldi berriak euskaraz formatzen ari gara, baina lana erdaraz egin behar bada kasu gehienetan, zein funtzio bete behar du euskarak? Lanerako euskaraz (ere) trebatu eta gero, lan munduan euskarak lekurik ez badu, zertan ari gara?

Eragin beharra dago.  Alor sozioekonomikoan, gure herri eta hirietako bizitza sozialean eragin behar dugu (egoera soziolinguistikoak oso desberdinak direla ahaztu gabe). Erronkari aurre egin behar diogu, erantzukizunez. Helburuak argi, ausardiaz, bidea urratu behar dugu. Ideiak eta egitasmoak behar ditugu. Joko arauak. Sustapena eta laguntzak. Epeak ezartzea, segimendua eta ebaluazioak... Koherentzia. Aitorpena, babesa, elkarlana eta lankidetza. Konplizitatea. Aurreko guztia pentsatuko eta garatuko duten aktoreak behar ditugu eta horien arteko nahitaezko artikulazioa.  

Administrazioa ez ezik, enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileen elkarteak, euskararen sustapenean ari diren erakundeak… denen inplikazioa behar da lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko:

  • Normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz
  • Hizkuntza-politiken eta arauen funtzioaz
  • Enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez edota laguntzez
  • Bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz…

Elkarlana bideratu beharko litzateke orain arte egon diren zailtasunak gaindituta. Badakigu zer egin dugun eta zer lortu dugun… Jakin beharko genuke urte hauetako lorpenak, ikasgaiak eta metatutako aberastasuna babesten eta etorkizunerako baliatzen.  Hurkoak egindakoa balioetsi beharko genuke, besteek egindako lana sistematikoki ezkutatzeko eta kontuan ez hartzeko joera atzean utzita.  Horretarako, formula eraberrituak behar ditugu, egiteko modu berri eragingarriak… Eta akordioak. Akordio sozio-politikoa behar da, ondoren hizkuntza politika eraikitzeko. Fishman-ek esaten zuen bezala, akordio politikorik gabe, hizkuntza plangintza noraezean doa, han-hemen gauzatxoak eginez, baina ondorio sakonik gabe. Zenbat eta adostasun falta handiagoa, hainbat eta gutxiago egin dezake hizkuntza politikak.

Adibide xume batekin bukatuko dut. Araban Euskara Lanean proiektua garatzen ari gara aurtengo martxotik. Bertan, izaera desberdineko entitateak ari gara parte hartzen (administrazioa, enpresak, euskararen inguruko erakundeak, lanbide heziketarekin lotutakoak, etab.) eta proposamenak adosten ari gara, kasu batzuetan bakoitzak bere eremuan lantzekoak eta beste batzuetan lankidetzan bideratzekoak. Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin ari gara denok lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, osagarritasuna bilatzen eta guztion arteko elkarlana bideratzen. Ez da erronka makala!

Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin