Zergatikek, Miren Fuldain Farmaziak, Joxemari Sorsek eta Jon Jakak jaso dituzte aurtengo Bai Euskarari Sariak

Bai Euskarari Elkarteak izar moduan aitortu ditu saridunak, Tabakaleran, euskararen alde egindako lanarengatik

IMG_2410.jpg

Zergatik, Miren Fuldain Farmazia, Joxe Mari Sors eta Jon Jaka (Elkar) izan dira aurtengo Bai Euskarari Sarien irabazleak. 14:00etan ireki dira Tabakalerako ateak eta, enpresetako, instituzioetako eta euskararen alorreko ehundaka lagun elkartu dira, ospakizun giroan.

Jaialdi bikoitza izan dute aurtengo jardunaldian: alde batetik, alor sozioekonomikoan euskara sustatzearen alde egindako lanaren aitortza egin dute eta, bestetik, Bai Euskarari Elkartearen 10. urteurrena ospatzeko aukera izan dute. Elkarteko ordezkariek esker bereziak eman dizkiete bertaratu diren entitate, enpresa eta instituzioetako ordezkariei, urte hauetan guztietan bizi izandakoengatik, lorturiko erronkengatik eta gaur Tabakaleran, elkartasunean, aurrera begira jartzeagatik.

Sariketa magikoa izan da, alfonbra “laranjan” jartzeko modukoa. Izan ere, Tor Magoa izan da ekitaldiaren gidari eta oholtza gainera igotako protagonistak euskararen izar bilakatu ditu. Magia, umorea, ospakizuna eta lagunartekotasuna izan dira nagusi gaurko egunean.

2017 Bai Euskarari Sariak

Bai Euskarari izarrak

Irabazleak nortzuk izango ziren jakiteko irrikitan zegoen publikoa eta, magia tartekatuta, zinemaldiko izarrak balira bezala agertu dira oholtzan. Bai Euskarari izarrak.

Zergatik euskal arropa markaren izenean, Itziar Oiartzabalek (Zuzendaria) eta Ianire Soraluzek (Diseinatzailea) jaso dute lehenengo saria. Fundatzailea den Aitor Arbeloa ezin izan da egon bere lagunekin, baina bere esker mezua utzi nahi izan du birtualki, sorpresa moduan, bere poztasuna erakutsi eta ekitaldi zoriontsu bat opatzeko. Bai Euskarari Elkartearen zuzendaritzako kide den Txarles Ranerok eman die saria.

Bigarren saria Miren Fuldainek jaso du, Getariako Farmaziaren izenean. “Euskara ezinbesteko botika” da herriko farmazialari bakarrarentzat; FEUSEn “Farmaburua saria” jaso zuen bere garaian eta Bai Euskarari Sariarekin aitortua izan da gaur, ondo merezita. Bai Euskarari zuzendaritzako kide den Paul Bilbaok eman dio saria.

Bukatzeko, aurreko urteetan bezala, Bai Euskarari Laguna saria banatu du Bai Euskarari Elkarteak. Aurten, berezitasun moduan, bi lagun saritu dira, Elkar Fundazioko “gurasoak” diren Joxemari Sors eta Jon Jaka, hain zuzen ere. Erretiratu berri da bikotea, euskal kulturatik bizi eta euskal kulturaren onerako lan egin ondoren. Beste behin, topa egin dute jasotako sariarengatik eta ekitaldian bertan euskararen alde egon den elkartasunarengatik. Bai Euskarari Elkartearen zuzendaria den Rober Gutiérrezek eman die saria.

10 esker 1000

10. urteurrenarekin ospatu nahi izan du Bai Euskarari Elkarteak gaurko sariketa. 2007an sortu zen elkartea, zazpi urte lehenago abian jarritako Bai Euskarari Ziurtagiriaren proiektua zabaltzeko eta sendotzeko. Egun berezia izan da gaurkoa eta horrela nabarmendu nahi izan du Rober Gutiérrezek. Elkarlanean egindako bidea harro sentitzeko modukoa dela adierazi du eta euskararen originaltasunean kokatu du etorkizuneko giltzarria. Pozarren hitz egin du, guztion izenean, euskararen aldeko konpromisoa, eredugarritasuna, eraginkortasuna, lana eta bide berrien inguruan; eta, pozez gaineratu du Bai Euskarari Elkartea ziurtagiri bat baino askoz gehiago dela.

 

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin