

Enpresarean Azoka 2012
100 enpresa ingurutako 200 bat ordezkarik hartu dute parte Kursaalen egin den ‘Enpresarean’ azokan
Euskaraz diharduten enpresen arteko lehenengo azoka egin zen atzo Donostiako Kursaal Jauregian, arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta hornitzaile berriak aurkitzea helburu hartuta. Hala, euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bildu ziren, elkarren arteko harremanak estutu, elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.
Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa eta IK4ko presidente-ordearen eta K2K Emocionando-ko kide Asier Irazustaren hitzaldiak; Fremap, IMH, Kutxa Fundazioa edota Euskadiko Kutxaren aurkezpenak; Elhuyar, Bitarlan edota Mondragon Linguaren erakusleihoak; mahai-inguruak, coworkinga eta gehiago izan ziren azokan.
Enpresak eta euskara uztartuz egingo den azoka da Enpresarean. Elkarlana sustatzea, esperientziak trukatzea eta euskararen erabilerak negozio munduan dituen onurak agerian uztea du helburu.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen proiektua da Enpresarean. Egunez egun frogatzen du Ziurtagiriaren Elkarteak, lan alorrean euskararen erabilera bermatzen duen enpresen balio erantsia handia dela, eta guztion begi bistan jarri nahi dute abantaila hori zein den. Baina ez hori bakarrik. Enpresen arteko elkarlana sustatu nahi da, proiektu berriak abiarazteko gune izan nahi du, eta hornitzaile eta bezero berriak topatzeko aukera paregabea izango da.
Sektore guztietako enpresek hartuko dute parte Enpresarean azokan. Eta guztien elkargune Euskara izango da. Euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztelako batzuek, eta euskaraz lan egiten dutelako besteek.
Azoka bikoitza izango da gainera. Batetik Kursaalen Urriaren 2an egingo dena. Bestetik, sarean, www.enpresarean.org webgunean beti zabalik egongo dena. Batean zein bestean, edo bietan parte hartu nahi baduzu, izena ematea besterik ez duzu, zure enpresa zein den eta zer egiten duen kontatu, eta lan harremanak sendotzeko ate berri bat zabalduko duzu.
