Opens in a new tab

Euskaragileak sarearen topaketak eredu inspiratzaileak utzi ditu Arrasateko Edertek zentroan

Bai Euskarari Elkarteak antolatuta, Euskaragileak sarearen topaketa egin berri da Arrasaten, Fagorren Edertek Zentro Teknologikoan. 21 enpresatako kideak elkartu dira bertan, enpresetan euskararen kudeaketan aurrera egiteko eredu praktikoak ezagutu eta elkarbanatzeko asmoz.

2015ean sortu zen Euskaragileak enpresa batzordea eta lan munduan euskara txertatzen aurreratuak dauden hainbat enpresa batzen dira bertan: Batz, Cikautxo, Danobatgroup, Eika, Elay, Elkar, Fagor, Goizper, IMH, Irizar, Mondragon korporazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Orkli.

Sarearen helburu nagusia da barne-mailan lantzen diren konpromisoak besteekin elkarbanatzea, elkarren arteko konexioak bultzatu eta praktika onak ezagutzeko.

Praktika egokiak aztergai Ederteken

Sareak urtero antolatzen du topaketa bat errealitate eta gune ezberdinak ezagutzeko, eta aurten Fagor Taldea prest agertu da hitzordua Ederteken hartzeko. Enpresan zehar bisita egin ostean, topaketaren ardatz nagusia Euskara kudeatzeko praktika onen adibideak izeneko tartea izan da. Bertan, bost erakundek euskararen arloan dituzten ekimenak aurkeztu dituzte:

Edertek (Usoa Egurbide eta Onintze Gorospe): Enpresa ‘Arnasgune’ izendatzeko martxan jarritako hiru urteko prozesua azaldu dute. Zuzendaritzatik harago, eragile sare bat osatu dute ardura langile guztietara zabaltzeko. Helburua espazio informaletan euskararen erabilera handitzea da, ezagutza %90etik gorakoa izan arren, erabilera ez-formala %55-60 inguruan kokatzen baita.

Mondragon Unibertsitatea (Xabier Sagarna): Euskararen erabilera neurketari, euskara zerbitzuari eta langileen harrerari lotutako hainbat praktika eta ekimen on partekatu dituzte.

Athlon (Judith Eraña): David Health Solutions jatorri finlandiarreko software terapeutikoaren euskaratze prozesua aurkeztu dute. Ingelesetik eta finlandieratik abiatuta, aplikazio osoa euskaratzeko apustua egin dute etxeko lan eskerga baten bidez.

Miguel Altuna Lanbide Heziketa (Gorka Lazkano): Ikasleak euskalduntzeko murgiltze eredu baten proiektu pilotua aurkeztu dute, euskara gaitasun txikia duten ikasleak dual formaziora euskarazko gaitasun minimo batekin iritsi daitezen.

Fagor Taldea (Joxean Alustiza): Euskara sustatzeko martxan duten Fagor Euskara Sariak ekimena azaldu du.