Enpresen Foroa: barne komunikazioa ardatz urteko bigarren lan-saioan

Gaur goizean egin da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko bigarren lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko. Bai Euskarari Elkarteak eskaini du zerbitzu teknikoa.

Urteko bigarren foro honek Barne Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa. Saioari hasiera emateko, parte-hartzaileen familia-argazkia atera da eta, jarraian, Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia den Maria Nanclaresek aurkezpen instituzionala egin du, euskarak erakundeen barneko kohesioan eta eguneroko lan-prozesuetan duen garrantzia azpimarratuz.

Inertziatik kontzientziara eta esperientzia praktikoak

Goizeko 09:15ean hasi da topaketa, harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarrera instituzionalaren ondoren, saioaren atal teoriko-praktikoari ekin zaio. Inertziatik kontzientziara izenburupean, Enbor Kontsultoreak-eko Aurkene Redondok hartu du hitza, barne komunikazioaren ikaste-prozesuaren eskailera eta ezagutzaren kudeaketa nola landu behar diren azaltzeko.

Jarraian, bertaratutako enpresek talde-laneko dinamika batean parte hartu dute. Bertan, entitateen arteko elkartrukeari esker, barne komunikazioaren «arkitektura eta arima» landu dituzte, gaur egungo egoerak aztertu eta urrats berriak emateko gakoak identifikatuz.

Saioak eredu errealak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eman du. Oreka IT enpresako Ione Bahonek hartu du hitza, beren enpresako praktika egokiak partekatzeko eta barne-komunikazio tresnak euskaldundu eta kudeatzeko izan duten esperientzia propioa azaltzeko.

Laburpen grafikoa

Topaketa amaitzeko, Make It Visual-eko Aare Castillak goiz osoko lanaren eta ateratako ondorio nagusien laburpen grafikoa egin du, landutako kontzeptu guztiak modu bisual eta argian irudikatuz.

Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat

2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.

ARGAZKI BILDUMA eta jardunaldiko AURKEZPENA.

Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako bigarrena izan da. Hirugarren eta azken foroa udazkenean izango da, irailaren 24an, eta bertan enpresetako hizkuntza gaitasuna izango da hizpide nagusia.