“Merkatari eta ostalari askok oso urruti sentitzen dute euskara, arrotza da beraientzat”

Ane Agirregomezkorta - ELKAR San Prudentzioko arduraduna

Ane-Elkar-BaiEuskarari.jpg

Markinarra jaiotzez, Gasteizen bizi da duela 27 urtetik. Hamar urte daramatza ELKAR San Prudentzioko arduradun gisa. AENKOMER saria jaso berri dute eta Ane Agirregomezkortarekin izan gara Gasteizko euskararen bilakaera nolakoa izanden ezagutzeko.

Ane Agirregomezkorta ELKAR San Prudentzioko arduraduna 

 

Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako enpresarioen (AENKOMER) aitortza jaso berri duzue, zein balorazio egiten duzue? 

Euskara balioan jartzeagatik aitortza jasotzea positiboa bada ere, asko dago egiteko. Tamalez, ez da ohikoa Gasteizen komertzioek euskararen arloan egiten duten ahalegina saritzea. Oraindik orain gasteiztar merkatari eta ostalari askok oso urruti sentitzen dute euskara, arrotza da beraientzat. AENKOMER-en barruan, esaterako, soilik gaztelaniaz bizi diren asko daude, eta horiei guztiei esan beharko genieke euskarak presente egon behar duela hiriko merkataritza eta zerbitzuetan. 

Nolakoa izan da euskararen bilakaera azken urteotan Gasteizko merkataritza eta zerbitzuetan? 

Onera joan da baina oraindik ere badira ‘háblame en cristiano’ esaten dutenak. 1989an etorri nintzen Gasteizera eta ordutik hona ezagutza asko hazi da, eta helduen euskalduntzean ere aurrera pausuak eman dira. Zorionez, gaur egun ez da arrotza Gasteizen euskaraz entzutea. 

Auzo berriak sortu dira; Lakua, Salburua, Zabalgana… familia euskaldun gehiago dago auzo horietan eta euskararen aldeko olatua etengabea da. 

Euskararen erabilera sustatzeagatik jaso duzue AENKOMER saria. Zeintzuk dira lan on horren oinarriak? 

Sorreratik ELKARek euskara eta euskal kultura sustatzea izan du helburu. Fundazio bat ere badauka, euskal kultura bultzatzeko, kulturaren sorkuntzan euskara tresna izan dadin eta hizkuntza bera garatzeko. Gasteizen, Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, euskara lantokira eraman nahi izan dugu eta bidean gaude, izan ere lankide guztiak ez dira euskaldunak. 

"Eroso bizitzeko eta lan egiteko modua eta tresna da euskara"

Zer egiten duzue euskara bultzatzeko? 

Gure langileei klaseak dohainik jasotzeko aukera eskaintzen diegu. Izan ere, gure asmoa da ahalik eta lankide gehienek zerbitzua euskaraz eskaintzea. Gaur egun, Gasteizko San Prudentzio kaleko dendan lanean hasi nahi duenak euskaraz jakin behar du, bezeroak hala eskatzen baitu. 

Eta euskarak zer eskaintzen dizue? 

Eroso bizitzeko eta lan egiteko modua eta tresna da euskara. Gaur egun gure dendan oinarrizko baldintza da lehenengo hitza euskaraz esatea. Eta konturatzen zara zenbait lankide, euskararekin inongo harremanik ez zutenak, gaur egun ondo moldatzen direla eta oso harro daudela. 

Zer eskatzen diozue etorkizunean Bai Euskarari Elkarteari? 

Gasteizen kalitatezko zerbitzua jaso-tzea euskaraz ere jasotzea da. Eta Bai Euskarari Elkarteari eskatzen diot aktibatzeko euskararen erabilera sustatzeko kanpaina bat. Konpromiso gehiago hartu behar dute merkatarien elkarteek, administrazioek, komertzioek... Guztiek hizkuntzaren erabilera normaltasunez, naturaltasunez, bi eletara egin beharko genuke. Ezagutzera eman behar du Bai Euskararik euskara inportantea dela eta euskal denda eta komertzioen sarea inportantea dela Gasteizen. 


Deskargatu Bai Euskarari Aldizkaria (22. alea) hemen

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin