Lankidetza hitzarmenak berrituko ditugu Zarauzko Udalarekin eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin
Duela urte batzuk abian jarritako lankidetzari jarraipena eman asmoz eta aurrerantzean ere arlo sozio-ekonomikoan eragite lanarekin jarraitzeko xedearekin, lankidetza hitzarmenak berrituko ditugu datozen egunetan Zarauzko Udalarekin eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin.
Zarauzko Udalarekin adostutakoaren arabera, Ziurtagiriaren Elkarteari dagokio egitasmoaren koordinazioa eta entitateen segimendua egitea. Ildo horretatik, Bai Euskarari Ziurtagiria duten Zarauzko 43 entitateek beren eguneroko lan jardueran euskararen presentzia areagotzeko neurri zehatzak hartzera animatzea helburu izanda, teknikari bat aritu da aurrez-aurreko bisitak egiten. Gainera, Udalak bideratutako diru partidari esker, urteko kuotan deskontuak aplikatu ahalko zaizkie Ziurtagiridunei.
Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin hitzartutakoari dagokionez, Elkartetik bideratuko dugu enpresa, komertzio, denda eta une honetan Bai Euskarari Ziurtagiria duten eskualdeko 91 entitateen jarraipena. Akordioari esker, Mankomunitateak 2.000 € bideratuko ditu egitasmoari babesa emateko eta beste diru kantitate bat bideratuko du eskatzen duten Ziurtagiridunei diru-laguntza bat emateko. Aldi berean, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateen difusioa eta egitasmoa sustatzeko zozketak aurreikusten dira Ziurtagiria duten entitateetan kontsumitzen duten bezeroen artean.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin