Euskaraz bizi praktikatik eta patrikatik
Bizi dugun garaiaren ezaugarrietako bat da bertakoa bezain gertukoa egin zaigula urrutikoa, eta horrek berarekin ekarri du arroztasuna baztertu eta aniztasuna gure ezaugarri egitea. Guztia dago elkarlotuta, eta guztiok gaude harremanetan, internet da horren lekuko. Gizakiok gure artean aritu eta elkar ulertzeko beharrak eraginda perfekzionatu ditugu horretarako baliabideak. Tresnak ugari bai, baina guztietan garrantzitsuena hizkuntza izanik, nahikoa arreta jarri al diogu egiten dugun hizkuntza-kudeaketari?
Garai batean ‘lingua francak’ erabiltze
ra jo izan zen, nagusiki botere politiko eta ekonomikoek ezarritako indar-harremanek hala erabakita. Egun, egitura politikoak ez ezik, sistema eta harreman ekonomikoak ere demokratizatu beharraz gizartean ozen gogoetatzen ari delarik, nahitaezkoa bihurtu da giza-taldeen eta pertsonen eskubideak aitortzea, eta jendarte harreman parekide, orekatu eta errespetuzkoak bultzatzea. Ildo horretan, bereziki garrantzitsua da hizkuntzen kudeaketa egokia egitea, pertsonen arteko komunikazioa bideratzen duten aldetik. Hain zuzen ere, Euskal Herrian desorekatuta daude euskara berezko eta (zati batean) ofizialaren eta frantses eta gaztelania hegemonikoen arteko indar-harremanak eta presentzia bizitza sozialean.
Euskaldun kopurua handitzen jarraitzearekin batera, euskara erabiltzeko ahala eta aukerak eskaintzea dira instituzioen ardurak. Horregatik, euskaraz bizitzera iristeko bidean, euskaldunok euskaraz lan egin eta enpresen arteko lan harremanak euskaraz izatea posible egin nahi dugu. Funtsezkoa da bizitza sozialean eremu eta funtzio berriak euskalduntzea etengabe, euskaldunok praktikatik eta patrikatik nabaritzeko euskararen garapena.
Aukera hau baliatu nahi nuke inguru ekonomiko zail honetan lan bila ari diren herritarrei dei egiteko beren prestakuntzari eutsi eta, bereziki, euskara gaitasuna hobe dezaten. Euskara zenbat eta hedatuago egon, orduan eta behar handiagoa izango baituzue enpresek euskaraz gaitutako langileak integratzeko zuen egituretan. Gure aldetik, laguntzak bideratuko dizkiegu euskara ikastea errazagoa izan dezaten.
Arlo sozioekonomikoan eskua eta eragina duzuen enpresen eta gizarte eragileon ardura ere bada herritarren eskariari erantzutea, eta hizkuntza kudeaketa egokia integratzen duen ikuspegi komertziala barneratzea. Organizazioen kudeaketan trebetasun linguistikoak barneratuz, enpresek posizio hobea eskuratzen duzue zuen arteko lehian. Argi dago harremankidearen hizkuntzan elkarreraginez errazago itxi daitezkeela bezeroarekiko tratuak.
Gipuzkoa lurralde euskalduna izanik, bertako enpresa asko bidegileak zarete euskara zuen ohiko funtzionamenduan txertatzen. Enpresa ugarik, dagoeneko, eskaintzen dituzue zuen zerbitzuak euskaraz, gizartean dagoen eskariaren aurrean arduratsu, eta euskarak eskaintzen dituen aukerekin erne. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, Donostiako Udalak, Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ahalegin hori ikusgarri egin nahi dugu
ENPRESAREAN azokaren bidez, kontaktuan jarriz bezeroak eta zerbitzu emaileak. Gonbidatuta zaudete bertara!
ZIGOR ETXEBURUA URBIZU (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria)
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin