"Euskara bere tokian jarri behar dugu, Euskal Herritik kanpo ere, munduan"

Mikel Urdangarin Lehen Hitza euskaraz egitearen alde

mikelurdangarin-lehenhitzaeus.jpg

Euskal Herriko ahotsik ezagunetariko batekin izan gara #LehenHitzaEUS kanpainarekin, Mikel Urdangarinekin. Gasteiztartua dagoen Zornotzako artistak azaldu digu hizkuntzan aurrerapausoak emateko giltzarria normalizazio eta prestigioan kokatzen duela.

Zornotzan jaiotako Gasteiztarra zara.

Lehenengo aldiz 1995. urtean etorri nintzela uste dut, baina Zornotzara itzuli eta 1996an Gasteizen gelditzeko etorri nintzen. Hemen Zornotzan baino denbora gehiago pasa dut, Gasteiztartua nagoela esan genezake. 

Euskarazko hamaika disko eskuan. Nahikoa merkatu dago euskaraz bakarrik ekoizteko?

20 urte daramatzat ogibidean, musika nire lehenengo iturri ekonomikoa izan zen eta ordutik duintasunez ekin diot, bizitza aurrera ateratzeko. Irakaskuntzan lanbide finko bat eskaini zidaten, baina bere garaian argi ikusi nuen aukera gehiago izango nituela nire zoriona musika arloan topatzeko eta ikaskuntzari uko egin nion.

Merkatuari dagokionez, nire ustez, euskarak merkatu zabalagoa izan beharko luke. Hizkuntzarako badago merkatua, zalantzarik gabe. Hor adibide bat:

Nire entzulea ehuneko handi baten euskalduna da, baina erdaldun jendea ere etortzen da; euskararen merkatu izan beharko luke, nire ustez. Ekosistema bat behar dugu eta hori babestu beharra dugu, indartu. Baina euskara bere tokian jarri behar dugu, Euskal Herritik kanpo ere, munduan.

Lanean eta bizitzan, orokorrean, jarraitzen al duzu hizkuntzarekiko irizpide berezirik?

Normalean, euskaraz dakienarekin euskaraz egiten dut eta gazteleraz egiten duenarekin, gazteleraz.

Bizitza arruntean saiatzen naiz euskaraz bizitzen eta ahal dudanean euskaraz egiten dut, euskaraz bizi nahi dudalako. 

Erosketak egiterako garaian lehen hitza euskaraz egiten duzu normalean? Eskertzen duzu euskaraz artatua izatea?

Eskertzen dut euskaraz artatua izatea, bai. Euskaraz bizi nahi dut, bizitzako eremu guztietan. Euskaraz kontsumitzen saiatzen naiz, agurretik eta, ondoren, kasuaren arabera, hizkuntza bat edo beste hautatzen dut. Ez dut inor behartu nahi eta ikusten dudanean norbait ez dagoela eroso euskaraz hitz egiten ez dut euskaraz jarraitzen.

Nola bizi duzu euskara?

Normaltasunez. Nire buruarekin euskaraz hitz egiten dut eta modu afektiboan bizi dut, amarengatik jasotako hizkuntza delako. Baina, orokorrean, normaltasunez bizi dut. Uste dut, nire aldetik behintzat, hori dela kontribuziorik onena, normaltasunez jokatzea. Musika euskaraz ekoiztearena ere, apustua da, baina normaltasunez egindakoa.

Nolakoa da zure ustez Gasteizko egoera? Eta, nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Seguru nago orain dela 30 urte baino askoz hobea dela, seguru nago, baina ez da nahikoa. Normaltasunerako bidean uste dut oso hasieran gaudela eta kilometroak ditugula egiteko.

Hor sartzen dira erabaki politikoak, euskara prestigiatu beharko luketenak. Sentitzen dut euskarak lobi bat behar duela, jende erreferentzialez osatutako lobi bat, harro agertzen direnak, euskal hiztun bezala.

Beraz, Gasteizko egoera orain dela 30 urte baino hobea da eta espero hemendik 30 urtera gauzak orain baino hobeto egotea. Horretarako, euskararen ekosistema indartsuagoa izan beharko da. Prestigiatu beharko da eta ausardiaz jokatu. Euskara ez da bigarren mailako hizkuntza bat, niretzako lehenengo mailako hizkuntza da; ez nago prest beste edozeinek mailaz jaitsiaraztea. Ez nago prest hori onartzeko eta nire bizitzan dena egingo dut hori gerta ez dadin. Eta ez hori bakarrik, anbizioz eta gogoz ekingo diot gure hizkuntza ahalik eta maila gorenean egon dadin, beste edozein hizkuntzaren parean.

Zer esango zenieke Gasteizko merkatariei lehen hitza euskaraz hartzera animatzeko? Eta kontsumitzaileei?

Merkatariei, bakarrik marketineko ikuspegi batetik, salmentak igoko dituztela eta hobeto joango zaiela, merkatua zabaltzeko aukera izango dutelako. Euskaldun jende asko gaude, eskertzen dugunok lehenengo hitza euskaraz jasotzea. Dena dago irabazteko, ez dauka ezer galtzeko. Esparrua zabalduko du eta bizi den herriarekiko armonia handiago batean biziko da merkataria.

Kontsumitzaileari euskaraz bizitzea gomendatuko nioke. Tamalez, aukera bat da, aukeratu beharreko gauza bat da. Eta erdaraz bizitzea ez. Erdaraz bizitzea berez dator. Emanda dator eta denok egin dezakegu hori inongo esfortzurik gabe bizitzako edozein arlotan.


"LEHEN HITZAK BALIO HANDIA DU" KANPAINA

Bai Euskarari Elkartetik kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri dugu Gasteizen, Udalaren babesarekin. Horren helburua da establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin