Zalantzarik eta konplexu izpirik gabe, harro egoteko moduko ibilbidea da Bai Euskararirena, eta pozik egoteko modukoa da Bai Euskarari komunitatea osatzen duten Euskal Herri osoko milaka entitatek urte hauetan eragin dutena. Ez dezagun ahantzi horixe dela gure helburua, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea, lan mundutik hasi eta gizartearen gainerako espazioen euskalduntzean eragitea. Urte hauetako lan eredugarri eta haien borondatezko konpromisorik gabe, nekez egongo ginateke oraingo egoeran. Eragin dugu. Eragiten ari gara eta eragiten segituko dugu. Asko dira orain arte abian jarritako egitasmoak eta buruturiko proiektuak. Era berean, ez dira edonolakoak lorturiko emaitzak ere. Bistakoak dira euskararen normalizaziorako bidean emandako aurrerapausoak; gero eta pertsona, entitate, enpresa edota komertzio gehiago ohartzen ari dira euskara arlo profesionalean txertatzearen balioaz eta hizkuntza sustatzeko ahalegina egiten ari dira. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea saiatzen da euskalduntze prozesu horretarako baliabideak eta erraztasunak eskaintzen, bidelagun eta orientatzaile izaten. Urtea amaituta, 1.268 ziurtagiridun zenbatu ditugu, alor eta leku ezberdinetako euskararen aldeko mila BAI baino gehiago. Kopuru horrek pozten gaitu, baina ez gara konformatzen; bidea egiten jarraituko dugu, arlo ekonomikoaren euskalduntzeko konpromisoa hartuz eta entitate berriei eskua luzatuz. Lehenengo sektoreko aktoreei, hezkuntza zentroei, ostalaritzako agenteei, komertzioei, komunikabideei, administrazioei… Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearengan konfiantza jarri dute euskararen erabilera sustatzeko eta emaitzak ikusten ari dira pixkanaka. Kasu bakoitza ezberdina delako, beharrak eta nahiak alor eta testuinguruaren arabera aldatzen direlako, Bai Euskararik egoera bakoitza bakar bezala aztertu eta tratatzen du. Aurretik esan bezala, atzokoak pozez gogoratzen ditugu eta biharkoak ilusioz hartuko ditugu. Egin dezagun 2016 urteak utzitako egitasmo eta ekintzen errepaso bat eta har ditzagun indarrak urte berria atzean utzitakoa bezain emankorra izan dadin.
Bai Euskarari ziurtagiria duten enpresa guztien segimendua eta ebaluazioak garatu ditugu eta urte berri honetan ere horien bidelagun izaten jarraituko dugu. Helburua da horietan eta inguruan euskararen erabilera eta presentzia sustatzea eta handitzea, eta horretarako, Bai Euskarari elkartetik erraztasunak eman eta emango ditugu: hitzarmenen bitartez, eta bestelako tresna eta baliabideak haien esku jarriz.
Hizkuntzaren ebaluazio eta hobekuntzarako tresna azkar eta erraza aurkeztu dugu azken hilabetean, erakundeen hizkuntza-egoeraren diagnosia egiteko aplikazioa. Edozeinek bete dezake www.baieuskarari.eus atarian dagoen sei urratseko galdetegi sinplea, erakundearen euskara maila zein den jakin eta hobekuntza prozesu bat hasteko. Sistema honen bidez tramite, dokumentazio, epe luze eta abarrei agur esan eta hiru minutura laburtu ahal izango dute hizkuntza-egoera aztertzeko prozedura. Sei pausotan. Azkar eta erraz.
Azaroaren 3an, Enpresarean Azokaren hirugarren edizioa burutu genuen Orona Ideoren egoitzan, arrakasta handiz. 130 pertsona inguruk parte hartu zuten jardunaldian euren ilusio, ibilbide profesionala eta ekintzailetza zein fi nantzazio ereduak partekatzeko. Ekitaldiak izugarrizko oihartzuna izan du eta aurrerapauso handia izan da arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera naturala sustatzeko. Bertan izan ziren goi mailako profesionalak, solasaldietan bilduta eta euren bizipenetan oinarrituriko hitzaldiak eskaini zituzten: Adegi, Bac Mondragon, Crecer+Orkestra, Talaios, Laboral Kutxa, Fiare, Elkargi edo SPRIko ordezkariak, besteak beste. Nabarmentzekoak izan ziren, era berean, Eneko Knörr-en, Markel Olanoren (Gipuzkoako diputatu nagusia) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekonomia sustapeneko zuzendaria den Antton Tomasenaren interbentzioak. Emozioz beteriko eguna izan zen azaroaren 3a; izan ere, Kaixomaitiako, euskaldunon harremanetarako guneko, Iñigo Arandiak irabazi zuen Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako 2.000 euroko saria eta irabazleak Banaiz Bagara elkartearekin partekatu nahi izan zuen saria.
Nabarmentzeko modukoa da “Lanabes – Araban Euskara Lanean” proiektuaren bitartez Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko lortutako emaitza, partaideon inplikazioak, elkarrekin lan egiteak eta elkarrekiko aitortzak eta onarpenak arrakastarako duten garrantziaren adierazle. Gainera, Lazarraga Sariak banatu ditugu Gasteizen, Arabako Foru Aldundiarekin batera, Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen sustapenean lan egin duten entitate edota pertsonak saritu eta haien ahalegina aitortzeko.
Aitortzaz ari garela, Lanekik, Zugarramurdiko Sorginen Museoa eta Lezeak eta Mondragon taldeko Mikel Lezamizek jaso zituzten aurtengo Bai Euskarari Sariak. Ibilbide arrakastatsu eta eredugarria dute saridunek. Haien ereduari esker eta haien esperientzia baliatuta, aurrera egingo dugu gure komunitatearen ongizatean eraginez.
2014an martxan jarri genuen www.lansarean.eus lan-ataria berritu dugu, enpresa edota profesional euskaldunak ezagutzeko aukerak errazten jarraitzeko asmoz. Bi urte igaro ondoren, eta milaka lan-eskaintza jaso ondoren, diseinu eta funtzionalitate berriak erantsi ditugu enpresa eta hautagaien beharrak modu eraginkor eta pertsonalizatu batean erantzuteko.
Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideei jarraiki, euskararen erabilerari dagokionez egoki aritu nahi duten enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek egin beharreko bidea jaso dugu eta horren berri zabaltzeko posterrak prestatu ditugu (EUS; EUS-ES; EUS-FR; EUSES-FR). Baieuskarari.eus webean daude deskargatzeko, inprimatu eta lan-lekuan hedatzeko moduan.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, “Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak” izeneko egitasmoaren topaketetan Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean eta Lanabes proiektuak aurkeztu genituen, Europako adituen aurrean, jardunbide eredugarri gisa, bai gure komunitatearentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun- komunitate hainbatentzat ere. Esperientziak partekatzeak, elkarren ezagutza baliatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak proiektuen arrakasta indartzen dute, eraginkortasuna areagotuz.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin