Gakoa, arduraz jokatzea

Albiste ona da, zalantzarik gabe, edozein administraziorekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, kolaborazioan aritzeko bide emankorra zabaltzen duelako. Ez da, ordea, kontu isolatu hutsa izan behar, pertsona guztion eskubideak babestea eta bermatzea helburu duten politiken ondorioa baizik. Eta sarri, gehiegitan, irudipena daukat politika horiek ez gaituztela euskal hiztunok kontuan hartzen.

Euskaraz aritu nahi izaten dugu udaletxera joaten garenean, medikuarenean, gobernuen aurrean gestio bat egin nahi dugunean, enpresa berri bat sortzeko prozesuan. Euskara ikusi nahi izaten dugu gure kaleetan dauden herri-lanetan. Euskara ikusi, entzun eta jardun nahi izaten dugu administrazioek antolatzen, sustatzen edo-eta diruz laguntzen dituzten ekimenetan.

Egunotan, Gasteizko Udalarekin sinatu dugun hitzarmenaren harira, harremanetan ari gara hirian antolatzen diren eta administrazioen (diru)laguntzak jasotzen dituzten ekimenetako kudeatzaileekin. Inork ez die onartutako hizkuntza irizpideen berri eman,  inork ez die hizkuntza bat edo beste erabiltzeko azaldu, nahiz eta legeak, ordenantzak, hizkuntza ofizialen eskuliburuak eta irizpideak dauden. Bestalde, berriki, Gipuzkoako Foru Aldundian eta beste zenbait udalerritan gertatu denaren albiste ere izan dugu. Kasu hauetan, kontratazio publikoetarako legez onartuta dauden hizkuntza irizpideak ezartzeagatik helegitea jaso dute. Erabaki hauek guztiek alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragin zuzena dute. Berebiziko garrantzi estrategikoa du arlo sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Horregatik, administrazioak ere eredugarriak izan behar dira, lidergoa bere gain hartuz eta arduraz jokatuz. Erantzukizunez.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin