Hasi berri den urterako erronka
Urtea hastearekin batera erronka berriak (edo urtero errepikatzen diren zaharrak) jarri ohi dizkiogu gure buruari. Kirola egitea, erretzeari uztea eta halakoak izaten dira tipikoenak. Gaurkoan, ordea, bestelako erronka baten partaide izatera gonbidatu nahi zaituztet guztiak. Norberak bere inguruan (etxean, kalean, lanean, kontsumitzerakoan, etab) eta egunerokoan euskara gehiago erabiltzea, hain juxtu.
Iazko leloari jarraiki,
Ziurtagiriaren Elkartetik
Urrats Biziak ematen jarraituko dugu eta ibilbide horretan bidelagun aktiboak izan zaitezten gonbita luzatu nahi dizuet. Izan ere, euskara biziberritu eta gure eguneroko jardunean normalizatuko bada, hots, gazteleraz/ frantsesez egin genitzakeen gauza berberak euskaraz egitera iritsiko bagara, guztion ardura dela jabetzea ezinbestekoa iruditzen zait. Noski, euskaldun eta euskaltzaleok motorra izan beharko dugu baina euskal hiztun ez direnak ere bidelagun izatea nahi dugu, beren jarrera eta portaerek ere eragingo baitute prozesuan.
Politikariei ausart eta arduratsu jokatzea dagokie, euskararen erabilera erraztuko duen legedi marko egokia indarrean jarriaz. Hizkuntzak eta politika nahastea eztabaida antzuetara eraman gaitzakeen arren, erabaki politikoek berebiziko garrantzia baitute edozein hizkuntzaren osasun eta biziraupenean.
Enpresariei, berritzaile izatea eta
erantzukizunez jokatzea dagokie. Beren produktuak euskaraz merkaturatu eta bezeroak euskaraz ere artatzeko baliabideak jartzea. Ikuspuntu merkantilista hutsetik begiratuta bada ere, hizkuntzaren gaia aintzat hartzen duen merkatu potentzial bat badela eta beren produktuetarako euskara balio erantsia dela ohartzea. Azken honetan zeresan handia dugu kontsumitzaileok.
Hezkuntza sistemari, enpresariei “erremintak” ematea. Beste hitz batzuetan esanda, lan mundura saltoa emango duten ikasleak formatzea etorkizunean beren lan jarduna euskaraz egin ahal izateko eta enpresariek aitzakiarik izan ez dezaten.
Elkarte, fundazio, elkargo eta bere orokortasunean euskalgintza-kulturgintzari, kontzientziazio lanarekin, aldarrikapenekin, egitasmoekin eta “iratzargailu” lanarekin jarraitzea.
Eta gizarteko sektore guztiak banan banan zerrendatzen hasteak luze joko lukeenez, norbanakoekin amaitu nahiko nuke. Izan ere, gure inguruan eta eguneroko jardunean (lanean, aisian, kontsumitzerakoan, etxean, etab) erruz egin genezake. Gauza esanguratsuak ez direla iruditu arren, ez ahaztu gauza txiki askok handi bat osatzen dutela eta horretan datza gizartearen indarra, hots, helburu bat partekatzen duen taldearen partaide sentitu eta erronka berari bateratuta eta elkarlanean aurre egitearen indarra. Norberak egiten duen gutxi hori albokoak egiten duenaren gutxi horri batu eta sinergia positiboak sortaraziz lortuko dugu erronka.
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin