Datozen egunotan Wonderland zirkua Gasteizen izango da. Hirian zehar iragartzen hasi dira. Askotan etortzen dira gure herrietara zirkuak… edo enogastronomiarekin zerikusia duten ekimenak, erdi aroko azokak, merkatuak, jaialdiak, festibalak eta era guztietako ikuskizunak. Gasteizko Udalaren Hizkuntza Ofizialen Eskuliburua begiratu dut. Bertan ezartzen denaren arabera, euskara eta gaztelera erabili behar dira, ahoz zein idatziz, Udalak enpresaren bat kontratatzen badu, jardueraren bat diruz laguntzen badu edo horretan parte hartzen badu. Gasteizen euskara eta gaztelera arautzen dituen ordenantza egon badago, baina udal administrazioak burutzen duen jarduerari baino ez dagokio.Egun hauetan, jakin dugu Rossi anaien Zirku Italiarra Zarautzen izan dela. Kasu honetan, Zirku Italiarrak Zarautzen emanaldiak egiteko baimena eskatu zuenean, Udalak zenbait eskakizun proposatu zizkion. Besteak beste, herrian zehar jarri beharreko publizitate paneletan euskara kontuan hartzea eta emanaldietan aurkezle euskalduna izatea. Zirku Italiarreko arduradunek bat egin dute Zarauzko Udalaren eskaerarekin. Egia esan, ez dakit zeintzuk diren Gasteizko Udalaren eta zirkuaren arteko harremana eta kontratu- baldintzak, ezta beste hainbat herritan egiten diren era guztietako emanaldietako antolaketa-baldintzak zeintzuk diren ere. Kontua da atentzioa eman didala antolatzen diren ikuskizun askotan ez dagoela hizkuntza irizpide argirik… edo, agian, badaude baina ez dira betearazten. Noiz ikusiko ditugu administrazioak beren hizkuntza-irizpideak aplikatzen eta ikuskizun edo ekitaldi bat garatu nahi dutenei hizkuntza-baldintzak jartzen? Ikuskizun dago.
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin