Hizki larriz

hizki_larriz_bai_euskarari.jpg

Semea irakurtzen ikasten ari da. Oraingoz, hizki larriz dauden kartelak, oharrak eta abar irakurtzen ditu, horiek bai, etengabe. Horregatik, hizkuntza paisaian euskaraz oso gutxi dagoela nabarmenegia egiten ari zait egunotan…

Ez dut azterketa sakonik egin. Nahikoa da kale bat aukeratzea edo etxetik lanerako ibilbidean dauden idazkiei erreparatzea  horretaz jabetzeko. “Estanco”, “Frutería y charcutería”, “Prohibido fijar carteles”, “Se vende plaza de garaje” “Lo sentimos pero la máquina está fuera de servicio”, “Liquidación por jubilación”, “Patatas de Álava”, “Rebajas. Hasta el 30 %”, “No utilizar las columnas como portería”…

Hizkuntza paisaian gaztelania da hizkuntza nagusia. Noski, euskara ere ageri ohi da, batez ere ele-biz idatzitako testuetan. Era berean, alde nabarmena dago hizkuntza politika eta irizpideak aplikatu ohi dituzten erakunde publikoen eta, salbuespenak salbuespen, oro har, aplikatzen ez dituzten entitate pribatuen artean. Bigarren honek kezkatzen nau bereziki.Gure komunitatearen hizkuntza egoeraren adierazgarria da, testuinguru soziolinguistikoaren adierazle, sinbolikoki hizkuntzen balioa eta estatusa islatzen dituena; izan ere, paisaian ageri diren hizkuntzak, hizkuntz taldeen estatusaren, boterearen eta ekonomiaren isla dira.

Oraingoz hizki larriz dagoena baino ez du irakurtzen, baina berehala hasiko da era guztietako testuak irakurtzen eta nire kezka areagotuko da. Zein mezu ari da jasotzen gure semea? Familia eta ikastolatik kanpoko mundua erdaraz dabilela, “normala” gaztelania dela.

Goian azaldu dudan adibidea ez da anekdotikoa. Hizkuntzaren erabilerarako ezinbestekoa da espazioak irabaztea eta horren garrantzia azpimarratu ohi da behin eta berriz. Zeintzuk dira lehentasunak? Zer egingo dugu horietan eragiteko? Zenbat denbora dugu hori egiteko?

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin