Parentesirik gabe esanda, “euskararen maratoia”, gure hizkuntza biziberritzeko Euskal Herrian egiten ari garen bidea izendatzeko balio dezake. Parentesian dagoena ere esanda, ordea, adiera orokor horrez gain, helburu bera duen eta “soilik” Lasarte-Orian bizi dugun “festa” baten esanahia ere badu.
Euskararen Maratoia lasarte-oriatar askok euskaldun izateko dugun nahia sinbolizatzen duen jai bat da. 1986an hasi eta lau urtez behin egiten, ospatzen, dugun jai bat. 40 ordu, etenik gabe, irauten duen jai bat. Eguneroko maratoia, benetakoa, elikatzen laguntzen digun jaia. Euskararen Maratoia larunbatean goizeko 8:00etan hasten da eta igandean gaueko 12:00etan amaitu. Bitartean, Maratoia, 5 minutu baino handiagoko isilunerik ezin izan dezakeen etengabeko mikrofono bat da. 40 orduak herriko plazan hezurmamitzen dira eta oholtza zortzikote batek dinamizatzen du, umorea ardatz duten ekitaldiak berariaz prestatuz eta herritarrek prestatuta dituzten emankizunei bide emanez (parte hartzeko baldintza da Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egitea). Maratoiaren ardatza euskara da eta bere baliorik kuttunenetakoa, berriz, herriko euskaltzaleak, beren tira-bira ideologikoen gainetik, jaiaren inguruan biltzea. Maratoia da, korritu gabe, oso ongi esplika ezin daitekeen zerbait. Euskararen Maratoia herrian euskara berreskuratzeko egiten ari garen bidaia zail bezain polit honetako geltoki atsegin eta erakargarria ere bada. Atsegina, besteak beste, festa polit bat izaten delako. Herritar gehienok pasa izan dugu ondo maratoian, eta hori gure memoria historikoan txertatzen doa. Erakargarria, berriz, herritarrak erakartzeko indar berezi bat duelako. Erakarpen horrek hari-mutur asko izango ditu, baina ziur naiz badela bat bereziki indar handia duena. Hain zuzen ere, maratoiak duen filosofia hori, pentsaera desberdinak dauzkagun herritarrak parte izatera bultzatzeko oinarri hori. Euskaltzaleak elkar hartuta hasiz, euskaldunak elkarrengana biltzen jarraituz eta oraindik erdaldun direnak ere erakarriz. Ezaugarri hori agian ez zen Euskararen Maratoiarekin jaioko, ez dakit. Lau urtez behin ezaugarri horiek aipatze soilarekin ere ez da ezaugarri hori errotuko. Baina, Euskararen Maratoiak lagundu digu balore sendo horiek gizarteratzen, transmititzen. Euskararen Maratoiaren antolatzaile ofizialak Ttakun Kultur Elkartea eta Lasarte-Oriako Udala dira. Ttakunek dinamizatzen du Maratoia eta Udalak jartzen ditu baliabideak. Hala ere, Maratoia, bere printzipio nagusiei jarraituz, lasarte-oriatarrek egiten dute. Beti izan da Maratoiaren helburua ahalik eta herritar gehienek parte-hartzea eta, horretarako, aparteko parte-hartzea dute herriko elkarteek. Izan elkarte gastronomikoak (jan-edanak prestatuz), izan kirol-arlokoak (kirol probak prestatuz), izan musika eta kantuari lotutakoak (abesbatzak, musika-eskolak...), izan auzo-elkarteak, izan ikastetxeak, euskaltegiak... Izan, izan, Euskararen Maratoia, Lasarte-Oriako herritarrak gara. Euskararen Maratoia izateko nahiak eragindako, agian erasandako, ideia zoro batetik sortu zen. “40 ordu baietz!” (baietz 40 ordu iraun, 5 minutu baino handiagoko isilunerik gabe, euskaraz hitz eginez herriko plazan!) erronka izan zuen leloa eta praktika ere bai. Geroztik, erronka izateari utzi dio eta gozamen-iturri bihurtu da. Gerora, “Eguneroko plazerra”, “Bero-bero” edo “Korritzeko modukoa” goiburuak jarri izan dizkiogu. Nola ez, urte olinpikoetan izan ohi da gure maratoi hau ere. Beraz, aurten, urriaren 20an eta 21ean egingo dugu, ospatuko dugu “Bihotzetik plazara”. www.euskararenmaratoia.com Iñaki Arruti (Lasarte-Oriako euskara zerbitzuko arduraduna)Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Iruzkina egin