Enpresarean: enpresa euskaldunak, elkarlana eta utopia
Enpresa munduan elkarlanerako joera igartzen ari da; elkar ezagutzeko eta haien arteko elkarlana sustatzeko saiakerak egiten ari dira. Hortik, mota askotariko ekimenak edo proiektuak sortu dira, enpresen arteko auzolanaren arrakasta kasuak, alegia. Izan ere, oso aberasgarria da ezaugarri komunak dituzten enpresek elkar ezagutzea, beharrak identifikatzea, bakoitzak ematen dituen zerbitzuak ezagutaraztea edo esperientziak partekatzea. Arlo bereko edo beste arlo batzuetako enpresen artean elkarlana sustatzeaz gain, esperientzia ezberdinak ere ezagutu daitezke eta bezero edo hornitzaile berriak aurkitu daitezke. Networking saioak egin ohi dira eta horietan ezagututako hainbat enpresarekin harremana estutzeko aukera egon daiteke eta zerbitzu osoagoa emateko, zerbitzu berriak eskaintzeko edo bakarrik garatu ezin daitezkeen proiektuak elkarrekin aurrera eramateko elkarlana sor daiteke.
Baina, “euskara” ardatz hartuta, ba al da enpresa euskaldunen artean elkar ezagutzeko eta lan egiteko joerarik? Ba al da elkar ezagutzeko eta elkarlanean aritzeko eta esperientziak trukatzeko gogorik? Arlo berekoak izanda edo arlo desberdinekoak izan arren, lehiakidetzat dute enpresa hurkoa? Ba al da “lehialkartasuna” edo “koopetentzia” bezalako kontzeptuak aurrera eramateko nahirik, alegia, interes partikularretatik abiatuz proiektu kolektiboak garatzeko nahirik? Merezi al du?
Guk, baietz uste dugu, hizkuntzaren biziberritzean berebiziko garrantzia baitu. Askotan, ez da ezagutzen zerbitzu zehatz bat euskaraz ematen duen enpresarik eta zerbitzu hori euskaraz jaso nahi izanez gero, euskaraz lan egiten ohituta ez dagoen enpresa batera jo ohi da… Batzuetan, beranduago konturatzen gara badela zerbitzu hori euskaraz eskaintzen duen enpresarik… Bestetik, irizpide ekonomikotik begiratuta, enpresa euskaldunen ekonomian elkarlana oso lagungarria izan daiteke. Negozioak euskaraz enfokatuko dituzten ekintzaileak behar ditugu, euskaraz lan egitea eta jakintza, esperientzia eta baliabideak partekatzea errentagarria izan baitaitezke.
Enpresa euskaldunen arteko harremanak eta elkarlana sustatu nahi ditugu, muga guztiak gaindituz. Eta zuek, nola ikusten duzue enpresa euskaldunen arteko elkarlana?
Jabi Asurmendi (Bitarlan Informatika eta Teknologia Zerbitzuak) eta Rober Gutiérrez (Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea)
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.
Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.
Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.
Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).
Izan zaitez Bai Euskarari Laguna
Iruzkina egin