Sarean euskaraz aritu nahi dut

sarekohizkuntzak1.jpg

Erakundeak, enpresak, zerbitzu profesionalak, kirol taldeak, kultur elkarteak, gizarte mugimenduak, komunikabideak, saltokiak… Denak ari dira sareratzen… Horietako asko, gainera, gure etxe eta enpresetako hornitzaileak dira eta, horrenbestez, gure eta enpresen jardunean eragiten dutenak.

Zer eskatu behar diet sarean nirekin aritu nahi duten enpresei? Zein hizkuntzatan aritu behar du produktu edo zerbitzuren bat eskaini nahi didan enpresak/ organizazioak? Emunek enpresek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza-irizpideen inguruko iritzia eskatu dit eta eskariari erantzuten saiatuko naiz, Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duen edo eskuratu nahi duen enpresa batek alor horretan bete beharko lituzkeen zenbait irizpide proposatuz. Izan ere, Ziurtagiriaren Elkartea 2012ko urtarrilean hasiko da Bai Euskarari Ziurtagiriaren ebaluazioetan sare sozialen aldagaia era sistematikoan aztertzen eta, horrenbestez, enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek sarean duten hizkuntza-jokabidea ere neurtzen.

Bai Euskarari Ziurtagiria “Zerbitzua Euskaraz” edo “Zerbitzua eta Lana Euskaraz” maila lortu nahi duen enpresak euskaraz aritu beharko du sare sozialetan ere, informazioa euskaraz zabaldu beharko du, elkarrizketak euskaraz izan beharko ditu bezeroek (barne eta kanpokoek) hala eskatuta. Horixe da, hain zuzen, beti azpimarratzen den ideia, alegia, mezuen hartzailea nor den jakin behar dugu eta horren arabera erabaki zein hizkuntzatan aritu... Kasu honetan, euskal hiztun diren hartzaileekin, bezeroekin, kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin arituko dira… eta, jakina, pertsona horien hizkuntzetan aritu beharko lirateke. Sarea horiekin guztiekin harremanetan jartzeko beste kanal bat izango da.

Enpresa, saltoki eta era guztietako entitateek hizkuntza-kudeaketa zaindu beharko lukete; era berean, zehaztu beharko lukete zein izango den bere hizkuntza-politika, kontuan izanda hizkuntza komunitate bat baino gehiago dagoela herri honetan. Horrela bada, sare sozialetan ere izan beharreko hizkuntza-jarduna zehaztu beharko lukete.

 

Hizkuntzak hautatzeko garaian 3 faktorek eragiten dute nagusiki: legedia, merkatu-irizpideak eta entitate horretako erantzukizun soziala. Azken horri dagokionez, Europako Komunitateetako Batzordeak 2001ean argitara eman zuen Liburu Berdean ageri zen bezala, ardura soziala hartzeak betebehar juridikoetatik harago joan eta giza kapitalean, ingurunean nahiz solaskideekiko harremanetan ere inbertitzea esan nahi du. Hemen eta orain, enpresek erantzukizunez jokatzeak esan nahi du sarean ere euskaraz aritzeko bitartekoak jarri behar dituztela. Oraindik ere ulergaitza egiten zait Euskal Herrian aritu nahi duten entitateek hizkuntzaren irizpidea aintzat ez hartzea eta erantzukizunez ez jokatzea. Zergatik ote? Legedian jaso beharko al litzateke? Merkatuak hala jokatzera bultzatzen dutenaren pertzepzioa al dute? Enpresak konturatu behar dira hizkuntzaren aldagaia “baliatu” ahal duten osagaia dela, hor baitute merkatuan abantaila lortzeko ezaugarri esanguratsua. Enpresari eskatu behar zaio horretan berritzaileak izateko, jabetu behar baitira guretzat, kontsumitzaile eta erabiltzaileontzat, hizkuntza aldagai ezinbestekoa dela, produktuak eta zerbitzuak erakargarriagoak direla gure hizkuntzan eskainiz gero.

 

Beraz, zer gomendatuko nioke sare sozialetan zerbitzuak euskaraz eskaini eta lana euskaraz egitera iritsi nahi duen organizazio bati? Laburbilduz:

  • Jarioa euskaraz bermatzea, hau baita gure helburua, alegia, enpresetan bezeroekiko zerbitzua eta barrura begirako jarduera euskaraz izatea; euskararen presentzia eta tratamendua beste edozein hizkuntzak izan dezakeena izatea.
  • Beste hizkuntza batzuk erabili behar badira, aurrera. Arazorik ez. Twitter bezalako sareetan, euskaraz lehendabizi eta elkarrizketa edo eztabaidarako tartea utzi ondoren, erdarazkoa. Honela, lehentasuna emango diogu euskarazko edukiari eta jardunari.
  • Beste horrenbeste mezuak elkarren segidan zabaldu nahi izanez gero: euskaraz lehendabizi; ondoren, erdaraz. Google + bezalako sareek aukera ematen dute publikoa hizkuntzaren arabera bereizteko.
  • Ahal dela, ez egin itzulpenik hizkuntza bat baino gehiago erabili nahi izanez gero.
  • Bestela, hizkuntzen araberako kanal berezituak sortzea.
  • Elkarrizketa erdaraz hasten duenari iradoki behar zaio euskaraz jarrai dezakeela; bestela, euskaldunok zenbaitetan elkarrizketa erdaraz hasteko dugun joerak erabakitzen du elkarrizketaren hizkuntza…
  • Aukera izanez gero, aplikazioen euskarazko bertsioak erabili.

 

Euskaraz egin behar zaio (sarean) euskaraz erosi, dibertitu edo lan egin nahi duen pertsonari. Euskaraz egin behar zaio kirol talde baten albisteak eta emaitzak ezagutu nahi dituen pertsonari. Euskaraz egin behar zaio telefoniari buruzko kontsulta bat egin nahi duenari, produktu bat erosi nahi duenari, udal batekin aritu nahi duenari edo… sarean euskaraz bizi nahi duen orori.

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin