Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udala lankidetzan ari dira Arabako Lurralde Historikoaren alor sozioekonomikoan euskara sustatzen. Horren adibide dira LANABES ekimenaren barruan bideratzen ari diren programak, Arabako Enpresen Foroa, esate baterako.
Oraingo honetan, galdetegi bat betetzea proposatu nahi zaie Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dauden 20 eta 49 langile bitarteko enpresei, hizkuntzen presentziari eta erabilerari buruzko informazioa biltzeko helburuz; horrela, enpresei hizkuntza-kudeaketa hobetzen lagunduko dieten neurriak proposatu eta ezarri ahal izango dira.
Honako gaien inguruan galdetuko da:
1. Hizkuntza gaitasuna. Ezagutza maila.
2. Hizkuntzen erabilera enpresaren komunikazioan.
3. Hizkuntzen sustapena enpresan.
4. Enpresaren beharrak.
Lanabes talde eragileko partaide den Bai Euskarari Elkartea arduratuko da lanaren koordinazioaz.