PUNTUEUS FUNDAZIOAK HAMARKADA BAT BAINO GEHIAGO DARAMA EUSKARA ETA EUSKAL GIZARTEA MUNDU DIGITALEAN KOKATZEN. BAI EUSKARARI SARIA JASO DU AURTEN BIDE HORRETAN EGINDAKO LAN ESKERGA AITORTZEKO, .EUS DOMEINUAK EUSKAL ERAKUNDEEN ETA ENPRESEN PRESENTZIA DIGITALA INDARTZEKO DUEN BALIOA AZPIMARRATUZ. JOSU WALIÑO PUNTUEUS FUNDAZIOKO ZUZENDARIAK INTERNETEN EUSKARAK DUEN OSASUNAZ, ZIBERSEGURTASUNAZ ETA ADIMEN ARTIFIZIALAZ HITZ EGIN DIGU, BESTEAK BESTE.

Zorionak Bai Euskarari Sariagatik. Zer esanahi du Puntueus fundazioarentzat euskararen ingurune digitalean egindako lana aitortzen duen sari hau jasotzeak?
Eskerrik asko! Egindako lanari emandako aitortza guztiak dira garrantzitsuak eta poz handiz hartzen ditugu. Kasu honetan, Bai Euskarari Sariak esanahi berezia du: batetik, Puntueusen eguneroko jarduna balioesten duelako eta, bestetik, .eus domeinuak euskal enpresen presentzia digitala indartzeko duen balioa agerian uzten duelako. Saria bultzada da lanean jarraitzeko.
Ezagutzen ez zaituztenentzat, zer da Puntueus?
Puntueusen xedea da .eus domeinua erreferente eta eragile nagusia izatea euskararen lurralde digitalean. Horregatik, gure jardunaren muina domeinuaren kudeaketa, sustapena eta zibersegurtasunaren zaintza dira. Hala ere, gure lana haratago doa: euskal gizarte digital hobe bat eraiki nahi dugu, komunitatea euskaratik kohesionatuz, segurtasuna indartuz eta inklusioa sustatuz. Horregatik, euskararen ekosistema digitala garatzea helburu duten proiektuak jartzen ditugu abian, euskara sarean ikusgarri, baliagarri eta, batez ere, segurua izan dadin.
Hamarkada bat baino gehiago igaro da .eus domeinua sortu zenetik. Nola baloratzen duzue orain arteko ibilbidea?
Oso balorazio positiboa egiten dugu, hamabi urte hauetan .eus domeinuaren hazkundea etengabea izan baita sektore guztietan. Berriki argitaratu ditugu CIESen laguntzarekin egindako pertzepzio-azterketaren emaitzak, eta horiek erakusten dute euskal erakundeek eta gizarteak, oro har, domeinuaren ezagutza-maila oso altua dutela eta egiten duten balorazioa bikaina dela. Horrez gain, .eus domeinuak toki nabarmena irabazi du nazioarteko interneteko foroetan, eta gure lana erreferente bihurtu da domeinuen sektorean. Hala ere, oraindik baditugu sakontzeko eremu garrantzitsuak, lurraldetasunaren ikuspegitik .eus-en presentzia indartzea Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian, esaterako.
Zein da euskararen osasuna gaur egun sarean?
Urtero neurtzen dugu euskararen egoera Puntueus Behatokiaren bidez, eta oraintxe argitaratu ditugu azken datuak. Euskal Herriko webguneen % 20ak du euskarazko edukiren bat, datu esanguratsua da, kale-erabileraren parekoa baita. Hala ere, sareak abantaila bat du: edukiak euskaraz argitaratzeko eta kontsumitzeko tresna ugari ditugula, eta horiek hobeto baliatu beharko genituzkeela.
Gizartearen kontzientzia indartzea funtsezkoa da, bai edukiak sortzerakoan, bai tresnak erabiltzerakoan. Euskarak osasun digital ona duela esan dezakegu, adimen artifiziala bezalako eremu aurreratuetan ere presentzia duelako. Baina tresnak izateak ez du balio erabiltzen ez baditugu. Kalean bezala, sarean ere euskara erabili behar dugu: gure gailuak euskaraz konfiguratuz eta Interneten euskara komunikazio-hizkuntza nagusi gisa hautatuz.
Datuetara begira, nolakoa da gaur egun .eus domeinua erregistratzen duenaren profila?
Puntueus domeinuaren erabiltzaile-profila oso anitza da. Tipologiari begiratuta, era guztietako erakundeak aurki ditzakegu, baina askotan jendea harritu egiten da erabiltzaileen ia erdiak, % 45 inguru, enpresak direla jakitean. Enpresa txikiek presentzia handia dute gurean, baina baita nazioarteko konpainiek ere; horrek erakusten du domeinua eremu guztietara zabaldu dela.
Bai Euskarari sariak eguneroko lana ere aitortzen du. Fundazioaren barne-funtzionamenduan eta lantaldean, nola kudeatzen duzue euskara?
Puntueus fundazioa euskaraz bizi da: gure eguneroko lana euskara hutsez egiten dugu lantalde barruan. Egia da gure jarduna eleanitza dela, Interneteko nazioarteko gobernantza foroetan eta erabakiguneetan mugitzen garelako, eta horrek ingelesa erabiltzera behartzen gaituela. Hala ere, barne-kudeaketa guztia euskaraz da. Kanpora begirako komunikazioari dagokionez, lau hizkuntza erabiltzen ditugu: Euskal Herriko hizkuntza ofizialak eta ingelesa.

Zer abantaila edo balio erantsi dakar erakunde batentzat bere webgunea edo presentzia digitala .eus domeinuaren pean izateak?
Webgune bat .eus bidez argitaratzeak abantaila nabarmenak dakartza, bai ikuspegi estrategikotik, baita teknikotik ere. Batetik, nortasun digitala dago: domeinu honek gure komunitateari gertutasuna transmititzen dio eta proiektuaren nortasuna euskalduna dela adierazten du.
Bestetik, beste domeinu nagusiek eskaintzen ez dituzten abantaila teknikoak ditu. Zibersegurtasunaren alorrean egiten dugun lana askoz handiagoa da: Puntueusek domeinu guztien segurtasuna zaindu eta arazoren bat detektatzean, erabiltzailearekin harremanetan jartzen gara konpontzen laguntzeko. Horrez gain, arazo teknikoen aurrean eskaintzen dugun gertutasuna, laguntza teknikoa eta doako zerbitzu digitalak dira gure balio erantsi nagusiak.
Eten digitala murriztea ere aipatu ohi duzue zuen helburuen artean. Nola lagundu dezakete euskarak eta .eus domeinuak eten hori murrizten?
Arrakala digitalak murrizteko proiektu estrategikoak ditugu, gizarte-talde ezberdinei zuzenduak. Batetik, Gladys Saria azpimarratuko nuke, proiektu honen bidez emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna indartu nahi dugu ingurune digitalean. Bestetik, Gandik proiektua dugu, merkatarien digitalizazioa sustatzen duena lankidetza eta berrikuntza uztartuz. Azkenik, Kaixo Mundua egitasmoa dugu gazteen gaitasun digitalak sustatzeko. Proiektu hauen guztien helburua da gizarte-talde guztiek ingurune digitalean euskaraz aritzeko aukera, tresnak eta trebetasuna izatea.
Helburuak lortzeko, ezinbestekoa da elkarlana. Zein dira gaur egun zuen bidelagun nagusiak?
Puntueusek, duen izaeragatik, bidelagun garrantzitsuak ditu bai nazioartean, bai Euskal Herrian ere. Domeinuaren garapenari dagokionez, gure kide nagusiak nazioarteko eragileak dira, izan ere, zibersegurtasunaren eta Interneteko gobernantzaren sektoreko erakundeekin etengabeko harremana dugu. Besteak beste, ICANN, Global Cyber Alliance eta GeoTLD Group bezalako erakundeekin lan egiten dugu domeinuen sektorean .eus indartzeko. Euskal eragileekin dugun elkarlana ere funtsezkoa da, bai erakunde publikoekin lankidetza (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia edo EiTB, esaterako), bai euskal sektore digitaleko eragileekiko aliantza sendoa (Iametza, Izarkom, Cybasque, Elhuyar edo Azkue Fundazioa).
Beste hizkuntza edo kultura komunitate batzuek ere badituzte euren domeinu propioak. Zein harreman duzue haiekin?
Harreman oso estua dugu gurea bezalako hizkuntza eta kultura komunitateak ordezkatzen dituzten domeinuekin. Elkarrekin GeoTLD Group izeneko taldea osatzen dugu, eta Puntueus talde horretako zuzendaritzan dago gaur egun. Lankidetza hau oso aktiboa da, izan ere, ez gara elkarren lehiakide, bidelagun baizik. Elkarrengandik ikasten dugu eta kezka zein proiektu komunak partekatzen ditugu. Adibidez, gaur egun, domeinu geografiko eta komunitarioen SEO kalitatea (bilatzaileetako posizioa) ebaluatzeko ikerketa-proiektu bat garatzen ari gara elkarrekin. Helburua da maila teknikoan frogatzea .eus, .cat, .quebec edo antzeko domeinuak .com edo .net bezain eraginkorrak eta fidagarriak direla Interneten. Elkarlan honek babes teknikoa eta ordezkaritza ematen digu nazioarteko foroetan.
Ingurune digitala etengabe aldatzen ari da, eta adimen artifiziala da gaur egungo iraultza nagusia. Zer paper jokatu behar du euskarak testuinguru honetan, eta zer egiten ari da Puntueus erronka horri erantzuteko? Adimen artifizialak paradigma aldaketa erabatekoa ekarri du alor guztietan. Zorionez, euskararen kasuan lehen mailako eragileak ditugu, eta horrek AAren olatua garaiz harrapatzeko aukera eman digu. Gainera, OpenAI edo Gemini bezalako tresna nagusiek euskara maila oso altuan erabiltzen dute, beraz, orain gure esku dago aukera hori modu estrategikoan baliatzea. Puntueusen kasuan, AAren erabilera praktikoa dugu ardatz. Egunerokoan, zibersegurtasunaren zaintzarako erabiltzen dugu, eta Puntueus Behatokian domeinuen kategorizazioa findu eta automatizatzeko txertatu dugu. Horrez gain, Elia-ren bidez, doako itzulpen automatikoa eskaintzen diegu .eus domeinua duten webguneei.
Hala ere, aurten jauzi kualitatibo bat egingo dugu: adimen artifizialean oinarritutako tresna berritzaile bat aurkeztuko dugu laster. Euskal ekosistema digitalarentzat mugarri bat izango dela uste dugu, baina xehetasun gehiago emateko gutxi falta denez, adi egon beharko duzue.
Zibersegurtasuna ezinbesteko bihurtu da enpresentzat. Nola bermatzen duzue .eus domeinuaren segurtasuna?
Garrantzi handia ematen diogu zibersegurtasunari, .eus komunitatea seguru egotea gure lehentasunezko ardura baita. Horretarako, hiru urratseko estrategia zehatz baten bidez egiten dugu lana: lehenik, prebentzioan zentratzen gara, erakundeentzat babes-tresna espezifikoak eskainiz phishing erasoak eta identitate-usurpazioak ekiditeko; ondoren, monitorizazio lan jarraitua egiten dugu, egunero .eus diren webgune guztiak aztertuz tresna bereziekin zibererasoak edo malwarea garaiz detektatzeko; eta, azkenik, arazoren bat hautematen badugu, zuzenketaren faseari ekiten diogu, erabiltzaileari laguntza tekniko zuzena emanez intzidentzia konpon dezan. Modu honetan, detektatutako kasuen % 100 bideratzea lortzen dugu.
Euskal enpresei emango genien aholkua argia da: zibersegurtasuna ez dela gastu bat, inbertsio estrategikoa baizik. Garrantzitsua da tresna teknikoak izatea, baina baita lantaldea trebatzea eta gertuko bidelagunak izatea ere.
Zer mezu edo aholku emango zeniokete oraindik .eus domeinuari errezeloz begiratzen dion enpresa edo erakunde horri pausoa ematera animatzeko?
Internet aldatu egin da, jada gaur egun milatik gora domeinu-luzapen daude eta nortasun digitala marka propioaren bidez espresatzea ingurune digitala ulertzearen eta baliatzearen adierazgarri da. Errezeloa duten horiei esango nieke .eus-ek ez diela aterik ixten, nortasuna eta zerbitzua irabaziko dituztela. Beraz, nire gomendioa litzateke probatzea eta urratsak ematen hasteko beldurrik ez izatea.