Hizkuntza kudeaketa enpresaren egunerokoan txertatu behar da

CARLOS RUIZ GONZALEZ – Kutxako Gizarte Alorraren eta Komunikazioaren zuzendaria

Donostia, 1957. Gaztetan hasi zen lanean Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean, artean oraindik elebakarra zela. Berehala ekin zien euskara eskolei, 1978an, Oskarbi musika taldean lehen pausoak ematerako jada osatua bait zuen euskalduntze bidea. 90etan Gipuzkoako Ikastolen Federazioan Sto Tomas Lizeoaren ordezkari aritu zen, Euskararen Aholku Batzordeko kide da 2007az geroztik, musikazale eta kantuzale petoa, Oskarbi taldean darrai gaztetatik kantuaren hegaletan gustura.

1998an Kutxaren Miramongo Trebakuntza Eskolaren arduradun izendatu ondoren, 2002-2008 artean, Kutxaren Giza Baliabideen zuzendari jardun zuen; geroztik, Gizarte Alorraren eta Komunikazioaren zuzendaria da. Berea da "euskarak gorbata gehiago behar ditu" esaldia, esparru formaletan ere aritu beharra aldarrikatzeko.

Azken aldian alde guztietan ikusten da Kutxaren logo berria. Zergatik aldaketa hori?
Aurrezki Kutxek sortze beretik dute egiteko bikoitza: gizartearen garapen ekonomikoari eta sozialari laguntzea. Historian zehar, ordea, bi egiteko horiek bereizteko joera erakutsi dute eta logo berriarekin erakutsi nahi izan dugu guretzat uztarturik daudela. Gure egitasmoan ez da kabitzen Gizarte Ekintzarik gabeko finantza erakundea.

Hain zuzen, badirudi egungo krisian Kutxen eredu hori dagoela airean, eta pribatizazioa ere aipatu da. Badago arriskurik?
Bai, arriskua nabarmena da. Nire ustez, bost urte barru oso aurrezki kutxa gutxi geldituko da Espainiako finantza sisteman, eta oro har Gizarte Ekintzara bideratutako diruak asko murriztuko dira.

Eta Kutxaren kasuan?
Guk borondate argia daukagu orain arteko ereduari eusteko. Eta gure bezeroen leialtasunari esker oso indartsu gaude merkatuaren presioei eusteko, azken frogek erakutsi duten bezala. Beraz, nahi dugulako eta ahal dugulako, eutsiko diogu gure egiteko bikoitzari.

Datu argigarri bat emango dizut. Finantza krisiak eta kudeaketa zuhurrak eraginda, Kutxaren mozkinak erdira jaitsi dira 2007tik 2009ra bitartean eta, hala ere, eutsi egin diogu Gizarte Ekintzaren aurrekontuari. Gainera, aurrera begira aldaketa sakonak ari gara egiten nire alorraren antolaketan, Gizarte Ekintza garai berrietara egokituta gure jarduera eraginkorragoa izan dadin.

Zertan datza aldaketa hori?
Atal asko aipa nitzaken, baina bitara mugatuko naiz. Alde batetik egitura birmoldatu dugu, fundazioen bidea hobetsita, tresna moderno eta egokiak bihurtu direlako. Eta bestetik, gure lan ildoak egokitu ditugu XXI. mendeko gizarteak eskatzen duenera. Oinarrizko zerbitzu gehienak herri administrazioek eskaintzen dituztenez, guri dagokigu eskaintza horren eta ekimen pribatuak baztertzen duenaren artean ibiltzea. Aurreratuko dizut Onkologiko berriarekin osasunaren zikloa burutu ondoren hurrengo zikloaren ardatza ingurumena eta jasangarritasuna izango direla.

Gizarte Alorraren barruan, euskara sustatzera bideratutako proiektuek lekurik ba al dute?
Kutxan gipuzkoar jendartearen, Kutxaren bezeroen eta bere baitako lankideen igurikapenei egoki erantzuten ahalegintzen gara, baita hizkuntza igurikapenei ere, eta norabide horretan, urte luzez elkarlanean dihardugu. Urrutirago joan gabe, Gipuzkoako eta Eukal Herriko Bertsozale Elkarteekin, Gipuzkoako eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteekin, UZEI bezalako erakundeekin eta hainbat Euskara Elkarterekin. Azken urteetan gainera, apustu estrategikoetan murgildu gara; Ahotsak.com egitasmoa babestu, Soziolinguistika Klusterreko bazkide egin eta Mintzola Fundazioaren patrono sortzaile izan, besteak beste.

Kutxaren Hizkuntza Politikaren ardura 1998az geroztik zure ardurapean dago. Orduz geroztik zein izan dira zure erronkak?
Erronka nagusia izan da hizkuntza kudeaketa enpresaren eguneroko engranajean txertatzea eta bidean urrats ugari eman ditugu: 2000.eko hamarkadaren hasieran eskuratu zuen Kutxak Bai Euskarari Ziurtagiria, garai beretsuan jendaurreko lanpostuetarako langile elebidunen kontratazioa orokortu genuen eta, horri esker, gaur egun Gipuzkoan jendaurrean lanean diharduten lankideen gehiengo handia elebiduna da.

Hamarkada berean, beste herrialdeetan bulego ugari zabaltzeak errealitate berri batera eraman gintuen, eta hamarkadetan euskara eta gaztelera kudeatzen pilatutako esperientziak, hizkuntza gehiago kudeatzeko egokieran jarri gintuen. Izan ere, gurean jada sei hizkuntzekin egiten dugu lan egunerokoan: euskara, gaztelera, katalanera, galegoa, frantsesa eta ingelesa.

Baina euskara, Kutxaren jatorrizko lurraldeko hizkuntza berezkoa da eta gaztelerarekiko harremanean duen desoreka gainditzeko berariazko kudeaketa eskatzen du eta horri egoki erantzuteko ahaleginean dihardugu Kutxan. Horren adierazle asko dago: lanpostura euskaraz konektatzeko aukera, goizero intraneteko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera, laneko aplikazioa euskaraz baliatzekoa eta lanean euskaraz egiteko laguntza tresnak (hizkuntza ezagutza helbidetegi telefonikoan, hiztegiak, glosategiak edota itzulpen memoriak). Eta beste maila batean Hizkuntza Plana bera, hizkuntzen kudeaketarako lanpostu bat sortu izana, lankideen hizkuntza ezagutza jasotzeko autoebaluazio sistema, herri erakundeekin sinatutako elkarlan hitzarmenak eta Eusko Jaurlaritzak 2007an egindako ibilbideari aitortutako Ukan saria eta 2008an eskuratutako Bikain Ziurtagiria bera ere.

Jarritako helburuak bete al dira? Zergatik da zuen ustez garrantzitsua euskara organizazioan txertatzea?
Hizkuntza gaiek enpresako gainerako gaiekin batera kudeatu ezean, ibilbide laburra dute lanleku baten eguneroko martxan. Ahalegin berezia egin dugu hizkuntzen kudeaketa gainerako adierazleen parera ekartzeko eta gainerako gaiekin batera molde estandarretan kudeatzeko. 2010eko Kudeaketa Planean jaso dira lehenengo aldiz hizkuntza helburuak, alor bakoitzeko hobetze-helburuetan, eta honi esker, jarritako helburuei jarraipena egiten ari gatzaie geroztik. Hizkuntza kudeaketa enpresaren engranajean txertatu behar da gainerako aldagaien kudeaketarekin batera, ezin da aparteko gai bat izan.

Gizarte Alorraren zuzendaria izateaz gain, Komunikazioarena ere bazara. Kutxak gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere komunikatzen du. Zergatik komunikatu euskaraz?
Arrazoi askorengatik. Hasteko, erantzukizunez jokatzea dagokiolako bertako berezko hizkuntzarekiko, Kutxa bere jatorrizko lurraldeari eta jendarteari zor zaion erakundea izaki. Kutxa gainera, finantza erakundea da eta Gipuzkoan euskaraz eta gazteleraz bezala, hedapenean lekuan lekuko hizkuntzan jardun denean, bere bezero eta lankideengandik onespena eta atxikimendua jaso izan ditu. Bezeroarekiko arreta zerbitzuaren kalitateari begira jarriz gero, eta zehazkiago hizkuntzari dagokionean, bezeroak hizkuntza aukeratzeko aukera duenean egongo gara kalitate parametroetan, izan ere, bezeroa bere hizkuntzan artatzeak, zuzeneko eragina du bezeroaren asebetetze mailan eta beraz baita negozioaren emaitzetan ere.

Euskara erabiltzeak eta euskararen marka hori berekin eramateak zein onura dakarzkio bada Kutxari?
Hizkuntzen garrantzia erakusten digute urtero gizartean egiten ditugun merkatu ikerketen emaitzek. Esaterako, mailegu bat egiterakoan zerbitzu hizkuntza gaztelera izanda interesa merkeago jarri arren, gipuzkoarren lautik batek interesa zerbait garestiago ordaintzeko prestutasuna azaltzen du euskaraz artatuko badute. Bada zerbait.

Kutxak gainera, bere izenean, bere markan bertan du euskara, K-rekin eta TX-rekin idazten baita, beraz alperrik da gure kasuan euskara ezkutatzen saiatzea. Hedapenean ere, marka bera mantendu dugu, eta antza ez da kalterako izan, hedapen prozesua arrakastaz burutzen ari baigara. Hizkuntzen gaian, aurreiritzi eta portaera desproportzionatu ugarirekin egin dugu topo urte hauetan guztietan, eta kudeaketa eraginkor batek portaera horiek identifikatu eta normaltasuna esperimentatzea eskatzen du, hortik praktika onak jaso eta zabaltzeko.

Aurrera begira zein dira erronka nagusiak hizkuntza kudeaketari dagokionean?
Hizkuntza kudeaketan lidergo posizio batean jardun nahi dugu, finantzen sektorean erreferente garbi bat markatzeko eta Kutxa taldeko erakundeetan, nahiz enpresa partaidetuetan, norabide berean eragiteko. Gipuzkoan gainera, erronka berezi baten aurrean gaude: lehenago irakaskuntzaren esparruan egin bezala, orain euskara lanaren esparruan txertatzea tokatzen da. Ikastetxe eta unibertsitatean elebidundutako belaunaldi berriak hasita daude lanean euskara ere erabiltzen.

Norabide horretan, Bikain ziurtagiriaren 2008ko Ebaluazioan antzemandako hobetzeko neurriekin dihardugu orain, hauek burutu orduko, urrezko ziurtagiria eskuratu ahal izateko. Era berean, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko "Guk Zerbitzua Euskaraz" ziurtagiria, Nafarroa eta Lapurdiko bulegoetara hedatzera iritsi nahi genuke.

Hizkuntza kudeaketari lotutako bi ziurtagirien jabe da Kutxa: Bai Euskarari ziurtagiria eta Bikain ziurtagiria. Zertan zaizkizue baliagarri bata eta bestea?
Nik hizkuntza politikaren ardura hartu berritan abiatu zen Bai Euskarari ziurtagiria eta tresna baliagarria izan zen guretzat Kutxan urrats berriak emateko, gizartearen bulkada zekarkigun aldetik.

Bikain ziurtagiriak izan zuen balio erantsi bat: EFQM kalitatearen metodologiarekin zetorren eta, nola hori gurean oso ezaguna den, lagundu zigun hizkuntza kudeaketa normalizatzen, beste aldagaien parean jartzen. Eta ebaluazioaren emaitza ere ona izan zen: Kutxa da Bikain ziurtagiria eskuratu duen lehen finantza etxea.

Hori esanda, seguruenik Bikain ziurtagiria ez zen izango lehenago Bai Euskararirena martxan jarri izan ez balitz. Bata bestearen sekuentzia logikoa da eta gainera erabat osagarriak direla ikusi dugu izaera eta metodologiari dagokionean, baita lurraldetasunari dagokionean ere. Ona litzateke bi ziurtagiriak bakarrera ekarri eta herri erakundeen eta gizarte mugimenduen artean elkarlana bideratzea. Bi ziurtagiriekin darraigun enpresek eskertuko dugu.

Aipuak:
"Euskarak gorbata gehiago behar ditu"
"Hizkuntza kudeaketan lidergo posizio batean jardun nahi dugu, finantzen sektorean erreferente garbi bat markatzeko"
"Ona litzateke bi ziurtagiriak bakarrera ekarri eta herri erakundeen eta gizarte mugimenduen artean elkarlana bideratzea"
"Lehenago irakaskuntzaren esparruan egin bezala, orain euskara lanaren esparruan txertatzea tokatzen da"

Chers amis, et chères amies,
 

Vous aussi vous pouvez soutenir notre projet en devenant Bai Euskarari Laguna.

L’objectif de l’association Bai Euskarari est d’impulser l’utilisation de l’euskara dans le secteur socio-économique, et cela dans tout le Pays Basque. Le certificat ou Label bai Euskarari est l’élément le plus distinctif de l’association, et en plus de ce projet, nous en avons d’autres qui visent à accroître l’utilisation de l’euskara toujours dans le secteur socio-économique : tel que le réseau d’entreprise et de professionnel Enpresarean, le portail de travail Lansarean, le comité d’entreprise Euskaragileak, Lanabes-Araban Euskara Lanean, etc.

Notre projet est principalement viable grâce à l’apport des entités certifiées, à savoir grâce à la communauté Bai Euskarari. Cependant, vous pouvez tout de même soutenir notre projet sans obtenir de certificat en devenant Bai Euskarari Laguna.

De plus, l’association Bai Euskarari a reçu la dénomination d’activité prioritaire de mécénat par Gizpukoako Foru Aldundia. Ainsi, vous aurez un avantage fiscal dû à la contribution faite à Bai Euskarari : une déduction de 18% pour les entreprises et 30% pour les particuliers.

 

DEVENEZ MEMBRE DE LA COMMUNAUTE BAI EUSKARARI

 


Commenter