Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?
Egin dugun lanaren aitorpena izan da. Sorpresa ere izan da guretzat oso naturala izan baita hasieratik proiektua euskaraz garatu behar genuela eta horregatik saririk jasotzea ez genuen inondik inora espero.
Hasieratik euskara izan duzue ardatz, beraz.
Bai, baina ez zen erabaki kontzientea izan. Ez genuen planteatu ere egin proiektua zein hizkuntzatan aurrera atera behar genuen. Espainiako enpresa batek planteatu ere egiten ez duen moduan zein hizkuntzatan egin behar duen. Taldea osatu genuenean denok euskaldunak ginen, euskaraz lanean hasi ginen eta ez zitzaigun burutik pasa ere egin beste hizkuntza batean garatuko zen proiektua izango zenik. Badugu anekdota bat, gainera, kontu honekin: Izarkom sortu eta lehenengo egunetan ekonomia sozialeko azoka bat egin zen eta eskuorri batzuk prestatu genituen bertarako, euskara hutsean. Adineko gizon bat gerturatu zitzaigun eta galdetu zigun ea gaztelaniaz ba ote genuen informaziorik. Orduan konturatu ginen agian erdaraz ere atera behar genuela eskuorria.
"Bazkideen % 96ak euskara hutsean eskatzen du informazioa"
Bazkideei galdetzen diegu ea zein hizkuntzatan jaso nahi duten informazioa, euskara hutsean edo euskaraz eta gaztelaniaz edo frantsesez. Bazkideen % 96ak euskara hutsean eskatzen du. Behin kontzientzia hartuta euskara kudeatu behar genuela, Hizkuntza Politika prestatu genuen, bazkideei gure jarreraren berri emateko. Badaude informazio batzuk, adibidez, zeinak ezin ditugun bi hizkuntzatan bidali, aplikazioak hizkuntza bakarra uzten duelako. Euskaraz bidaltzen dugu informazio hori eta motza eta ulertzeko erraza izaten da. Gainera, beti jartzen ditugu euskara hutsezko informazioa ulertzeko erraztasunak.
Zergatik eskuratu zenuten Bai Euskarari Ziurtagiria?
Euskaraz lan egiteko erabaki kontzientea hartu genuen eta adierazi nahi izan genuen guk lan egin eta zerbitzua eskaini euskaraz egiten genituela. Badago jende asko, automatikoki, gauden sektorean gaudelako, erdaraz zuzentzen zaiguna. Ziurtagiriarekin esaten diegu gurekin kontaktuan jarriko direnei gure oinarrizko hizkuntza euskara dela.
Horregatik, hasieratik erabaki genuen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzea eta webgunean ere hori oso argi azaltzea. Argi eta garbi adierazi nahi diogu jendeari euskaraz lan egiten dugula eta zerbitzua euskaraz ematen dugula eta eman nahi dugula.
Zer egiten duzue Izarkomen?
Izarkom telekomunikazio operadorea da eta beste operadoreen zerbitzu berberak ematen ditu: telefonia finkoa, telefonia mugikorra eta Interneteko konexioa. Irrati-lotura bidezko Internet zerbitzua ere eskaintzen dugu, haririk gabe. Izarkom, baina, ez da operadore hutsa: telekomunikazio burujabetzaren arloan pausoak emateko herri proiektua da. Interneterako konexioa eskubidea da eta Euskal Herrian eskubide hori gauzatzeko proiektua da gurea. Geroz eta oinarrizko zerbitzu gehiago eskaintzen dira Internet bidez eta guztiok izan beharko genuke Interneterako konexioa bermatuta. Baina gaur egun ez da horrela: Interneterako konexioa beste merkantzia bat da eta etekin handiak ematen dituen arloa, gainera.
"Euskal Herrian telekomunikazio burujabetza lantzen joateko bidea da Izarkom"
Interneterako konexioa izatea eskubidea baldin bada eta herri gisa erronka estrategikoa bada, ezin dugu kanpoko operadoreen esku utzi. Errepideak ere publikoak nahi ditugun eran eta horiek enpresa pribatuen esku uztea onartuko ezgenukeen moduan, Interneterako konexioak ere publikoa izan beharko luke. Helburu horretan lanean hasteko lehen pausoa saretzea izan zen eta, formula ezberdinak aztertu ostean, irabazi asmorik gabeko kooperatiba osatzea erabaki genuen. Euskal Herrian telekomunikazio burujabetza lantzen joateko bidea da Izarkom. Eta filosofia horren barruan, edozein operadorek bezala, zerbitzuak ematen ditugu.
Azpiegituretan ere lan egiten duzue?
Oso argi genuen hasieratik telekomunikazio zerbitzuak emateko azpiegiturak egon behar zirela. Euskaltelek edo Movistarrek beraien sareak egin dituzte eta kasu horietan lotuta doaz azpiegiturak eta operadorea. Guk aldarrikatzen duguna da azpiegiturak publikoak izan behar direla; autoendako errepideak publikoak izatea argi ikusten badugu, nola onartzen dugu hain erraz errepide digitalak enpresa pribatuen eskuetan egotea? Euskal Herrirako azpiegura publiko komunitarioak aldarrikatzen ditugu. Horrelako azpiegitura estrategikoak ezin dira gobernuen eskuetan bakarrik utzi, gizarteak ere parte hartu behar du azpiegitura horien diseinuan eta kudeaketan.
"Nola onartzen dugu hain erraz errepide digitalak enpresa pribatuen eskuetan egotea"
Gure sareak hedatzen hasi ginen Izarkomen, edozein operadorerentzat irekiak eta libreak. Baina nola operadore zerbitzua ere ematen dugun, gainerako operadoreentzat konpetentzia ginela ikusi genuen eta nolabait banandu behar genituela sareak egitea eta zerbitzuak ematea. Hala, Udalbiltzarekin batera sortu genuen EHKom proiektua. Erakunde neutrala da EHKom eta operadoreek ez dute konpetentzia moduan ikusten.
Zerk bereizten du Izarkom gainontzeko beste telekomunikazio operadore horietatik?
Helburuak bereizten gaitu. Besteen helburua etekin ekonomikoa ateratzea da, gizarteak duen behar baten bidez negozioa egitea. Gurea kontrakoa da. Guk nahi duguna da gizarteari behar duen zerbitzua ematea, helburua etekin ekonomikoa izan gabe. Hirietan ez da sarbide arazorik egoten. Baina landa eremuetan, adibidez, badaude arazoak zenbait baserritan. Internetera konexioa eskubidea baldin bada, horiei ere zerbitzua eman behar zaie eta konexioa bermatzeko beharra dago. Zerbitzu hori hartzaileentzat eskuragarri izan behar da ekonomikoki ere.
Eremu erdaldunean nola moldatzen zarete hornitzaile eta abarrekin euskaraz egiten?
Hornitzaile askorekin erdaraz egin beharra dugu. Guk eskatzen diegu zerbitzua euskaraz ematea, baina etengabeko borroka da. Zenbait zerbitzu euskaraz eskaintzea lortu dugu, baina hornitzaileek guregandik pasa gabe ematen dituzten zerbitzuak erdaraz dira. Espainian lau sare daude eta horietara mugatu behar gara. Horiek bidaltzen dituzten mezuak, adibidez, beste estatu batean roaminga aktibatzen zaizunean, beraien sareetaatik bidaltzen dituzte. Gure apustua da horiek ere euskaraz izatea, hori aztertzen ari gara. Hornitzaileek badakite zer lortu nahi dugun eta askok laguntzen digute, baina beste batzuek esaten digute ezin dela egin.
Sei urte ditu zuen kooperatibak. Zein bide egin duzue?
Aurten sei urte egin ditugu, baina hasieran beste erritmo batean aritu ginen. Pandemia garaian, ikasle guztiak etxera joan zirenean, asko geratu ziren konexio gabe eta hor hartu genuen erabakia mugikorreko sim txartelak ikasleei koste prezioan banatzearena; hau da, ikasle horien konektibitatea bermatzeko kanpaina jarri genuen martxan. Ordutik hona igoera handia izan du Izarkomek. Hasieran jardun erdira zegoen lankide bat eta, ikasleen arteko kanpainatik aurrera, bi langile sartu ginen jardun osoan; azken urteotan 12 langile izatera pasa gara. Garapena izugarria izan da. Lokal bat partekatzen genuen lehen; orain bi lokal propio ditugu, bat Irunen eta bestea Bilbon, eta laster Iruñean beste bulego bat irekitzeko proiektua dugu eskuartean. Dagoeneko, 3.500 bazkidetara iristear gaude.
Zein dira etorkizunera begira dituzuen erronkak?
Gure proiektua ezaguraztea da erronkarik handiena. Beste operadoreek dirutza handiak erabiltzen dituzte produktuak iragartzeko eta guk, alde batetik, ez dugu diru hori, ez dugu mailegurik edo bazkide kapitalistarik. Eta, bestetik, oso zaila egiten zaigu iragarki batekin bakarrik Izarkom zer den adieraztea. Hurrengo urteko erronka hori izango da, bazkideen laguntzari esker ea lortzen dugun gure proiektua gehiago zabaltzea.
Vous aussi vous pouvez soutenir notre projet en devenant Bai Euskarari Laguna.
L’objectif de l’association Bai Euskarari est d’impulser l’utilisation de l’euskara dans le secteur socio-économique, et cela dans tout le Pays Basque. Le certificat ou Label bai Euskarari est l’élément le plus distinctif de l’association, et en plus de ce projet, nous en avons d’autres qui visent à accroître l’utilisation de l’euskara toujours dans le secteur socio-économique : tel que le réseau d’entreprise et de professionnel Enpresarean, le portail de travail Lansarean, le comité d’entreprise Euskaragileak, Lanabes-Araban Euskara Lanean, etc.
Notre projet est principalement viable grâce à l’apport des entités certifiées, à savoir grâce à la communauté Bai Euskarari. Cependant, vous pouvez tout de même soutenir notre projet sans obtenir de certificat en devenant Bai Euskarari Laguna.
De plus, l’association Bai Euskarari a reçu la dénomination d’activité prioritaire de mécénat par Gizpukoako Foru Aldundia. Ainsi, vous aurez un avantage fiscal dû à la contribution faite à Bai Euskarari : une déduction de 18% pour les entreprises et 30% pour les particuliers.
Commenter