"Erabateko eraldaketa garaian gaude eta bereziki euskarak sekulako erronka du"

Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko zuzendari nagusia

JonAbril.JPG

Euskara eta zientzia uztartzeko sortu zen Elhuyar duela 50 urte eta harrezkero bide oparoa egin du erakundeak. Erreferentzialtasuna lortu dute zientzia arloan eta beste hainbat proiektutan murgilduta daude. Bai Euskarari Saria jaso dute aurten. 

Bai Euskarari Saria jaso duzue. Zer da zuentzat sari hau jasotzea?

Poz handiz jaso dugu albistea. Etxekoek edo gertukoek, gehien maite gaituztenek, lana eta ibilbidea aitortzen dizkigutenean poz berezia izaten da. Era berean, bada nolabaiteko aitortza euskararen arloan egin dugun ibilbideari.

Ez gara batere originalak izan. Aurten sari zaparrada jasotzen ari zarete.

Hirugarren saria da. Ser Irratiak eta Elkarrek ere eman digute sari bana. Gure lana ikusarazteko eta komunitateari esker ona emateko baliatzen dira sariak. Urte batzuk zailak eta gogorrak izan dira eta azken urteotan gizarteari ekarpen polita egin diogu, eremu ezberdinetan. Orain, urte aunitzetako ekarpenaren fruituak jasotzen ari gara.

Badakigu 50 urte laburtzea ez dela lan erraza, baina zer zen Elhuyar duela 50 urte eta zer da gaur egun?

Erabat aldatu da. Duela 50 urte, gazte utopiko ameslari batzuen borondate handiko lana zen. Euren lan eta jardueratik kanpo egiten zuten lana. Beraien beharretara egokitutako lana zen, beraien esparruan euskaraz ezer ez zegoelako. Kontestu berezia zen: frankismoaren bukaera, euskararen berpizkundea, ikastolen sorrera, Elkar, UEU, euskara batua, etab. Testuinguru horretan, zientziatik, euskarari ekarpena egin nahi izan zioten. Hura egituratzen joan zen eta gaur egun Elhuyarren 100 langiletik gora gara eta urtero 6 milioi euroko aurrekontua dugu. Aitzindaria izan da: hiztegi erreferentziala, lehen euskara planak Elay eta CAFekin, hizkuntza teknologien arloan, adimen artifizialean, euskaraz zientziaren dibulgazioan…

Elhuyar hiztegiarekin lotzen dute askok erakundea, baina hiztegia baino askoz gehiago da. Zein arlotan diharduzue lanean?

Lau esparru nagusitan egiten dugu lan. Lehenengoa, euskara planekin eta hizkuntza zerbitzuekin lotutakoa da: euskara-panak, itzulpen zerbitzuak, hiztegigintza… Bigarren batean berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala bultzatzeko prozesuak bideratzen ditugu, erakunde publiko nahiz entitate pribatuetan. 

Zientziaren gizarteratzea da hirugarrena. Hiru eremutan ari gara zientzia gizarteratzeko eta hezkuntzaren alorrean zabaltzeko lanean: kultura zientifikoa zabaltzen, gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta gaitasunak garatzeko ekimenak sortzen (STEAM hezkuntzara bideratutakoa, Zientzia azoka, aisialdian gazteek zientziarekin gozatzeko espazio fisikoak), eta kalitatezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen (Norteko Ferrokarrila, Ekosfera, Elhuyar aldizkaria, Zientzia.eus). Laugarren esparrua ​​adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologiena da. Ahotsaren arloan asko aurreratzen ari gara, Big Dataren inguruan aplikazio ezberdinak sortzen, chatbotak, bilatzaile neuronala… Ez gara aspertzen!

Proiektu berri bat aurkeztu duzue, Orai, adimen artifizialeko langunea. Zertan datza proiektua? 

2019an, Elia aurkeztearekin, ikusi genuen lantalde gaitu bat bagenuela eta ondo posizionatuak geundela hizkuntza naturalaren prozesamenduaren eremuan. Euskal Herrian ondo kokatuta geundela ikusi genuen, euskaraz pentsatu eta lan egiten dugu, baina beste hizkuntza batzuetan ere bai. 

Asko kostatzen zaigu zenbait eremutan murgiltzea, bereziki enpresa korporatibo handietan. Teknologia adimendunen proiektuetan euskara ere egon behar da, industria ari da horretan eta badagokigu ahalegin hori egitea. Esparru horretara begira sortu dugun egitasmoa da Orai. Elhuyar markarekin zentratuko gara hizkuntzaren garapena eta gizarteari begirako ekarpena egiten; Orai-rekin enpresa industrialetan, bestelako enpresetan eta administrazioan arituko gara. Jakintza partekatua izango da. Nahi dugu batak bestea elikatzea eta gure erakundearen balio hauek eramatea arlo industrialera: teknologia inklusiboa, edozein hizkuntzatan, edozeinen esku eta etikoa izan dadila.

“Globalizazioan desberdin egiten gaituzten horiei eusten badiegu, hobeak izango gara.”

 

Zientzia eta euskara uztartzea izan zen hasierako erronka, baina horretatik harago zientzia arloan erreferentzialtasuna lortu duzue, batez ere pandemia garai honetan. Zein oztopo izan dituzue eta nola egin diezue aurre?

Pandemiak balio izan digu are eta gehiago ikusarazteko egiten dugun lana. Euskaraz, hurbiltasunez eta lasaitasunez informazioa transmititzen asmatu dugu. Pentsatu genuen gizarteari modu erraz eta labur batean eman behar geniola gertatzen zenaren berri eta horretarako bideo pilulak sortu genituen. Euskarazko hedabideen komunitate osoari eskaini nahi izan genizkien eta astero euskarazko 40 hedabidek zabaldu zituzten edukiak. Begi-bistakoa izan zen emaitza. Pandemiak erakutsi zuen ez ginela kasualitatez iritsi erreferentzialtasun hori lortzera. Elhuyar abila izan da sare heterogeneoa sortzen, hitzarmen asko baititugu enpresekin, administrazioarekin, euskalgintzako erakundeekin, eta horrelako egoera batean badakigu nora jo informazio bila.

Etengabeko berrikuntzan aritzen zarete. Nola egiten da hori? Zein prozesu jarraitzen duzue konfort gunean ez gelditzeko?

Lan egiteko modu bat da. Erakunde nahiko horizontala gara eta edonork proposatu dezake zerbait berria egitea eta ikusi edo entzun dugun zerbaiti tira egitea. Adi egoten gara gizartean gertatzen denari eta sare horretatik ere asko elikatzen gara. Espazio informalei garrantzia ematen diegu. Proiektu berrien garapenean etengabe aritzen gara. Izaeraz ere ez gara hagitz konformistak.

Elkarrizketa batean esan duzu 50 urtez etenik gabeko entzute ariketa bat izan dela. Zer eskatzen du orain gizarteak? Zein erronka ikusten dituzue?

Geroz eta zailagoa da hori jakitea. Gero eta iraupen motzagokoak dira beharrak. Etengabe adi egotea eta ahalik eta azkarrena izatea da egin behar duguna. Teknologia baten garapenak askotan hilabeteak eskatzen ditu eta agian korporazio handi batek, batez ere arlo teknologikoan, guk baino erraztasun handiagoa izango luke zerbait sortzen. Baina guk badugu zerbait besteek ez dutena: gertutasuna. 

Digitalizazioak erronka batzuk ditu berekin. Erabateko eraldaketa garaian gaude eta bereziki euskarak sekulako erronka du. Teknologiaren heldutasun mailan ondo gaude, baina penetrazioan ez gaude puntan. Administrazioak badu zeregina horretan. Bai fiskalki eta baita arau aldetik ere, enpresa teknologikoei gure hizkuntza erabiltzeko ardura exijitu behar diegu. Herritarrok ere badugu ardura; euskaldun asko ikusten dira, adibidez, euskaraz sortu ez diren itzultzaileak erabiltzen. Kritikoagoak izan behar dugu eta ahalegin bat egin behar dugu. 

Larrialdi klimatikoarekin lotuta dago beste esparru bat. Hausnarketa sakon bat egin behar dugu gure proiektuen inpaktutik hasita. Gero euskara bera dago, 50 urte hauetan euskararen garapena izugarria izan da, baina egiteke dagoena handia da, batez ere lan munduan. Ez dugu lortu euskaraz lan egitea gehiengo batek. Hor ere lege aldetik arauak behar dira hori sustatzeko. Langileok ere ahalmentze ariketa bat egin behar dugu. Euskarak iraunen badu hezkuntzan egin den ahaleginaren parekoa egin behar da lan munduan eta aisialdian. Gizartea euskalduntzeko ahalegin kolektibo handia egin dugu eta lortu beharko genuke gure inbertsio hori ez galtzea. Ikasketa guztiak euskaraz eskaini eta lan munduan sartzerakoan ez badugu horrekin jarraitzea bermatzen, langileei iruzurra egiten ari gara.

“Euskarak iraunen badu hezkuntzan egin den ahaleginaren parekoa egin behar da lan munduan eta aisialdian.”

 

50 urtez euskaraz dibulgatzen, euskaraz komunikatzen… Euskara egunerokoan darabilzue. Izan duzue oztoporik horregatik? 

Oztopoak edozein euskaldunok egunerokoan topatu ditugunon oso antzekoak dira. Ez dut uste beste batzuk baino gehiago sufritu dugunik. Euskaraz lan egiten dugun erakundeok euskarazko etiketa hori daramagu gainean eta ez gaituzte egiten dugunagatik ikusten, batez ere enpresa pribatuetan. 

Nola irudikatzen duzu Elhuyar hemendik beste 50 urtera?

Elhuyar irudikatzen dut gizartearen beharrei erantzuten, gaur den Elhuyarrengandik oso ezberdina. Asmatzen badugu, erakunde sendo eta osasuntsu bat izango da. Gurea bezalako hizkuntza eta kultura txiki batean lan egitea beti da gehigarri bat eta, zoritxarrez, aurrerantzean ere horrela izango da. Lan munduan izugarrizko aldaketak biziko ditugu. Oraindik ez gara jabetzen lan munduan izango den iraultza teknologiko ikaragarriaz; telefono mugikorrek norbanakoengan izan duten iraultzaren bestekoa izango da, lan egiteko moduak eta lanak asko aldatuko dira. Horrek aunitz markatuko gaitu eta eraldaketa horrek izugarrizko eragina izango du harremanetan. Geroz eta gizarte indibidualistagoa dugu eta horretan ez jausteko badaude ahalegin kolektibo aunitz Euskal Herrian. Globalizazioan desberdin egiten gaituzten horiei eusten badiegu, hobeak izango gara. 

Zer eskaintzen dizue Bai Euskarari Ziurtagiriak? Zein arrazoi emango zenuke Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko?

Gure erakundearen sortze helburua euskararen normalizazioa eta sustapena da eta Bai Euskarari Ziurtagiriak laguntzen digu etengabe hobetzeko bide horretan. Egia da guk hasiberri batek baino ahalegin ttikiagoa egin behar dugula, baina badugu guk ere lana egiteko: gure hornitzaile guztiak ez dira euskaldunak eta bezeroak ere ez. Horrek, ondorioz, inertzia batzuk sortzen ditu eta Ziurtagiriak laguntzen digu egunean egoten eta protokoloak berrikusten. Gu baino egoera apalago batean egon daitekeen erakunde batentzat zer esanik ez. Lana antolatzen eta zure buruari betebehar batzuk ezartzen laguntzen du Ziurtagiriak. Bestelako esparru batzuetan lasaitzeko joera dugu eta Bai Euskarari Ziurtagiriak laguntzen du erakundea hobetzen, eta ez bakarrik hizkuntzaren ikuspuntutik; gauzak nola egiten dituzun berrikusten hasten zarenean beti azaltzen dira hobetzeko gauzak.



#BaiEuskarariSariak2022 ekitaldian egindako elkarrizketa:

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin