Lezoko Udalarekin hitzarmena berritu dugu, herriko establezimenduetan euskara sustatzen jarraitzeko

Bai Euskarari Elkarteak eta Lezoko Udalak lankidetza-hitzarmena berritu dute beste urtebetez. Akordio honi esker, herriko arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera indartzeko tresnak garatzen jarraituko dugu, bai eta euskararen aldeko konpromisoa duten entitateak aitortzen eta laguntzen ere.

Gaur goizean aurkeztu dute hitzarmenaren berritzea Iker Salaberria Urkizu Lezoko Udaleko euskara zinegotziak eta Irati Arratibel Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak.

Salaberriak oso balorazio positiboa egin du elkarlanaren inguruan: “Beste urte batez hitzarmena berritzea pozgarria da, izan ere, hitzarmen honi esker urtean zehar euskararen erabilera eta kontzientzia indartzeko ekintzak eta tresnak garatuko ditugu herrian”, aipatu du. Zinegotziak azpimarratu duenez, pauso honek euskararen aldeko apustua egiten duten entitateak laguntzea eta bide horretara berriak erakartzea du helburu.

Bai Euskarari Ziurtagiria, ezinbesteko tresna

Helburu horiek lortzeko, Bai Euskarari Ziurtagiria izango da ardatz nagusia. Ziurtagiria euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren establezimenduak eta entitateak identifikatzeko zein aitortzeko tresna eraginkorra da.

Bide horretan, hiru maila eskaintzen dizkiegu entitateei, euren egoeraren arabera:

  • Euskararen bidean: euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen dituzten enpresak.
  • Zerbitzua euskaraz: bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzen dieten enpresak.
  • Zerbitzua eta lana euskaraz: zerbitzua euskaraz eskaintzeaz gain, euren barne-funtzionamenduan ere lana euskaraz egiten duten enpresak.

Lezoko ziurtagiridunen mapa eta bideoa

Elkarlan honen baitan, Lezoko saltoki eta era guztietako establezimenduetan ebaluazio-prozesua burutu dugu, eta emaitza gisa herriko ziurtagiridunen mapa osatu dugu.

Ebaluazioa, aholkularitza eta urrats berriak

Ekimen hau ez da soilik identifikazio huts batean geratuko. Bai Euskarari Elkartetik, ziurtagiridunekin urteroko ebaluazioak egingo ditugu, jarraipenerako bermeak ezarri eta gure aholkulariekin batera euskararen normalizazio prozesuan pauso berriak emateko oinarriak finkatzeko.

Horrez gain, ziurtagiririk ez duten entitateei ere bisitak egingo dizkiegu ekimenaren berri emateko. Gure asmoa argia da: euskararen normalizazioak Lezoko establezimenduetan ahalik eta garapen handiena izatea.

Egin bat Bai Euskararirekin.

Zure erakundearen hizkuntza-egoera zein den ezagutzen lagunduko dizun auto-diagnostikoa egin dezakezu edo zuzenean Bai Euskarariko aholkulariekin harremanetan jarri: Kontaktua.

Lezon ere, lan eta bizi euskaraz!