‘Elkarrengandik ikasiz’ solasaldien 6. denboraldia

Elkarrengandik Ikasiz solasaldien 6. denboraldiaren grabazioa

Irune Lasa kazetariak aurkeztuta, uztail honetan abiatuko da Elkarrengandik Ikasiz solasaldien seigarren denboraldia. Aurtengo edizioan hiru ardatz nagusi izango dira hausnarketarako oinarri: euskal kulturgintza, lidergotza eredu berriak eta landa eremuaren etorkizuna. Bide horretan, askotariko adituek gaur egungo erronkei, egitura berriei eta etorkizuneko aukerei buruzko gogoeta partekatuko dute. Joan den denboraldian bezala, bideo eta podcast formatuan zabalduko dira solasaldiak.

Landa eremua: uztailaren 13an

Mundu mailako merkataritza dinamikek eta politika ekonomikoek eragin zuzena dute gure baserri eta lurretan. Belaunaldi-erreleboa bermatzeko erronkak, sektorearen errentagarritasuna, eta teknologia nahiz kudeaketa modu berriek dakartzaten aukerak eztabaidatuko dituzte Garikoitz Aiesta Landaolako kide eta Debagaraia Landa Garapen Elkarteko teknikariak eta Josu Etxaniz Gune Baserritar Elkarteko koordinatzaile eta ingeniari agronomoak.

Lidergotza berriak: uztailaren 20an

Lidergoaren kontzeptu klasikoetatik harago, egungo garai nahasiek eskatzen dituzten eredu berrietan jarriko dute fokua solaskideek. Lidergoa ikuspegi kolektibotik nola landu eta giza ikuspegi zabalarekin lantaldeak nola ahaldun daitezkeen aztertuko dute Aran Erasun Haragoko Komunikazio eta Lidergo aholkulariak, Idoia Gil Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Maite Zaitegi Fabrikako ikerlari eta fazilitatzaileak.

Kulturgintza eta euskara: uztailaren 27an

Euskara eta kulturaren arteko ezkontzak zein osasun duen aztertuko dute solasaldi honetan. Mundu globalizatu eta hiperkonektatu batean euskarazko kultura nola indartu, euskal sortzaileek nazioartean duten harrera eta belaunaldi berrien lekua izango dituzte hizpide Leire Vargas idazle eta itzultzaileak, Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak.