
Bai Euskarari Elkarteak antolatuta, Orona Ideon egin zen atzo, urriak 21, Enpresarean Azokaren 2026ko edizioa. Jardunaldiak pisu handiko gaiak izan zituen ardatz: komunikazio korporatiboa, markagintzaren konplexutasuna eta aro digitaleko informazio-kaosa. Horrez gain, euskara merkatuan balio erantsi eta nortasun bereizgarri gisa kokatzeko beharra aldarrikatu zen.
Goiza oparoa izan zen: Estitxu Garairen hitzaldiarekin hasi, benetako kasu praktikoak ezagutu, eta etorkizuneko komunikazio digitalari buruzko mahai-inguruarekin borobildu zen. Hona hemen hizlari bakoitzak utzitako hausnarketa nagusiak:
Markagintzaren balio zientifikoa
Estitxu Garaik ireki zuen saioa, zintzotasun handiz, bere ibilbide profesionaleko “traumak” partekatuz. Batez ere, bi arazo jarri zituen mahai gainean: batetik, enpresek komunikazioari ematen dioten garrantzi eskasa; eta bestetik, unibertsitateko ikasleei markagintzaren konplexutasuna ulertarazteko zailtasuna.

Garaik garbi esan zuen marka bat sortzea logotipo bat diseinatzea baino askoz gehiago dela. Haren iritziz, komunikazioak eta markagintzak oinarri zientifiko eta enpirikoak behar dituzte (Keller-en eredua, esaterako). Gainera, hizkuntza-plangintza ezin dela azken orduko adabaki bat izan azpimarratu zuen; aitzitik, agentzien oinarrizko lan-tresna izan behar du, enpresa txiki zein handien beharrei erantzuteko.
Sormenari dagokionez, mezuak hasieratik hizkuntza anitzetan pentsatu behar direla nabarmendu zuen. “Gaztelaniazkoa euskarara itzultze hutsak sormena eta freskotasuna hiltzen ditu”, ohartarazi zuen. Euskarari lotutako betiko iruditeria (baserria edota erregistro formalegiak) atzean utzi, eta teknologia nahiz enpresa munduan bete-betean txertatzeko deia egin zuen. Adibide gisa, EHU marka bakarra erabiltzea erabaki ausarta eta nazioartean erakargarria dela aipatu zuen.
Lehen solasaldia: markagintza, elkarlana eta nazioartekotzea
Garairen hitzaldiaren lekukoa hartuz, markagintzari buruzko mahai-ingurua egin zen Elena Velasco (The Niu), Josu Bergara (Burutü) eta Arrate Serranorekin (Orkli).

Bergarak marka eraikitzea epe luzeko karrera dela gogorarazi zuen, eta nekazaritzarekin alderatu zuen prozesua: “Lurra prestatu, erein, zaindu eta denbora eman behar zaio markari”. Hori bai, betiere erakundea barrutik landuta.
Nazioartekotzearen eta industriaren ikuspegitik, Serranok argi utzi zuen euskara ez dela inolako oztopoa merkatu globalean; aitzitik, jatorria eta izaera propioa aldarrikatzeko bereizgarri indartsua da. Orkliren kasua jarri zuen adibidetzat: bertan, euskara da barne-komunikazioaren eta kudeaketaren ardatza, eta, era berean, primeran asmatu dute kanpoko merkatuetako hizkuntza- eta kultura-beharretara egokitzen.
Elena Velascok, berriz, agentzien arteko elkarlanaren garrantziaz hitz egin zuen Markalariak ekimena hizpide hartuta. Haren hitzetan, sormen eleaniztuna funtsezkoa da euskara bertako zein nazioarteko merkatuetan balio erantsi gisa kokatzeko.
Kasu praktikoak: teoriatik errealitatera
Teoriatik haratago, birmarkatze- eta komunikazio-prozesu errealek leku berezia izan zuten jardunaldian:

- Ane Elordi (Korrika): 25. Korrikaren atzean dagoen komunikazio-eredu berezia aletu zuen. Bereziki, bost hilabetez tantaka egindako kanpaina nabarmendu zuen, mezuak ondo dosifikatuz atxikimenduari nola eutsi dioten erakusteko.
- Izarne Olano (Gureak Datapost): Enpresen berregituratze-prozesu baten adibidea ekarri zuen. Gureak Datapost-erako trantsizioan, marka birpentsatzeak barne- zein kanpo-komunikazioan eragindako erronkak azaldu zituen.
- Jon Pedrazo (Salto Wecosystem): Egitura konplexu bati zentzua emateko, aterki-marka berri baten sorrera nola bideratu duten azaldu zuen, marka ezberdinak koherentziaz kudeatzeko giltzak emanez.
- Nuria Agirre (Laboral Kutxa): Zentzua proiektua aurkeztu zuen. Azpimarratu zuen ezinbestekoa dela barne-kohesioa, entzute aktiboa eta nortasun partekatua lantzea, erakundearen balioetatik abiatuta kanpora begira komunikazio sinesgarri eta koherentea eraikitzeko.

Etorkizuneko erronkak
Jardunaldiaren bigarren zatia komunikazio digitalak, algoritmoek eta euskarak etorkizunera begira dituzten erronkei eskaini zitzaien.

Katerin Blaskok (Tabakalera) sare sozialen algoritmoen abiadura zoroak sormenari eta arreta sakonari nola kalte egiten dien salatu zuen. Erregulazio etikoa eskatu zuen, eta sortzaileentzako denbora zein espazio babestuak aldarrikatu zituen, kanpotik datozen joerak itsu-itsuan jarraitu beharrean, ikuspegi kritikoz egokitzeko.
Miren Berasategik (Deustuko Unibertsitatea) egia-ostea eta narratiba propioa izan zituen hizpide. Desinformazioaren eta sareetako azpiegituren interes ezkutuen arriskuaz ohartarazi zuen. Halaber, gogorarazi zuen euskara ez dela itzulpen-tresna hutsa; gure errealitatea gure ikuspegitik kontatzeko eta ekosistema digital propioa sortzeko marko ezinbestekoa baizik.
Xabi Igoak (Mondragon Unibertsitatea) humanizazioari eta koherentziari eutsi zien. Infoxikazioaren (informazio-gainkargaren) aurrean, epe luzeko koherentzia, kode deontologikoak eta edukiak benetan humanizatzea ezinbestekotzat jo zituen. Euskarazko komunikazioan konplexuak astindu eta hartzailearekin konexio emozionala lortzeko ausardia eskatu zuen.
Ideia berritzaileak
Goiza amaitzeko, ideia berritzaileek hartu zuten oholtza Arin-arin lehiaketarekin. Hitzesku proiektuak eraman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako 2.000 euroko saria, pertsona gorren komunikazio-zailtasunei aurre egiteko gailu bat diseinatzeagatik. Zorionak Uxue Artuzamonoa eta Paula Errastiri!

Eta ekitaldiari amaiera ezin hobea emateko, Make it visual taldearen eskutik, goiz osoko laburpen grafiko bikainaz gozatzeko aukera izan zen.
