
Bai Euskarari Elkarteak lan munduan eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko bidean urratsak ematen jarraitzen du. Udalerriekin eta tokiko erakundeekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da elkartearentzat, hori baita herritarren eguneroko bizitzan hizkuntzaren presentzia errotzeko modurik eraginkorrena.
Euskararen aldeko dinamika partekatu horri bultzada berri bat emanez, Bai Euskarari Elkarteak eta Astigarragako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Lankidetza horren barruan, merkataritza eta zerbitzu-establezimenduek diru-laguntza jasoko dute Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko metodologiarekin bat egiteagatik.
Helburu nagusia da Astigarragako merkataritza eta zerbitzu-establezimenduen artean Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena egitea, saltokiei euskara egunerokoan txertatzeko erraztasunak eta aholkularitza eskainiz.
Hori gauzatzeko, ekainaren 1etik aurrera aholkulari bat ibiliko da herriko saltokietan. Haren zeregina izango da komertzioz komertzio joatea, ziurtagiriaren abantailen berri ematea, prozesuaren nondik norakoak azaltzea eta euskararen bidean pausoak eman nahi dituztenei bidelaguntza eskaintzea.
Eskuratu Bai Euskarari Ziurtagiria
Zure komertzioan edo entitatean bultzada bat eman nahi diozu euskarari? Oso erraza da!
- Auto-diagnostikoa bete edo gurekin harremanetan jarri info@baieuskarari.eus helbidean.
- Ordu eta erdi baino gutxiagoan zure enpresaren euskararen diagnostikoa eginda izango dugu.
- Zure jardunean euskararen erabilera areagotzeko urteko helburuak zehazten lagunduko dizugu.
- Euskaraz eroso lan egiteko baliabideak eskainiko dizkizugu.
- Zure entitateak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko diru-laguntza jasoko duzu.
10 aholku
Hemen dituzu 10 proposamen zure enpresan euskara gehiago erabiltzeko.
