Bai Euskarari Ziurtagiria, elkarlanaren emaitza

_MG_3016.jpg

Bai Euskarari Ziurtagiriak bere 7. urtebetetzea ospatu du Donostiako Kursaal auditorioan izandako urteko ekitaldi nagusian. Ekitaldi berezia izan da, batik bat Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketaren lekukoa hartu duelako.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2000 urteko ekainaren 13an abian jarritako proiektuak bere bidea egiten jarraituko du. "2007 urte honetan proiektua sendotzeko eta partekatzeko urrats bat eman dugu, Ziurtagiriaren Elkartearen bitartez", adierazi zuen 2007-6-14ko ekitaldian Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.

1.500 ziurtagiri

Urteko ekitaldiko protagonistak, ordea, Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitateak izan ziren. Kontseiluak Ziurtagiria eskuratu duen enpresa kopuruaren hazkuntza nabarmendu du. "Orain dela bi urteko ekitaldian, kopurua bikoiztuko genuela agindu genuen, eta hitza bete egin dugu".

Entitateen ahalegina aitortzeko, Kontseilua eta Ziurtagiriaren Elkarteko arduradunek Jorge Oteizaren artelan bat banatu diete. Bai Euskarari Ziurtagiria dutenen izenean hiru enpresatako ordezkariek hitz egin zuten. SAM enpresako euskara planaren koordinatzailea den Arantza Jauregik enpresak euskararen presentzia sustatzeko egiten ari diren ahalegina nabarmendu zuen. Bestetik, ARLANeko zuzendari orokorrak, Jose Landaluzek, enpresak "zerbitzua euskaraz" eskaintzeko emandako pausoak azaldu zituen. Era berean, BATZeko hobekuntza arduraduna den Karmelo Uriartek lana eta zerbitzua euskaraz egiteko nahia eta beharra azpimarratu zituen.

Lekuko aldaketa

Ekitaldian Kontseiluko idazkari nagusiak Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria den Rober Gutiérrezi lekukoa pasatu zion, ekintza sinboliko baten bidez. Xabier Mendigurenek zuzenean Rober Gutiérrezi proiektuaren ardura eman zion eta bien artean Bai Euskarari Ziurtagiriaren irudi berria aurkeztu zieten ekitaldira joan ziren arlo sozioekonomiko guztietako ordezkariei.

Elkarlanean eta kalitatean urrats bat da zabaldutako leloa. "Elkarlanean urrats bat denon artean hobetu eta sendotuko dugulako Bai Euskarari Ziurtagiria, eta kalitatean Ziurtagiria lan munduaren euskalduntzean eragiteko tresna eraginkorra delako, etengabe hobetzen ari dena", zehaztu zuen Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak.

Era berean, Rober Gutiérrezek azaldu zuen elkarlana izan dela proiektu honen oinarria sorreratik beretik. "Hasieratik izan gara harremanetan hainbat eragilerekin, beren ekarpenak etengabe jaso ditugu; orain, berriz, urrats bat gehiago egin dugu". Bestetik, gogorarazi zuen entitateen euskalduntzean, urratsez urrats eta era planifikatu batean eragiteko tresna dela Ziurtagiria.

Partekatutako proiektua

Ziurtagiriaren Elkartearen bidez proiektua partekatuko da hainbat eragilerekin. Izan ere, hiru bazkide motak osatzen dute Elkartea: bazkide babesleak, erabiltzaileak eta laguntzaileak.

Bazkide babesleak, Kontseilua osatzen duten kideak dira. Bazkide erabiltzaileak Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu eta erabiltzen duten entitateak dira; une honetan, 1.500 entitate. Azkenik, bazkide laguntzaileen multzoan ziurtagiriaren sustapenean elkarlanean aritu nahi duen edozein entitate izan daiteke, esate baterako: sindikatuak, enpresa eta kooperatiba-elkarteak, finantza-entitateak, garapen-agentziak, merkataritza-ganbarak, administrazioak...

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu hau bezalako proiektuak lantzen segitzeko eta zuei eskaintzeko.

Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragiten ari da, Euskal Herri osoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara denon eskura jartzen: Lansarean lan-ataria, Enpresarean, Euskaragileak, Elkarrengandik Ikasiz solasaldiak, etab.

Bai Euskarari ziurtagiria duten komunitateko entitateen ekarpenari esker, batez ere, bideragarria da gure proiektua. Zuk ere babestu dezakezu gure proiektua Bai Euskarari Laguna eginez.

Gainera, Bai Euskarari Elkarteak lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik eta, ondorioz, zerga onurak ezarriko zaizkizu egindako ekarpenarengatik (enpresentzako kenkaria, % 18koa; norbanakoentzat. % 30ekoa).

 

Izan zaitez Bai Euskarari Laguna


Iruzkina egin